Afizioa eta ofizioa, elkarri lotuta

Duela bi urte eta erditik, Izaskun Bengoa kateatuta dago ibilketa nordikoarekin. Ordutik, garaipenen zerrenda handituz doa. Lehiatik kanpo, ikastaroak ematen jarduten da.

-- / BERRIA.
Mikel O. Iribar.
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Kirol munduaren jiran hazi eta hezi da Izaskun Bengoa (Amurrio, Araba, 1975). Ibilbide oparoa egin zuen gaztetan txirrindulari gisa; sei aldiz irabazi zuen Espainiako Txapelketa, eta Munduko Txapelketetan eta Atlantako Olinpiar Jokoetan aritu zen. Ostera, nahi baino arinago itxi zuen profesional mailako atea, «etorkizunik ezagatik». 23 urte bainoez zituen garai hartan. Hori bai, bizikleta ez zuen inolaz ere etxeko garajean zintzilikatu; «Zaletasun moduan mantentzen dut». Bada, duela bi urte eta erditik, Euskal Herrian hain errotuta ez dagoen kirol diziplina batek asebetetzen du Bengoa: ibilketa nordikoak.

Aurretik «ezer ere jakin gabe» hasi zen horretan. «Kirol berria da». Finlandian du sorburua, 90eko hamarkadaren bueltan. «Eskiatzaileak udan entrenatzeko, neguko kirolik nagusienarekin antzekotasuna zuen beste modalitate bat egin nahi zuten. Bi makilekin jarduten ziren, eta hortik lehiara eraman zuten.

Gorputzaren mugimendua bi makilek markatzen dute. Honela azaldu du Bengoak: «Makilarekin zoruaren aurka 45 graduko angeluan indarra egitean, gorputzeko atal guztiak aktibatzen dira». Kirol «osotzat» hartua dago: «Igeriketarekin batera, kirol diziplinarik osoenetakoa da ibilketa nordikoa; gorputzeko giharren %90 lantzen baita». Halere, ibilketa nordikoakbaditu zailtasunak; «Oso teknikoa da, eta, horri lotuta, arau batzuk daude. Horretarako, hainbat epaile egoten dira ibilbidean zehar. Inertziaz gero eta azkarrago goazenez, abiadurak eta nekeak teknika higatzen dute; beraz, oreka mantentzea oso garrantzitsua izaten da, zigorrik ez jasotzeko».

Espainiako Kopako azken proban parte hartu zuen lehendabizikoz. «Asko gustatu zitzaidan, eta emaitza onak lortzeko aukera nuela jabetu nintzen. Zeharo harrituta geratu nintzen». Irabazle sena odolean zeramala, gogor hasi zen entrenatzen, Gasteizko Hazten taldearen laguntzaz, baita lehiatzeari ekin ere. Ekainean Espainiako Txapelketan parte hartu zuen. «Ezezaguna nintzen ni». Bosgarren multzotik atera zen. «Nire aurretik 120 partaide nituen, eta, metroz metro, jendea aurreratuz joan nintzen, 17. postuan amaitzeraino. Emakumezkoen artean bigarrena izan nintzen». Une hartan, iraganaz gogoratu zen: «Txirrindularitzan onenekin lehiatzen nintzen. 20 urteren ondoren, beste kirol modalitate batean goi-goian ibiltzeak meritua du. Oso pozik nago».

Ordutik, sekulako garapena izan du Bengoak; handia bezain azkarra, baita dominak kolkoratu ere: urrezkoa Arabako eta Euskadiko txapelketetan; zilarrezkoa Espainiako banakako modalitatean , eta urrezkoa, berriz, euskal selekzioarekin. Hori guztia biribiltzeko, Espainiako Kopako Ibilketa Nordikoko txapelduna izan berri da. Lau proba izan dituzte, eta guztiak irabazi ditu: Gasteizen, Azagran (Nafarroa), Valladoliden (Espainia) eta azkena, joan den igandean, Sevillan. Zirkuituak 2,5 kilometroko distantzia zuen, eta lau itzuli eman behar zizkioten, hamar kilometro osatzeko. Bengoa «bikain» aritu zen. Hasi eta buka. Ordubete eta zazpi minutu behar izan zituen lasterketa osatzeko. «Guztien artean hoberena izan naizelako irabazi dut».

