Arimen bildumagile bat

Alice Neel artistaren ia 100 lan biltzen dituen atzera begirakoa zabaldu dute Bilboko Guggenheim museoan. Goi mailako erretratugilea izan arren, historiak ahaztua izan du

Emakume bat, Bilboko Guggenheim museoan, Alice Neel artistaren Soldadugai beltza koadroari begira. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Definizio honekin deskribatu zuen bere burua Alice Neel artista estatubatuarrak (Pennsylvania, AEB, 1900-New York, 1984): «Arimen bildumagile bat». Eta ideia hori baliatu dute Bilboko Guggenheim museoko ordezkariek ere haren lanaren nondik norakoak azaltzeko: Lucia Agirre komisarioaren hitzetan, irudikatutako jendearen izaerarik sakonena harrapatzen baitzuen artistak bere erretratuetan. Haien arima. «XX. mendeko artistarik onenetako bat da», azaldu du komisarioak lehenik, eta, gero, ohar bat gehitu du: «Outsider bat izan zen». Abstrakzioa gailendu zenean, figurazioari eutsi zion; artearen erdigune izandakoetatik aparte eman zuen bizitza ia osoa; batzuetan, baita pobrezia betean ere, eta amatasuna, emakumeen sexualitatea eta biluziak lantzeko zuen erak ere ez zuten erraztu haren zabalpena. Ia hiru hamarkadako lanaren ostean, 1960ko hamarkadan bakarrik egin zuen gora haren ospeak, mugimendu feministaren agerpenari esker, baina Europan, esaterako, oso erakusketa gutxi eskaini zaizkio orain arte. Horregatik, erreskate ariketa baten pare irudikatu du komisarioak Bilbon eskaini zaion ia 100 obra inguruko atzera begirakoa. Alice Neel: pertsonak lehenbizi deitu dute bilduma, eta otsailaren 6ra arte egongo da ikusgai.

Erakusketa kronologikoki antolatuta dago: 1930eko hamarkadako koadroekin hasten da, eta sasoi hartan Kuban egin zuen urtebeteko egonaldiak haren pinturan izan zuen eragina nabarmendu du komisarioak. Kontzientzia politiko eta soziala orduan piztu zitzaiola azaldu du Agirrek, eta agerikoa da hori lehen aretoan bertan ikus daitezkeen manifestazioei eskainitako irudietan.

Hain zuzen, New Yorkeko Ekialdeko Harlem auzoan bizilagun izan zituen biztanleei eginiko erretratuak izan daitezke horren froga. «Hiriaren barne historia kontatzen dute lan horiek», azaldu du Agirrek. Hartan dira senarrak jipoitzen zuen laguna, ingelesik hitz egiten ez zuen Puerto Ricoko migranteen umea, tuberkulosiz gaixotutako auzokidea... Guztiak gertutasunaren eta gordintasunaren arteko punturen batetik margotutakoak dira.

Amatasunaren ertzak

Lehen mailako generoa zen erretratugintza artistarentzat, eta haren hitzak horren erakusgarri dira. «Beste ezein baliabidek ez bezala islatzen dute bere garaia. Erretratuek kalitate artistikoa dutenean, kultura, unea eta askoz ere gauza gehiago islatzen dituzte». Aurpegi horiek guztiak, nolabait ere, historiaren aurpegiak ere badirelako, egilearen hitzetan. «[Pertsona baten erretratua] pintura bat da, eta, gainera, zeitgeist-a, garaiko espiritua».

Haurdunaldia, erditzea, umeen zaintza, edoskitzea, eta amatasunari lotutako beste hainbat ertz lantzen dituzten koadroak topatuko ditu bisitariak erakusketan. Neelek alegorien babesik gabe irudikatzen ditu guztiak. Gordinkerian erori gabe, idealizaziora hegaldatu gabe. Bere hartan. Neelek berak ere hala azaldu zuen auzia elkarrizketa batean: «[Haurdunaldia] ez da interesatzen zaidana; bizitzako gertakari soil bat da. Bizitzan garrantzi handia duen parte bat da, bana ez zaio jaramonik egin. Nire iritziz, gai gisa, zilegi da zeharo, eta jendeak, apaltasun faltsuak edo epeltasunak bultzatuta, ez du inoiz erakutsi».

Artistak bere bizialdian hartutako kolpeen isla ere igar daiteke margolanetan. Senarra galdu zuen, lehen alaba hil egin zitzaion, bikote izandakoak hamaika koadro suntsitu zizkion zelo eraso betean, eta bertatik bertara ezagutu zituen gizonezko medikuek gidatutako emakumezkoentzako ospitale psikiatrikoak. Bronxen erabateko eskasian bizi zenean ezagututako ospitalea irudikatzen du, esaterako, 1928 eta 1929an margotutako Pediatria klinika lanak. Giza gorputz eta erditze iskanbila moduko bat da irudia, intimitate arrastorik gabeko haragi eta min kaos bat. Eta, eskuinaldeko bigarren planoan, artista eta haren alaba daude.

Sexualitateak eta desirak ere areto oso bat hartzen dute, eta, hartan, artistak biluziak lantzeko zuen modu aske eta zintzoa ikus daiteke. 80 urte zituela egindako autorretratu batek ixten du gune hori. Horiez gain, erakusketan badira hiria irudikatzen duten paisaiak, natura hilak eta kultura munduko jendearen erretratuak ere.

Bukatu gabeko soldadu bat

1965ean margotutako Soldadugai beltza koadroa jarri du komisarioak Neelen ibilbidearen laburpentzat. Kasualitatez ezagutu zuen artistak James Hunter soldadugaia. Astebete geroago zen Vietnamera joatekoa, eta, ohi zuenez, erretratua egiteko bi saio adostu zituen pintoreak harekin. Gaztearen aurpegiari eta ezkerreko eskuari eskaini zien lehen saioa nagusiki, eta, kontrastean, lerro azkar soil batzuekin utzi zituen marraztuta gerora, bigarren saio batean, osatu asmo zituenak: gorputza, aulkia eta hankak. Ez dago argi zergatik, baina Hunter ez zen azaldu bigarren saiora, eta, orduan, artistak koadroa lehen saioan utzi bezala eman zuen burututzat. Agirre: «Teknikoki bukatu gabe egon arren, bukatutzat eman zuen, gerrak bizitza bat nola ebaki zuen erakusteko».

Bilboko Guggenheim museoak ez ezik, New Yorkeko Metropolitan museoak eta San Frantziskoko Arte Ederren Museoak ere parte hartu dute. Urte hasieran egon zen ikusgai New Yorken, lehenik, eta Iberdrolaren babesarekin heldu da Bilbora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.