Amirpour, Wheatley eta Wright Beldurrezko Zinemaren Astean

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Astean, 60tik gora film emango dituzte, datorren ostiraletik azaroaren 5era. Stanislaw Lemi buruzko ziklo bat egingo dute

Patxi Presa, Josemi Beltran, Jon Insausti eta Joxean Muñoz, jaialdiaren kartelarekin, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Donostiako Fantasiako eta Beldurrezko Zinemaren 32. Astea bueltan da. Egitarau zabalarekin, edukiera mugarik gabe eta ohiko elementu guztiekin: izua, zirrara eta festa giroa. «Denetik egongo da: banpiroak, zonbi krudelak, denbora bidaiak, etxe sorginduak, exorzismoak, deabruak hartutako umeak, pasodobleak... eta Nicolas Cage, jakina», aurkeztu zuen atzo Josemi Beltran zuzendariak. Urriaren 29tik azaroaren 5era arte egingo dute, Antzoki Zaharrean eta Viktoria Eugenia antzokian, nagusiki.

Atzoko aurkezpenean, eragile guztiak pozik agertu ziren aurten jaialdia «%100ean» egingo dutelako berriro, Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziaren hitzetan. Insaustik eta Joxean Muñozek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko aholkulariak, komunitatearen indarra nabarmendu zuten. «Publiko fidela dauka, zinemaldia oso berea sentitzen duena, eta nitxo horiek inportanteak dira kulturgintzan», esan zuen Muñozek.

Zinemaldiko abonuak Internet bidez erosi ahalko dira soilik. Gaur jarriko dituzte salgai, 11:30etik 20:00etara, Donostia Kulturaren webgunean. Asteartean, hilaren 26an, ordu berean jarriko dituzte salgai saioetarako sarrera arruntak Interneten, eta, biharamunean, txarteldegian.

FILM LUZEEN SAIL OFIZIALA

Gauza jakina zen Alex de la Iglesiaren Veneciafrenia filmak abiatuko zuela aurtengo zinemaldia; turismoa izurri gisa erakusten duen slasher bat da. Itxiera filma, berriz, Ana Lily Amirpourren Mona Lisa and the Blood Moon film fantastikoa izango da; lehiaketatik kanpo emango dute.

Zenbait zinemagile ospetsuren lanak ariko dira lehian: Ben Wheatleyk In the Earth film «atmosferikoa» aurkeztuko du, Beltranen hitzetan; Neill Blomkampen Demonic-ek exorzismoak eta denbora bidaiak izango ditu; Edgar Wrightek 1960ko urteetako Londres erakutsiko du Last Night in Soho «ikusmin handiko» filmean, eta Mamoru Hosodak Belle izeneko anime-arekin parte hartuko du, «sare sozialez eta humanismoaz dihardu aldi berean».

Asiak leku nabarmena izango du programazioan; Japoniak, bereziki: 29an Japan Gaua egingo dute: Junta Yamaguchiren Droste no hatede bokura eta Hugo Sakamotoren Yellow Dragon's Village emango dituzte. Gainera, Sion Sonok Prisoners of the Ghostland aurkeztuko du. Taiwango bi pelikula egongo dira: David Verbeeken Dead & Beautiful, «banpiro modernoen film dotore bat»; eta Rob Jabbazen The Sadness, «istorio krudel bat, aurtengo beldurgarriena, zalantzarik gabe». Urriaren 31n emango dute hori, Halloween gauean, eta mozorro lehiaketa egingo dute emanaldiaren aurretik.

Gainontzean, Sail Ofizialean izango dira Argentinako eta Txileko zenbait zinemagileren Apps, Damian McCarthyren Caveat, Prano Bailey-Bonden Censor, Dash Shawren Cryptozoo, Alexandre Bustilloren eta Julien Mauryren The Deep House, Banjong Pisanthanakunen The Medium, Mickey Keatingen Offseason, Raul Cerezoren La pasajera, Sam Walkerren The Seed, Ivan Kavanaghen Son eta Braden R. Duemmlerren What Lies Below.

Lehiaketatik kanpo emango dute Victor Matellanoren Mi adorado monster dokumentala, eta Historias para no dormir saileko bi atal ere bai: Paula Ortizen El asfalto eta Paco Plazaren Freddy.

FILM LABURRAK

Denera 27 film laburrek parte hartuko dute jaialdian: 11 emango dituzte nazioarteko sailean, zortzi animaziozko sailean, eta beste zortzi Espainiako laburren sailean. Tartean da Deia, Khuruts Begoñaren euskal filma; lehiaketatik kanpo emango dute.

EMANALDI BEREZIAK

Carlos Areces aktore espainiarra ageri da aurtengo kartelean, Antonio Merceroren La cabina filmari (1972) keinu bat eginez. Pelikula horren emanaldi berezi bat egingo dute azaroaren 2an.

Tabakaleran ziklo bat antolatu dute Stanislaw Lem idazle poloniarrari buruz. Zientzia fikziozko eleberri ugari argitaratu zituen; Solaris da ezagunena, seguru asko: Andrei Tarkovskik zinemara moldatu zuen 1972an, eta Steven Soderberghek ere bai, 2002an. Lemen lanetan oinarritutako bi film luze eta bost labur emango dituzte zikloan, ezezagunagoak. Szpital przemienienia (1978) eta Test pilota Pirxa (1978) dira luzeak.

BESTE EKITALDI BATZUK

Asiskok Sugarren mende: ehizakiak, sorgin? izeneko erakusketa bat jarriko du Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, urriaren 29tik azaroaren 20ra, eta Irungo Carlos Blanco Aginaga kulturgunean (Gipuzkoa), azaroaren 25etik abenduaren 10era. Iaz atera zuen Sugarren mende komikia, inkisizioaren jazarpenari buruzko lan historiko bat.

Bestalde, Sanjulian marrazkilariari buruzko erakusketa bat jarri dute Okendo kultur etxean, Simonidesi buruzko beste bat Tabakalerako Kutxa Kultur plazan, eta Paco Rocaren Batmanen marrazki batzuk Fnacen.

Patxi Presa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko arduradunak aurreratu du datorren urteko jaialdian erakusketa bat jarriko dutela Luis Gasca omentzeko, aldundiak haren komiki funtsa erosi zuen eta.

Mikel Pagadik Phantasmikel. Argitu ditzagun misterioak izeneko ikuskizuna egingo du azaroaren 3an, Viktoria Eugenian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.