Italiako ezkerreko zazpi ekintzaile ohi atxilotu dituzte Frantzian

Brigada Gorriak talde armatuko kide izandakoak dira gehienak. Frantziako Gobernuak aurrekari bat ezarri du, orain arte entzungor egin izan baitie Italiaren estradizio eskariei

Marina Petrella Brigada Gorrietako kide ohiaren aldeko protesta bat, 2008an, Parisen. LUCAS DOLEGA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Italiak terrorismo delituengatik 1970eko eta 1980ko hamarkadetan epaitutako zazpi lagun atxilotu zituen atzo goizean Poliziak, Parisen, Eliseoak jakinarazi zuenez, Italiako agintariekin batera koordinatutako operazio batean. Brigada Gorriak taldeko kide ohiak dira horietako bost: Enzo Calvitti, Giovanni Alimonti, Roberta Cappelli, Marina Petrella eta Sergio Tornaghi. Haiekin batera, beste bi taldetan ibilitako kide bana dago: Giorgio Pietrostefani Lotta Continua taldearen fundatzaile eta kide ohia eta Narciso Manenti NAR Nukleo Armatu Iraultzaileko militante izandakoa. Beste hiru lagunen bila ere ari da Polizia, Eliseoak jakinarazi zuenez.

Italiak ezkerreko 200 aktibista ohiren estradizioa eskatua du, baina, Frantziako presidentetzaren arabera, «delitu larrienak dituztenak» atxiki zituzten atzo, «aldebiko prestaketa lan garrantzitsuari esker». Hamar lagun atxilotzen ahalegindu zen Polizia, eta Parisek azaldu zuen guztiak Mitterrand doktrinak ezarritakoaren barruan sartzen direla.

François Mitterrand Frantziako presidente ohiak 1985ean hartutako konpromisoari deitzen zaio Mitterrand doktrina. Frantziara ihes egindako ezkerreko aktibistak Italiara ez itzularazteko konpromisoa hartu zuen presidente ohiak, baina odolezko delituengatik zigortutakoak salbuetsi egin zituen neurri horretatik.

Berunezko urteak esan ohi zaion garaiaren ondoren, Frantzian hartu zuten aterpe Italiako ezkerreko aktibista ugarik. Egoera politikoa ezegonkorra zen urte haietan Italian, eta, testuinguru hartan, ugaritu egin ziren eskuineko eta ezkerreko talde armatuen erasoak. Italiako justiziak zabalik ditu Frantzian erbesteratutako aktibista askoren aurkako auziak, eta urteetan eskatu izan dio Frantziari haiek itzularazteko. Orain arte, Parisek uko egin izan dio ia beti. Duela hogei urte, Frantziako Gobernuak gai horren inguruko elkarrizketak hasi zituen Italiakoarekin, eta, ordutik, estradizio eskariak modu indibidualean aztertzen dituzte auzitegiek.

Corriere della Sera Italiako egunkariak Frantziako eta Italiako Justizia ministroen bilera batekin lotu zituen atzoko atxiloketak; iragan apirilaren 9an egin zuten, informazio horren arabera, eta bertan Marta Cartabia Italiako Atzerri ministroak estradizioak gauzatzeko eskatu zuen, formalki, delituak preskribatu aurretik. «Presidenteak auzi hau konpondu nahi zuen, Italiak azken urteetan eskatu izan duen moduan», azaldu zuen Eliseoak atzo.

Jean Luc Melenchon Frantziako Asanbleako diputatu eta Frantzia Intsumisoa alderdiko buruak, berriz, ohartarazi zuen errefuxiatu italiarren auzian gobernuak posizioa aldatu izana «etorkizunerako gauza txarra» dela. «Ezker eta eskuin muturreko atentatu zikloa gelditzeko, akusatuen asiloa onartu zuen Frantziak, bakearen truke. Ordutik, ezkerreko eta eskuineko gobernu guztiek ukatu dituzte kanporatzeak. Macronekin, Frantziak hitza jan du», salatu zuen.

Italiako Gobernuak, espero zen moduan, atxiloketak txalotu zituen: «Operazio ikusgarria izan da; agintari frantziarren eta italiarren kolaborazioarekin egin da, eta Parisko gure enbaxadako segurtasun adituak parte hartu du», esan zuen Luigi di Maio Atzerri ministroak, sare sozialen bidez. Mario Draghi lehen ministroak «poza» agertu zuen, «Italiak eskatutako auzibide judizialei ekiteko Frantziak hartutako erabakiarengatik».

Datozen orduetan, zazpi atxilotuek Parisko Dei Auzitegiko fiskaltzaren aurrean aurkeztu beharko dute beren burua, eta epaileak erabaki beharko du Italiako auzitegien estradizio agindua onartzen duen ala ez.

Bizitza publikoa 40 urtez

Irene Terrel atzemandako zazpi lagunetatik bosten abokatua da, eta gogor gaitzetsi zuen polizia operazioa. «Frantziaren traizio izugarria» dela esan zion AFP berri agentziari: «Suminduta nago, eta ez daukat hitzik operazio hau deskribatzeko; sarekada moduko bat izan da», adierazi zuen. Gainera, salatu zuen Mitterrandek bere garaian hartutako erabakiak ez zuela baldintzatzen atxilotutakoen egoera, Frantziako Gobernuak asiloa emana ziela: «1980ko hamarkadatik, pertsona hauek Frantziaren babespean izan dira; beren bizitza eraiki dute; bizitza publikoa egiten dute; seme-alabak eta ilobak dituzte... Eta gertakarietatik 40 urtera etorri dira, goizaldean, haien bila?». Terrelek aurreratu zuen helegitea jarriko diela estradizio eskariei. «Krudela da, eta ez da onargarria zuzenbidean», erantsi du

Atxilotuetako beste baten abokatu Jean-Louis Chalansetek ere irmoki salatu zuen operazioa, eta esan zuen «ulertezina» dela: «Estatuak hitzeman zuen ez zela estradiziorik egongo, italiarrek etengabe eskatu arren. Orduan, zergatik norabide aldaketa hau?».

Atxikitakoen artean dago Marina Petrella ere: Italiak bizi guztiko zigorra ezarri zion, baina Frantziak asilo politikoa emana dio. Auzitegiek Petrella estraditatzeko Italiaren eskaera onartu zuten 2008an, baina Nicolas Sarkozy presidente ohia erabakiaren aurka agertu zen, Petrellaren osasun egoera zaurgarria zela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.