Piramidea, berriz ere oinarrian

Eibarrek mailari eusteko lehian egin ditu Lehen Mailan igaro dituen urterik gehienak; amore eman du zazpigarren sasoian. Hasieran gora egin zuen bezala beheratu da, koskaz koska

Bryan Gil lurrean, burumakur, Betisen aurkako partidan, aurreko ostegunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Eibarri amaitu zaio Lehen Mailako ibilia, behin-behinean bada ere. Armaginek akabera eman diote 2014ko abuztuan hasitako bideari, eta hutsetik hasitako aldia hutsera itzuli da berriz. Zazpi urteko ibilian, piramide formako ibilia egin du: lehen lau urteetan koskaz koska igo zen sailkapenean, beti aurreko urtekoa hobetuz. 2017-2018ko sasoian gailurra jo ondotik hasi zuen beheratzea.

Goraka nola, halaxe egin du beheraka: koskaz koska, aurreko sasoikoa berdindu ezinda. Eibar hala itzuli da piramidearen oinarrira. Hori bai, bidean esperientzia baliotsua pilatu du, eta hura baliatu nahi du luza gabe goratzeko.

2014-2015
Nola hala, baina iraun


Eibarren historian leku berezia duen sasoia izan zen 2014-2015ekoa. Hilabete batzuk lehenago igotzea lortu ondotik, Eibar lehen mailan aritu zen. Lorpena ondu zuen multzoaren gehiena mantenduta, garaipen batekin hasitako denboraldia korapilatu egin zitzaion, eta bideak laburra izateko traza hartu zuen azken jardunaldietan.

Lehen itzulia zortzigarren amaitu ostean, bigarrenean beherakada handia pairatu zuen Eibarrek, eta 18. postuan amaitu zuen sasoia. Hasiera batean mailaz jaitsi bazen ere, Elx jaitsarazi zuten, diru zorrak kitatu ezinik zelako. Horrek salbatu zuen Eibar, baina, Gaizka Garitano teknikariak, aurrez emandako hitza bete, eta taldea utzi zuen. Deriokoa (Bizkaia) izan zen taldea 2.B Mailatik lehenengora igo zuena. Lehen Mailan, aro laburra egin zuen Ipuruako aulkian.

2015-2016
Mendilibar, gidari berria


Lehen aldian estu arituta, Eibarrek errealitate gordinarekin egin zuen topo: irautekotan, taldea eta egitura indartu beharra zuen. Garitanoren erabakiak behartuta, entrenatzaile postuan izan zen berritasun nagusia: aurrerantzean, Jose Luis Mendilibarrek gidatuko zuen taldea. Prestatzaile bizkaitarrak lehendik ezagutzen zuen kluba, eta izana zen eibartarren teknikari. Haren eskutik ia lortu zuten igotzea, 2004-2005eko sasoian. Aldi berrian, jada onenen artean zegoen talde bat hartzea egokitu zitzaion.

Ondo moldatu zen. Eibarrek sasoi hobea egin zuen, eta hamahirugarren postuan amaitu zuen. Hobekuntza horretan eragin nabarmena izan zuten klubak fitxatutako jokalariek. Gerora izen garrantzitsu izandako Kike Garcia, Sergi Enrich, Takashi Inui, Jota Peleteiro eta enparauak heldu ziren Ipuruara, eta esperientzia handiko jokalariak ere batu zituen. Jon Ansotegi, kasurako.

2016-2017
Egonkortzeko urratsa


Eibar gozo aritu zen bolada batez. Armaginek neurria hartu zioten mailari, eta proiektua egonkortu egin zen. Gainera, klubean egindako zenbait egokitzapenek bat egin zuten taldearen garai onarekin. Amaia Gorostizak 2016an hartu zuen presidente kargua, Alex Aranzabalen ordez, eta zuzendaritza batzorde berriak berritasun printzak gehitu zizkion klubari. Zelaian islatu zen hori. Mendilibarrek beren-beregi prestatutako sasoia izan zen, larritasunaren presarik ez baitzuen izan Zaldibarkoak. Sailkapena izan zen horren lekuko. Eibarrek hamargarren postua eskuratu zuen sasoi amaieran. Urdinez eta granaz janzten direnena kasualitatea ez baizik kausalitatea zela frogatu zuten.

Fran Garagarzak zuzendutako idazkaritza teknikoaren lana agerian geratu zen, taldeak sailkapenaren erdi-erdian amaitu baitzuen. Proiektua gorabidean zegoen, eta Lehen Mailan inoiz bildu duen puntu gehien eskuratu zuen sasoi hartan: 51.

2017-2018
Koskarik gorenean


Eibarrek urtebete geroago iritsi zuen bere ibilbideko gailurra. Bederatzigarren postua eskuratu zuen sailkapenean, inoizko onena. Europan jokatzeko postuetatik gertu egon zen makina bat aldiz. Zazpigarren postuan egin zituen bost jardunaldi, baina, 29. jardunalditik aurrera, beherakada izan zuen, eta, azken partidetan suspertuta berriz gerturatu bazen ere, ez zuen nahikoa izan.

Lan koralak ekarri zuen inoizko posturik onena. Izar distiratsuak bainoago, multzoa zen armaginen indargunea. Horren adibide da golen banaketa; zortzina egin zituzten Charles Diasek eta Kike Garciak, sei Joan Jordanek, eta bost Takashi Inuik.

2018-2019
Oraindik ere, eroso


Lehengo urteko distirarik gabe, baina sendo aritu zen Eibar. Jaitsieraren mamuari begi batez begiratzeari utzi zion. Mendilibarrek neurria hartu zion taldeari; estutu behar zenean, estutu, eta sufritzeari ere, beldurrik ez.

Halere, patxadaz gainditu zuen sasoia. Hamabigarren amaitu zuen, eta barealdiak iraun egiten zuen. Sailkapenean bere lekua aurkitu zuela zirudien. Ez zegoen alarma pizteko premiarik.

2019-2020
Akitze zantzuak


Hurrengo sasoian, ordea, neke apur bat nabaritu zitzaion taldeari. Astundu egin zen Eibar. Ordura arte taldean erreferente izandako zenbait jokalari adinean sartzen hasi ziren, eta taldeak nabaritu egin zuen hori: freskotasuna galdu zuen. Eibarrek 14. amaitu zuen, baina larriago aritu zen. Partida gehiago galdu zituen: hemezortzi, ia jardunaldien erdiak, alegia. Aurten, hogei galduko ditu gehienera. Mendilibarrek bere aroa amaitzear zela iradoki zuen, baina beste urtebetez segitu zuen.

2020-2021
Dena aldrebes atera zaio


Beheraldi geldoak abiadura hartu, eta sailkapenaren zuloan egon da Eibar. Denboraldi txarra egin du, dena gaizki atera zaio, eta jaitsierarekin ordaindu du. Kamuts aritu da, eta azkenerako, mailari eustea desioa zen gehiago, errealitatea baino. Ahal bezainbeste luzatu du ametsa, borrokatu da, sintomak aurrez agertu ziren: artean salbatzeko aukera bazuela, Mendilibarrek segitzea ia ezinezkotzat jotzen zen, Garagarzarena ere iragarri zen, eta zenbait jokalariren irteerak aipatu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.