Abizenaren zama

Danimarka eta Gales ariko dira gaur Eurokopako kanporaketan. Kasper Schmeichel da danimarkarren atezaina. Maila gorenean erabat sendotuta egon arren, aitarekin alderatzen dute une oro.

Kasper Schmeichel Danimarkako selekzioko atezaina, Errusiaren aurkako partidan. STUART FRANKLIN / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Futbolaren mito baten semea izateak ez du esan nahi haren lorpenak berdinduko dituzunik. Beste bat gehiago zara, baina mingarriena da ez zaituztela beste bat bezala ikusten». Jordi Cruyffenak dira hitzak. Johan Cruyffen semea izateaz ari da, inoizko futbolari onenetariko baten semea izateak dakarren zamaz. Barru-barrutik ari da, aitaren abizena pisu handia izan den seinale.

Kasper Schmeichelek (Kopenhage, 1986) hitzez hitz sinatuko luke Jordi Cruyffek esandakoa. Badaki zer den aitaren ospearen itzalpean egon behar izatea. Peter Schmeichel da haren aita, historiako atezainik onenetako bat. Ia hogei urteko ibilbide oparoa osatu zuen, horietatik erdia Manchester Uniteden. Besteak beste, bost aldiz irabazi zuen Ingalaterrako Liga, eta behin Txapeldunen Liga. Danimarkako selekzioarekin, berriz, 1992ko Eurokopa eskuratu zuen. Horri guztiari esker, Europako Federazioak lau urtetan aukeratu zuen urteko atezainik onena.

Horrenbeste distirarekin, zaila da ez egotea haren itzalpean. «Jaio nintzenetik jendea nire bizitzan sartu da. Beste jokalariek ohiko bizitza dute 18 urte izan arte. Nik ez. 8 urterekin, jokatzen nuenean jada jendea entzuten nuen nire atzean txutxu-mutxuka: 'Peter Schmeichelen semea da'», aitortu du.

Halakoak zailak badira eramaten, zer esanik ez atezainaren bakardadean: denbora asko dago buruari bueltak emateko. Horregatik, nahi baino gehiago kostatu zitzaion atean sendotzea. 15 urterekin, haren aitaren azken taldearekin sinatu zuen, Manchester Cityrekin. Baina lehen sasoiak utzita egin zituen: Darlingtonen, Buryn, Falkirken, Cardiff Cityn, eta Coventry Cityn. Lau urtean zortzi partida baino ez zituen jokatu Cityrekin. Hala, 2009an, aurretik Cityrako fitxatu zuen Sven Goran Eriksson entrenatzaile suediarrak Notts Countryra eraman zuen. Han hasi zen goraka egiten. Urtebete eskas iraun zuen bertan. Leeds Unitedera joan zen. Beste sasoi bat egin zuen han, eta berriz egin zuen maleta, Leicester Cityn jokatzeko. Eriksonek deitu zuen berriz ere. Ordurako jada debuta egina zuen selekzioarekin.

2014an igo zen maila nagusira Leicester, eta gutxigatik ez zen jaitsi hurrengo urtean, 2015ean. Baina inork espero ez zuenean, miraria egin zuen Leicesterrek. Claudio Ranieri italiarraren aginduetara, ametsetako sasoia egin zuen. Talde ahaltsu guztiak gainditu, eta liga irabazi zuen lehen aldiz. Talde osoak bezala, sekulako denboraldia egin zuen Schmeichelek ere.

Aita ere, nazkatuta

Bost urte joan dira ordutik, eta Leicester eta Schmeichel erabat sendotuta daude Ingalaterrako maila nagusian. Atezainak, gainera, bere egin du selekzioaren atea: 68 partida jokatu ditu. Bat gogoratzen du bereziki: 2018ko Errusiako Munduko Kopan Kroaziaren aurka jokatutako final-zortzirenetakoa. Hiru penalti gelditu zizkion Kroaziari: bat, luzapenean, 116. minutuan; eta beste biak, penalti jaurtiketetan. Hark, ordea, ez du oroitzapen onik, Danimarka kalera joan baitzen.

Baina berdin dio Europako atezain onenetako bat izateak; ezin du gainetik kendu abizenaren zama: «Sinadura bat eskatzen didatenean, askotan esaten didate nire aita ni baino hobea zela. Lehen, pasatzen uzten nuen, baina, orain, aita naizela, ez». Minduta nabari da: «Ez dakit zergatik, baina jendeak inoiz baino interes handiagoa du horretan. Aita jokalari ospetsua izateak mesede baino gehiago kalte egin dit nire kirol ibilbidean. Gehiago jokatuko nuen Ingalaterrako maila nagusian. Ezkonduta nago, bi seme-alaba ditut, eta jendeak beste baten seme gisa ikusten nau, ume bat bezala. Harritu egiten dira nire adina jakiten duenean [34 urte]. 'Benetan?', diote. Pentsatzen dut 40 urte arte jokatzen badut heldu bat bezala ikusten hasiko direla».

Semea bakarrik ez, aita ere nazkatuta dago: «Behin aita eta biok afaltzera joan ginen, eta zerbitzariak segituan eman zion eskua nire aitari, eta jarraian esan zion atezain ona zuela semea, baina inoiz ez zela izango bera bezain ona. Aitak haizea hartzera bidali zuen. Hura ni bezain nazkatuta dago».

Danimarkak eta Galesek Eurokopako lehen final-zortzirena jokatuko dute gaur, Amsterdamen (18:00, Cuatro). Schmeichel atean izango da berriro. Nabarmenduta ere, nekez lortuko du inor ez akordatzea haren aitarekin. Abizenaren zama da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.