Esna amesten jarraitu nahi du

Osasunarekin kontratua berritzeak «ardura» eta «energia» emango dizkiola azaldu du Arrasatek, Sadarren eginiko ekitaldi irekian. «Garai txarrak» bizi arren, ez du zalantza egin

Sergi Perez prestatzaile fisikoa, Jagoba Arrasate entrenatzailea, Luis Sabalza presidentea eta Bittor Alkiza bigarren entrenatzailea, atzo, Sadarren. JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Osasunan aspaldi izan den arorik egonkorrenaren ikurra da Jagoba Arrasate. Horregatik, klubak taularatze ikusgarri batekin eman du entrenatzailearen kontratu luzapenaren berri. Herenegun, pankarta erraldoi bat jarri zuten Iruñeko Karlos III.aren etorbidean, eta atzo, ekitaldi publikoa egin zuten Sadarko harmailetan. Atril batetik mintzatu zitzaien teknikaria estadiora bertaratu ziren zaleei. Mitin itxurako ekitaldia izan zen, eta txantxaz hasi zuen Arrasatek. «Ez nago ohituta atril batetik hitz egitera, politikarien moduan. Baina nik ez dizuet gezurrik esango». Ez zen aurrez prestatutako diskurtsoa izan. Bihotzetik hitz egin zuen, eta Osasunan lortzen ari dena goratu: «Errealitatea gainditzen ari dira orain dela lau urte genituen ametsak».

Arrasate 2018an iritsi zen Osasunara, eta Nafarroako taldearekin 2024ra arte lotuko duen hitzarmena sinatu zuen atzo, Luis Sabalza presidentearekin batera. Kontratua osorik beteko balu, klubaren historian partida gehien zuzendu duen bigarren teknikaria izango litzateke, Pedro Mari Zabalzaren atzetik. Dena den, oso lorratz handia utzi du dagoeneko. Lehen Mailara igo zuen taldea aurreneko sasoian, eta bertan egonkortu egin du azken bi denboraldietan. Oraingoan ere, gorritxoak salbazioa erraz lortzeko bidean dira. Arrasatek garbi du: «batasuna» izan da arrakastaren gakoa. «Denok norabide berean egiten dugu arraun, eta inor ez dago inoren gainetik. Familia handi bat gara, eta horrek egiten gaitu berezi».

Azken egunak ere halakoxeak izan omen dira, «oso bereziak». «Lotsatu» egin zuen klubak hiri erdian jarritako pankartak. «Bizkaitarra naiz, ez bilbotarra». Moduari baino gehiago, edukiari ematen dio garrantzia. Jasotako babesari, alegia. «Ingurukoen maitasuna jasotzean, norbera ondo eta baliotsu sentitzen da». Zaleen berotasuna «lehen egunetik» nabaritu omen du. Esker oneko hitzak izan zituen talde teknikoko gainontzeko kideentzat ere. «Haiek gabe, entrenatzaileok ez gara inor». Ez zen jokalariez ahaztu. «Haiei esker gaude Lehen Mailan, eta haiei esker dugu estadio hau. Denak izan dira garrantzitsuak egunerokoan».

Buruhausteak ere ekarri dizkiote, ordea. Aurtengo sasoia 27 jokalariko multzoarekin hasi zuen. Ezin guztiei aukerak eman. «Denek erabateko engaiamendua izan dute, baina, kudeaketa aldetik, urterik zailena izan da». Nolanahi ere, ez du zalantzarik eduki bere etorkizunaren inguruan. Bolada txarrek ez dute higatu. «Buruari buelta asko ematen dizkiozu. Baina ez nuke esango higatuta sentitu naizenik. Garai txarrak izan dira, besterik gabe».

Kontratua berritzeak «ardura handia» dakar, baina aurrera begira «energia» emango dio. Ez du bertan goxo gelditzeko asmorik. «Orain arte egindakoa ez da aski. Futbolak ez du barkatzen. Aldaketak egiteko garaia da, metodologia aldetik eta taldearen osaketari dagokionez. Ezin gaitezke lo gelditu».

Arrasateren aurretik, Sabalzak eta Braulio Vazquez kirol zuzendariak hartu zuten hitza. Presidenteak «mito» gisa jo zuen entrenatzaile bizkaitarra, eta haren «zintzotasuna» eta «giza kalitatea» goraipatu. Brauliok, berriz, azken sasoietako ibilia laudatu, eta garai zailetan elkar babestu dutela nabarmendu zuen. «Ontzia noraezean zegoenean, garbi izan genuen nor zen kapitaina. Eta orain Mediterraneoan gaudela esan daiteke». Gutxienez beste bi urtez lemari tinko eusteko prest dago Arrasate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.