Fruituak ematen hasi da

Alex Berenguer Athleticeko golegilerik onena da Ligan, sei gol sartuta. Marcelinok hegalez aldatu du hamaikakoan lekua izan dezan, eta erdilaria bikain erantzuten ari da.

Alex Berenguer, behatza igota, Cadizi sartutako goletako bat ospatzen, Unai Nuñez atzetik datorrela. ATHLETIC.
haritz gallastegi
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Alex Berenguerrentzat (Iruñea, 1995) emankorra izan da oso azken astea. Hegalekoak hiru gol sartu ditu azken bi partidetan. Gol horiek Athleticek lau puntu eskuratzen lagundu dute; eta, bide batez, Ligako sailkapenaren erdialdean egonkortzeko balio izan diote talde zuri-gorriari. Athleticek eskertu du Berenguerrek erakutsitako gol senak, eta jokalariari ere ondo etorriko zaio klubak bere alde egin zuen apustua balekoa dela baieztatzeko.

Berenguer taldearen maila hobetzeko eta erasoan zegoen gol faltari aurre egiteko fitxatu zuen Ibaiganek. Bada, bere aldeko apustua egin zuten teknikariek ez daukate damututa egoteko arrazoirik. Nafarra ez da izar bat. Ez da taldearen norabidea aldatzeko gaitasuna duen futbolaria. Iker Muniainek, Iñaki Williamsek eta Raul Garciak dute horretarako ardura eta eskarmentua.

Baina Athletic lehiakorragoa izan dadin laguntzen ari da. «Athleticen ez da erraza hamaikakoan lekua izatea, eta ordezkaezina ez bada ere, maila onean ari da. Jokoan eta golak sartzerakoan taldeari asko eman dio. Hobetu egin du taldea. Jokalariari eskatu ahal zaiona ematen ari da», adierazi dio BERRIAri Xabi Eskurza Athleticeko erdilari ohiak.

Berenguer taldeko golegilerik onena da azken bi partidetan sartutako hiru golei esker. Ligan sei gol sartu ditu, Raul Garciak, Williamsek, Villalibrek eta Muniainek baino gehiago. Zuri-gorririk eraginkorrena da ate aurrean. Hogei partidatan sei gol sartzea ondo dago. Hegaleko jokalari batentzat ondo baino hobeto. Batez beste, Osasunan eta Torinon baino gol gehiago ari da sartzen. «Ezin zaio askoz gehiago eskatu. Golak egin edo ez, aurkariaren ate ingurura sarri iristen den futbolaria da».

Berenguerrek denbora gutxi behar izan du bere gaitasunak erakusteko. Elastiko zuri-gorriarekin jokatu zuen lehen partidan gola egin zuen. Orduan zelai erdiaren ezker hegaletik aritu zen. Eskuina izan arren, ezkerrean nabarmendu da gehien Berenguer. Baina Marcelinok hegalez aldatu du. Eskuinetik ere maila ona eman dezakeela uste du teknikariak. Jokalaria gai dela konbentzitu guran ari da. Eta badirudi lortzen ari dela. Gol senak eta defentsan laguntzeko duen gaitasunak postu berrira egokitzen lagunduko dio. «Hegal batean aritu edo bestean jokatu aldea dago, baina egungo futbolariak oso ondo prestatuak daude: azkarrak dira, indartsuak, teknikoki onak... Hori bai, jokalariak egokitu egin behar du», adierazi du Eskurzak, «Baloia jasotzeko orduan, aurkariaren bila abiatzeko unean, jaurtitzeko orduan... Dena aldatzen da hegal batetik bestera pasatzean. Baina Berenguer ondo ari da moldatzen. Lanerako gaitasun handia du, eta horrek lagundu egingo dio postu ezberdinetan maila ona ematen», gaineratu du eskuin hegaleko ohiak.

Hasierako zalantzak

Berenguer Athleticentzat baliagarria izango zela inork gutxik jarri du zalantzan. Baina klubak nafarra fitxatzeko egin behar izan zuen ahalegin ekonomikoak zeresana eman du. Athleticek hamabi milioi euro inguru ordaindu zizkion Torinori Berenguer fitxatzeko. Fitxaketaren aldekoek eman beharreko pausoa zela defendatu dute. Beste batzuk, berriz, ez duela ordaindutakoa balio uste dute.

Klub zuri-gorrian sarri ematen den eztabaida da. Bai futbolariek kontratuak sinatzerakoan, baitabeste klubek Athleticen eskaintzak jasotzerakoan ere. Berenguerren fitxaketa ez da salbuespena izan. Oraingoz, nafarrari ez zaio zama hori nabaritu. «Jokalariei ez die mesederik egiten haiek fitxatzeagatik ordaindu den dirutzaren gaineko eztabaidak. Presioa areagotzen die. Ordaindutako diru kopuruaren eta ematen duten mailaren arteko alderaketa egiteak ez du laguntzen. Berenguerren kasuan, klubak premia ikusi zuen, eta jokalaria erantzuten ari da».

Bestalde, Athleticek jokalariak fitxatzeko egindako inbertsioaren pareko eztabaida sortzen du, kanpotik ekarritako futbolariek ez ote dieten etxekoei ateak ixten. Jakinekoa da egungo futbolean ezinezkoa dela etxekoekin soilik lehiatzea. Baina ezberdin jarduteko apustuak pazientzia eskatzen du, eta egungo futbolean ez dago. Eskurzaren esanetan, talde zuri-gorriaren inguruan ere ez. «Futbolean epe laburrera begiratzen da. Athleticen ere horrela da. Emaitzek laguntzen ez dutenean, taldea indartzeko eskatzen diogu zuzendaritzari. Gure sasoian harrobiaren aldeko apustua egin zuten, eta ondo atera zen. Egun Jon Morcillo da adibiderik argiena. Oso maila onean aritu da, baina Berenguerren fitxaketak bigarren mailan utzi du. Kanpotik ekartzen dena jarri egin behar da. Harrobiaren aldeko apustua eta emaitzak lortzeko premiaren arteko oreka lortzea oso zaila da. Irabazi beharrak sortzen duen antsietateak harro sentiarazten gaituen filosofiaren kontra doa. Etxeko jokalari gazteak ez du berehalako errendimendua ematen. Akatsak egiteko aukera eman behar zaio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.