Tronua kendu nahi die

Txuri-Urdinek urrats batera du ligako titulua, joan den asteburuan Majadahondari 4-2 irabazi ondoren. Gaur jokatuko dute finaleko bigarren partida, Madrilen. Gogotsu daude

Majadahondaren kontrako finaleko lehen partida, joan den asteburuan, Donostian. GIOVANNI BATISTA.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Majadahonda izan da azken urteetan izotz hockeyko ligako tronuaren jabe: azken bederatzi denboraldietan zortzi aldiz izan dira ligako txapeldunak, eta koska bat gorago daudela erakutsi dute. Bada joera hori aldatzeko garaia, baina. Sasoiz sasoi haziz joan da Txuri-Urdin Donostiako taldea, eta aurten mahai gainean kolpea emateko prest daude jokalariak. «Aukera historikoa» dute aurrean, eta beren burua gai ikusten dute Majadahondari tronua kentzeko. Urrats batera dute helburua: joan den asteburuan 4-2 irabazi zieten finaleko lehen lehia, eta, gaur nagusituz gero, haiena izango da titulua. Madrilen jokatuko dute neurketa, 15:00etan. Eta, hori galduko balute ere, bihar izango lukete beste aukera bat, erabakigarria (14:45). Ez dira horretan pentsatzen ari: «Igandea ospatzeko izan dadila».

Onintza Unzurrunzaga Txuri-Urdineko kapitainak azaldu du etxeko lehia irabazteak arnasa eman diela: «Moral handia eman digu, baita lasaitasun puntu bat ere. Komodin bat daukagu». Ados dago Koldo Saenz entrenatzailea: «Nolabait, presioa hara bidali dugu. Lehendabiziko karga hori kendu dugu». Atzetik aurrera egin, eta markagailua iraulita irabazi zuten partida, 0-2 galtzen hasi ondoren. Nerbioak kudeatzen jakitea garrantzitsua izango dela iritzi dio entrenatzaileak.

Hirugarren aldia da Txuri-Urdin titulurako finala jokatzen ari dela. Orain hiru sasoi aritu zen aurrenekoz, eta iaz ere ligako eta kopako txapeldunorde geratu zen; Majadahondak irabazi zituen horiek. Aurreko bi finaletan, ordea, aurkaria haien «gainetik» zegoela uste du Saenzek. «Merezimendu osoz iritsi ginen, baina alde handia zegoen. Finalera edozein talde iristen zela ere, Majadahondak astindu egiten zuen». Bestelakoa da denboraldi honetako panorama, eta aurre egiteko kapaz direla sinesten dute. Unzurrunzaga: «Aurten bai, irabazteko benetako aukerak ditugu, eta aukerak aprobetxatu egin behar dira». Taldeak konfiantzaz gainezka ekingo dio lehiari. «Azkeneko asteetan gora egin dugu».

Eta non egongo da partida irabazteko gakoa? Hala erantzun du kapitainak: «Uste dut akats gutxien egiten dituenak irabaziko duela. Bi taldeak ditugu oso jokalari azkarrak eta teknikoki onak. Batek akatsen bat egiten badu, ziurrenik gola izango da. Horiek saihesten saiatu behar dugu, eta haienak aprobetxatzen». Bide beretik jo du Saenzek, eta tentsioa ondo kudeatzen asmatzean ere jarri du azpimarra.

Orain arte izandako planteamendu eta jokamolde berari eutsiko diete, «funtzionatzen» ari delako. Emaitzak eta estatistikak ikusi besterik ez dago: sasoi honetan ligan jokatutako hamalau partidetan 108 gol sartu dituzte, eta hamahiru jaso. Partida bakarra galdu dute, Majadahondaren aurkakoa, etxean: 1-2. Madrilen, berriz, 0-4 nagusitu ziren. «Taldea oso ondo ari da; zertarako aldatu gauzak azken orduan?».

Hain zuzen, aurrerapauso bat eman dute sasoi honetan, eta, entrenatzailearen esanetan, «finkatuago eta sendotuago» daude, «determinazioarekin». Etxeko jokalariak hazi egin dira, eta kanpotik ekarritakoek indartu egin dute taldea. «Uste dut arlo guztietan hobetu dugula», adierazi du Unzurrunzagak. Gasteiztik etorritakoek emandako bultzada aipatu dute. Saenz: «Nahasketa polita dugu: atzerritarren bat, Gasteizko jendea, gazteak, beteranoak... denetarik dago». Taldean duten giro ona ere nabarmendu dute. «Denboraldi hasieran esaten diet: hona zoriontsu izatera zatozte, eta gero hockeyan ibiltzera. Arin eta pozik dabilen taldea edozein tokitara iritsiko da. Gustura etortzen dira, lagunak dira, eta horrek asko egiten du».

Baldintzak hobetzeko nahia

Argi dute: liga irabazteak «poz handia» emango lieke, eta egindako lan eta esfortzu guztiaren saria litzateke. Baina lorpena erlatibizatu du kapitainak: «Kirol arloan, izugarria litzateke, amets bat betetzea bezalakoa. Baina ez gara horretara dedikatzen, eta ez luke ezer aldatuko». Jokalari guztiek uztartzen dituzte ikasketak edo lana hockeyarekin. Kirol minoritarioa izanik, ikusgaitasuna ematearen garrantzia nabarmendu du, pausoak ematen segitzeko.

Entrenatzeko baldintzetan hobekuntza batzuk izan dituzte sasoi honetan. Pandemiaren aurretik, 22:00etatik 00:00etara entrenatzen ziren. COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurrien ondorioz, baina, aurreratu egin zieten lan saioen ordua, eta, aurten, «apur bat» hobetu diete ordutegia. Aldagela propioa ere jarri diete. Halere, baldintzak hobetzeko nahia agertu dute.

Liga irabaztea, «agian», izan daiteke bide horretan aurrera egiteko kolpea. Gaurko finalean kontzentratuta daude orain. Badakite gauzak ondo eginda titulua lortzetik gertu izango direla, eta hori dute desio. Ahal bada, gaur, eta, bestela, bihar; baina tronua zuriz pintatzeko asmoarekin bidaiatu dute Madrilera. Eta ez daude bakarrik: «Entrenatzaile taldea, gurasoak, direktiba... Inguruan jende asko dago laguntzen. Denon lorpena izango da». Taldearen lehen liga dute jomugan; inoiz baino gertuago dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.