Italiako Giroa

Azalez aldatuta dator

Gaur hasi, eta hamar egunez jokatuko da 32. Italiako Giroa. Bigarren mailako proba izango da. Eider Merinok dio ibilbidea «orekatua» izango dela. Anna van der Breggen jo du faboritotzat

Anna van der Breggen, iazko Italiako Giroko azken-aurreko etapa irabazten. GIRO DONNE.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Italiako Giroa da emakumezkoen egutegian ospe eta tradizio handiena duen lasterketa. Astebete baino gehiago irauten duen proba bakarra da, eta aurtengoa 32. aldia izango du. Alabaina, duen estatusa ez dator bat daukan oihartzunarekin. Gabeziak izan ditu azken urteetan marketinaren eta telebista emanaldien ikuspegitik, eta, iaz zuzenean ikusteko aukerarik egon ez zenez, World Tourreko egutegitik kanpo gelditu da sasoi honetarako. Eta maila aldaketa ez da berritasun bakarra, PMG Sports enpresa bihurtu baita antolatzaile berria. Izen ofiziala ere aldatu du lasterketak: Giro Rosa deitu ordez, Giro Donne deituko da berriro [emakumezkoen Giroa, garai batean bezala].

Hots, azala aldatuta hasiko da gaur proba. Hori bai, mamia betiko bera izango dela deritzo Eider Merino Monex taldeko txirrindulariak (Balmaseda, Bizkaia, 1994). Giroa lehiatuko duten bi euskal herritarretako bat izango da, Ane Santestebanekin batera. Bizkaia-Durangok ere hartuko du parte, baina ez da euskal herritarrik ageri Agurtzane Elorriagaren seikoan. Merinoren aburuz, World Tourretik kanpo gelditu izanak ez dio distirarik kenduko lasterketari: «Munduko onenak ariko dira lehian, beti bezala. Maila sekulakoa izango da, eta ibilbidea, luzea eta gogorra. Hori ez da aldatuko».

Hamar etapa jokatuko dira guztira, azken lau urteetan bezala: 2000. eta 2001. urteetan jo zuen goia, hamahiru etaparekin. Merinok azaldu duenez, zaila da zer aurkituko duten jakitea: «Giroa halakoa da: etapa batzuek lau-lauak dirudite hasieran, baina sekulako segadak topatzen dituzu gero. Sarri, profilez errazenak diruditen etapak izaten dira gero gogorrenak». Printzipioz, ibilbidea «orekatua» dela uste du: «Denetarik dago: taldekako erlojupeko bat, kronoigoera bat, mendian bukatzen diren bi etapa, gorabeheratsuak diren lau, eta esprinterrentzako bi».

Gaur jokatuko da taldekako erlojupekoa. Halako saioak ez dira batere ohikoak emakumezkoen txirrindularitzan; aurten, bakarra jokatuko da Giroan, Vargarda Kopakoa bertan behera gelditu baita. Merinok azaldu du Monex taldean ez dutela modu espezifiko batean landu: «Talde batzuek lanketa handia egiten dute, eta aldea ikaragarria da. Halere, gogo handiarekin aterako gara, badakigulako ondo molda daitezkeen ziklistak ditugula. Sentipenak ez dira onak batzuetan, baina, gero, gauzak primeran atera daitezke».

Sailkapen nagusiari begira, Prato Nevoson eta Monte Matajurren finitzen diren etapak izan beharko lirateke erabakigarrienak. Igoera horietan distira egiteko moduko ezaugarriak ditu Merinok, baina bere burua ez du ikusten 2018an lorturiko zortzigarren postua berdintzeko moduan: «Oso gustura nabil talde berrian, baina urte makala egiten ari naiz. Batzuetan hala tokatzen da. Ez dut lehen hamarren artean sartzeko behar den sasoia».

Annemiek van Vleutenek (Movistar) eta Katarzina Niewiadomak (Canyon) ez dute parte hartuko, Tokioko Olinpiar Jokoetan jarri dutelako arreta guztia. Anna van der Breggenek (SD Worx) ere jomugan du urrezko domina, baina ez dio muzin egin Giroa lehiatzeari. Iaz irabazi zuen, eta, Merinoren irudiz, aurten ere aukera asko izango du maglia arrosa eskuratzeko: «Van Vleuten etxean egonda, hura izango da faborito garbia. Gainera, sekulako taldea du. SD Worx emakumezkoen Ineos dela esan liteke». Elisa Longo Borghini (Trek) eta Cecilie Uttrup Ludwig (FDJ) jo ditu herbeheretarraren aurkari nagusitzat.

Azken kilometroak, ikusgai

Berriz ere gorengo mailara itzultzeko, zuzeneko emanaldia eskainiko du Giroak. Azken hamabost kilometroak ikusi ahalko dira zuzenean, guztira ordubete iraungo duen emanaldi baten barne; besteak beste, podiumeko irudiek eta protagonisten adierazpenek osatuko dute. Berri «pozgarria» dela adierazi du Merinok: «Ikusten da antolatzaile berriek aurrerapausoak eman nahi dituztela. Hamabost kilometro eskainiko dituzte bakarrik, baina bada zerbait. Gero eta presentzia handiagoa dugu telebistan, eta jendea jabetzen ari da oso txirrindularitza polita egiten dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.