Azkenean astelehen gozo bat

Aspaldiko partez, garaipenak lortu zuen igandean Eibarrek, Madrili 2-1 irabazita. Gaur derbia jokatuko du Athleticen kontra, Lezaman (19:00). Bi taldeak konfiantzaz dabiltza

Eibarreko jokalariak, igandean Madrili sartutako goletako bat ospatzen. LA LIGA.
ainara arratibel gascon
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Futbol taldeek astelehenetan egiten dituzten lan saioek bi ezaugarri izan ohi dituzte: asteburuko partidako ahaleginetik osatzeko entrenamenduak izaten dira, eta jokalarien aurpegia eta aldartea lortutako emaitzaren araberakoa izaten da. Eibarreko jokalariek denbora zeramaten astelehen gozo bat izan gabe. Aurpegiak tristeak ziren. Baina, azkenean, oraingo honetan lortu zuten. Ana Junyenten taldeak 2-1hartu zuen mendean Madril; emaitza iraulita egin zuen, gainera. « Espero dugu balio izateabeheko postuetatik aldetzen hasteko», dio Ane Campos jokalariak.

«Aste gogorrak» izan direlaonartu du. «Ikusten genuen oso ondo ari ginela lanean, eta gero asteburuero emaitza txarrak izaten genituela. Etsigarria zen. Baina gure artean oso giro ona dugu, eta hori funtsezkoa izan da besoak ez jaisteko eta berdin jarraitzeko». Joko aldetik ondo ibili direla uste du. «Astean zehar landutakoa zelaian erakusteko gai ginen, baina huts txikiak egiten genituen, eta batzuetan arreta faltaren bat izan genuen».

Junyent udan iritsi zen, eta beste jokatzeko era bat ezarri du. «Desberdina da. Aurreko sasoian gure jokoaren oinarria defentsako lana zen. Denboraldi honetan, berriz, baloiaren jabetza eta atzetik hastea erasoko jokoa. Lehen entrenamendutik hasi ginen hori lantzen».Nabarmendu du «aise» dabiltzala horrekin. «Gustuko dugu jokatzeko era hori, eta uste dut barneratu dugula dagoeneko. Baditugu jokalariak hori egiteko, eta, luze jokatu nahi badugu ere, Racheal Kundananjiren abiadura dugu aurrean min egiteko. Gauzak gaizki joan arren, une oro sinetsi dugu jokatzeko modu honetan, partidetan asko borrokatu gara. Oraindik ere badugu zer hobetua».

Neguko merkatuanfitxaturiko jokalariek «asko» lagunduko dietela uste du. «Atletico Madriletik utzita ekarritako Carmen Alvarezek jada gol bat sartu zuen igandean. Aurrelari petoa da, eta gorengo mailan hori erabakigarria da. Begira zenbat eman zigun aurreko denboraldian Thembik [Kgatlana]».

«Oso gustura» daude Junyentekin. «Oso gertukoa da, eta jokalari bakoitzaren onena ateratzen saiatzen da. Asko daki emakumeen futbolaz, ibilbide oso luzea du, eta nabari da. Izugarri ari gara ikasten, bai teknikoki eta bai mentalki». Harentzat ere ez dira garai errazak izan, emaitzen menpe baitago entrenatzailearen jarduna. «Baina une oro gure ondoan egon da».

Campos aurreko sasoian baino gehiago jokatzen ari da. «Zelai erdiko hegalean jokatzen ari nintzen, baina gero atzeko lerrora pasatu ninduen, eta horri esker ari naiz aukera gehiago izaten». Aurretik atzean jokatu gabea zen. «Sekula ez nuen pentsatuko bertan jokatuko nuenik, ni beti izan naizelako aurrera begirako jokalari bat. Aukera hori aipatu zidanean, niretzat ere ezuste handia izan zen. Baina oso gustura nago, nahiz eta defentsako lanean asko dut oraindik ikasteko. Baina entrenatzaile multzoa oso gainean dut. Bideoak erakusten dizkidate, zuzenketak egin... Gauzak asko erraztu dizkidate».Entrenatzailearen konfiantza sentitzen du. «Azken batean, entrenatzaileak jokalari bat postuz aldatzen badu, esan nahi du ikusten dizkiola dohainak. Eta hori bultzada handia da». Baina argi du gehiago sufritzen dela atzean jokatuta. «Talde guztiek oso aurrelari indartsuak eta bizkorrak dituzte, eta ez da erraza haiek geratzea. Gainera, atzean egindako hutsak garestiago ordaintzen dira».

Igandean irabazi ostean, gaur hiru puntuak eraman nahi dituzte Lezamatik. «Igandeko sentipen onei segida eman nahi diogu. Eskerrak irabazi genuen, orain oso egutegi gogorra baitugu: Athletic, Bartzelona, Real Madril, Reala...».

Aurkariaz ondorengo azpimarra egin du. «Eskarmentu handia duen taldea da, eta aurrelari erabakigarriak dituena: Lucia, Yulema... Kontraerasoan min handia egiten dute». Hiru puntuak lortzeko gakoa argi du: «Gure jokoa ezarri behar dugu, eta aipatutako huts txikiak ez egin».

Athletic garai onean

Zuri-gorriak bolada gozoan daude, jokatutako azken bi partidak irabazi ostean, eta Txapeldunen Ligarako sailkatzeko postuetara gehiago gerturatzeko urratsa egin nahi dute gaur irabazita. «Bost puntura ditugu Txapeldunen Ligako postuak. Badakigu oso zaila izango dela, baina saiatu egingo gara. Anbiziotsuak gara», adierazi zuen atzo Iraia Iturregik. «Taldea ondo ikusten dut arlo guztietan ».

Eibarri «indargune asko» ikusten dizkio. «Joko landua eta zuzena egin dezake. Jokalari trebeak ditu aurrean eta lerro artean ondo mugitzen diren erdilariak. Partida asko alde txikiagatik galdu ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.