Durangoko 56. azoka. Musika

Diskorik entzuten ez dutenei diskoak saltzea

Durangoko Azokan argi ikusten da musikagintzaren sektoreak formatuekin duen korapiloa: egun, sarean entzuten du jende gehienak musika, eta formatu fisiko berrien bila dabiltza sortzaileak

Diskoez haragoko hamaika formatu topatu daitezke egunotan Durangoko Azokan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
«Erosi dut CDa, baina ezin dut inon entzun. Kotxean ez daukat irakurgailurik eta ordenagailuan ere ez». Julen Alonso musikariaren erakusmahaiaren aurrean, eroslearen esaldiak garden erakusten du musikagintzaren sektoreak gaur egun formatu fisikoekin duen arazoa, eta Julen Alonso musikariak esandakoak biribildu. «Nik, normala den bezala, nire kantak entzun ditut, baina diskoa ez, nik ere ez daukadalako non sartu; ez kotxean, ez etxean, ez inon. Ongi atera direla, fio naiz, edo jendeak, behintzat, hori esaten dit». Eskuetan bihotza diskoaz ari dira, zehazki, baina nekez, korapiloaren argazki argiagorik: CDak entzun ezin dituen pertsona batek CDak erosten dizkio CDak entzun ezin dituen pertsona bati. Baina s ektore osoadago paradoxa horretan harrapatuta.

«Arazo bat dago», onartu du borobil Iñaki Larrañaga Mauka Airaka ekoiztetxeko kideak. «Azken urteetan argi ikusi da formatu fisikoen salmentaren beherakada, eta areagotu egin da arazoa azken bi urteetan, iazko etenarekin eta aurtengo mugekin». Durangoko Azoka gainditzen du problemak, baina Durangon egiten da ikusgarri, Larrañagaren hitzetan. «Euskal musikaren sektoreak daukan topalekurik handiena hau da, eta hemen argi ikusten da urte guztian zehar beste lekuetan ikusten dena».

Urterik onenetan saldutakoaren %15 inguru saltzen da egun, Larrañagak esan duenez, eta ezinbestekotzat du hausnarketa horregatik. «Musika sektoreko kideok eta azokako jendea saiatu behar gara, nolabait, berrasmatzen formularen bat etorkizunera begira, zeren eta hau zulo bat da».

Formula berrien bila

Hain zuzen ere, nabarmena da formula berriak bilatzeko gogo hori Durangoko Azokako erakusmahaietan.

Biniloak eta CDak dira nagusi, oraindik ere, baina gutxiengoa dira jadanik biniloak eta CDak bakarrik saltzen dituzten postuak. Diskoekin batera poltsa bat edo kamiseta ere saltzen dituzte askok. Eta aurtengo Durangoko Azokarako espresuki egindako poltsak ditu salmahaian Zetak taldeak. Eta gero eta gehiago dira bestelako formatuekin esperimentuak egiten dituzten taldeak ere. Luzea da zerrenda aurten.

Duela bi urte egin bezala, Dupla taldeak beren abestietara iristeko QR kode bana duten gozokiak saltzen ditu.

Xabi Aburruzagak USB formatuan du salgai bere azken zuzeneko emanaldiko kantak eta bideoa biltzen dituen Aurrez aurre.

Chill Mafia taldekoek kasete formatuan atera dute Berpizkundea X Ez horregatik mixtapea.

Baketa parearekin eta pua batekin batera saltzen ditu CDak Orsai taldeak.

Oharra dakar Izarok mahaian. «Jaso biniloa sinatuta etxean, eta eraman orain tote-bag-a». CDak ere badauzka, eta DonostiakoBelodromoan emango duen kontzerturako sarrerak.

ETS taldeak bere logoa daramaten entzungailuak ditu salgai, eta baita beren azken dokumentala ikusi ahal izateko QR kodea daraman kartoizko afixa bat ere.

Zelanda taldeak QR kodea daramaten puak saltzen ditu.

Eta Iratxe Agilera musikariak kasete interaktiboan eman du argitara Kai Nakai proiektuaren azken bost abestiak biltzen dituen Maitia diskoa. Azalpenak ematendabil erakusmahaian. «Begira, kasetea hurbiltzen duzu mugikorrera horrela, eta automatikoki irekitzen dizkizu». Jendearen arreta erakartzea izan da helburua, onartu duenez. «Diskoa atzean geratzen ari delako atera dugu formatu horretan, zeren eta, autoek eta ordenagailuek ez dute jadanik entzuteko gailurik».

Erraiak zigiluaren erakusmahaian dago egunotan Libe Garcia de Kortazar musikaria. «Militantziagatik erosten ditu jendeak diskoak, baina benetan, entzuteko, formatu digitalak erabiltzen ditu». Jon Basagurenekin batera sortu duen Pasadena izeneko proiektuaren lehen diskoa du mahaian Garcia de Kortazarrek, CD formatuan oraingoz, eta binilo formatuan ere bai aurki. «Formatu honetako azokak desagertzen ari direla esan zigun aurrekoan lagun batek, ez direla egiten ere, eta hau oasi txiki bat dela, eta geratzen zaiola denbora gutxi. Beste formatu bat asmatu beharko genuke».

Salmentak ez doaz ongi, Julen Alonsok onartu duenez. «Beste urteetan 130.000 pertsona etortzen ziren, eta aurten 20.000 bisitarira ere ez gara iritsi; egoera tristea da kulturan ibiltzen garenontzat, eta are gehiago autoekoizpena egiten dugunontzat». Baikor bukatu du halere. «Etortzen den bakoitzaren irribarrea ikusteak indarra ematen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.