Tabuak azaleratuko ditu Dferiak

Martxoaren 5etik 8ra bitartean egingo da Dferia Arte Eszenikoen jaialdia, Donostian. 33 ikuskizunek osatuko dute egitaraua

Sherezade y las capas de la cebolla obraren irudi bat, Vaiven konpainiarena. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2018ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Profesionalentzako eta ikus-entzuleentzako ekitaldia da Dferia. Hala definitzen dute antolatzaileek. Azoka eta jaialdia. «Modu honetako azoken artean duen erreferentzialtasuna sendotzea, batetik, eta publikoarentzako gustagarri izatea, bestetik». Horiek ditu bi helburu nagusiak Dferia Arte Eszenikoen jaialdiak, Miren Azkarate Donostiako Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotziak atzo egindako aurkezpenean adierazi zuenez.

Martxoaren 5etik 8ra bitartean egingo da. Antzerkia, dantza eta bestelako diziplinak batuko ditu. Orotara, 33 konpainiaren 33 ikuskizun eta 37 emanaldi izango dira, Donostiako bederatzi antzokitan banatuta. Viktoria Eugenia antzokian eta Antzoki Zaharrean erakutsiko direnak aurkeztu zituzten, atzo, Azkaratek berak eta Norka Chiapuso Dferiako zuzendariak.

Launa ikuskizun emango dituzte bi antzoki horietan. Zortzi horietatik seik izango dute testua, eta guztiak gaztelaniaz emango dituzte. Bakar bat ere ez euskaraz, hortaz. Jaialdian lan guztien %6 izango da euskaraz, Chiapusok azaldu zuenez.

Urtero hari baten inguruan eratzen dute egitaraua. Aurten, tabua izango da obra guztiak ardaztuko dituen kontzeptua. Komedia eta tragedia batzen ditu Baionako Theatre des Chimeres konpainiaren Dos hermanas lanak, traizioa izanik gai nagusia. Olivak bere senarra eta ahizpa hilko ditu, modu desberdinetan hil ere. Martxoaren 5ean emango dute, Antzoki Zaharrean, jaialdiari hasiera emanez.

Bizitza eta heriotza bereizten dituen lerro estuaz ari da Factoria Unahoramenos konpainiaren Tal vez soñar lana, Euskal Herrian aurrenekoz ikusi ahal izango dena. Araban egonkortu da Zanguango Teatro konpainia, eta Esto no me lo esperaba obra emango du Dferian. Emiliano Zapataren bizitza kontatzen duen ikuskizun handi bateko lau aktore figuranteren istorioa azaltzen du, «norbanako bizitzan jokatzen dugun paperaren hausnarketa ironiko eta dibertigarria». Vaiven konpainiak Sherezade y las capas de la cebolla antzeztuko du, kutsu surrealistadun ipuin modura kontatua.

Beste lau, Viktoria Eugenian

Tanttaka Teatroa konpainiaren La casa de la llave obra izango da Viktoria Eugenia antzokian eskainiko den aurrena —Giltzadun etxea euskarazkoa ere aurten bertan estreinatu dute—. Ainhoa Aierbek, Mireia Gabilondok eta Vito Rogadok gizarte langile talde bat antzeztuko dute, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako bi egoitzatako bizitza gordin islatuz. Teatro Clasico de Sevillaren Luces de bohemia ekoizpen handiko obra, Toula Limnaios Berlingo dantza konpainiaren Tempus Fugit lana —zazpi dantzari, continuum batean dantzan— eta Taiat Dansa valentziarren Man Ray dira Viktoria Eugenian ikusiko diren beste lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.