Atsedena hartzeko betarik ez du Amurriokoak. Nafarroako Txapelketan parte hartuko du bihar, Lodosan. «Arabarra naizenez, ezingo naiz lehiatu, baina proba egiteko asmoa dut». Urriaren 24an, aldiz, domina lortzeko aukera izango du; taldekako Espainiako Txapelketa jokatuko da, Madrilen. «Azken txapelketa pandemiaren aurretik egin zen, eta nire taldea izan zen garailea. Ea berriz irabazten dugun».

Ez du ukatu naziaoartean lehiatzea gustatuko ez litzaiokeenik. «Zail» ikusten du, ordea. «Geure kabuz ezin gara joan, gastu handia eskatzen baitu horrek. Inguruko lasterketetan parte hartzeko, gure poltsikotik jartzen dugu dirua. Kanpora joateko, diru laguntza beharko genuke». Gabezia horri beste arazo bat gehitu dio: «Espainian, Mendiko Federazioren ardurapean dago ibilbide nordikoa; beste herrialde gehienetan, aldiz, atletismo federazioa egiten da kargu; beraz, are zailagoa da atzerrian parte hartzea».

Urte gutxian parte hartzaileen batez besteko adina ere aldatu da, Bengoaren esanetan. «Lehendabizikoz parte hartu nuenean, jende oso nagusia zegoen, nire gurasoen adinekoak. Gehienek adineko pertsonekin lotzen dute ibilbide nordikoa, makilekin aritzen garelako. Makilak bultzada emateko dira, eta ez oreka mantentzen laguntzeko». Uste hori «indargabetzen» ari dela dio: «Gazteak ere lehiatzen dira». Urte gutxi dituen kirol bat den arren, apurka-apurka, iparraldeko herrialdeetatik hegoaldera hedatzen ari da.

Izurria, mugarri

Kirolean lehiatu bakarrik ez, ikasketak ere kirolari lotuak ditu Bengoak; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 19 urtez Amurrioko kiroldegian lan egin du. Pandemiak, ordea, guztiz eten zuen haren jarduna, baita ipar martxako egutegia ere. «Hamalau hilabetez aldi baterako erregulazioan egon nintzen». Denbora horretan egin zuen guztia «kirola eta kirola» izan zen: «Burua galtzeraino. Bakarrik aritzen nintzenez, jendearekin harremana galtzen hasi nintzen, eta triste sentitu nintzen».

Harik eta Amurrioko Udalaren bitartez ibilbide nordikoko hastapen tailerrean izena eman zuen arte. «Aurretik ibilitakoa nintzenez, dohainak nituela jabetu nintzen». Handik hamabost egunera enpresa propioa sortzeko lanean hasi zen buru-belarri: Izazkun Bengoa Nordic Walking & Fitness. Maiatzetik lanean geratu gabe dabil. «Ikastaroak ematen ditut. Aiaraldeko herritar asko etortzen dira; 60 ikaslerekin hasi nintzen». Horrekin bakarrik, astean lau egunetan hamar ordu pilatzen ditu. «Irakasten diedan bitartean entrenatzen naiz». Hori bai, bizikletaz ere egiten ditu kilometroak. «Bizikletaren eta ibilbide nordikoaren arteko konbinazioa oso ondo datorkit».

Hori gutxi ez, eta entrenatzaile pertsonal gisa ere lan egiten du. «Ez naiz geldirik egotekoa. Esfortzu handia egiten dut, eta etxekoekin egoteko astia kentzen dit, baina alde onari begiratu nahi diot. Kirola egitea asko maite dut, eta sentimendu hori besteei transmititu nahi diet».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.