Ezusteko gonbidatua

Tropelaren utzikeria Espainiako Vueltako lider bihurtzeko baliatu du Jesus Herradak. 3.22ko abantailarekin helduko da asteburuko mendiko etapetara. Alexandre Geniez izan da azkarrena ihesaldian

Ezusteko gonbidatua.
enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Vuelta hasi aurretik, begiak itxita sinatuko zukeen Jesus Herradak (Cofidis) lasterketaren zati erabakigarrira liderraren maillotarekin iristea. Eta zer esanik ez, bigarren sailkatua ia hiru minutu eta erdira izatea. Halakoak ez dira oso ohikoak izaten itzuli handietan. Haatik, beherapenak daude aurtengo Vueltan; merke dago maillot gorria. Lehen astean, sailkapenaren buruan irauteko interes gutxi erakutsi zuten Rohan Dennisek (BMC) eta Michal Kwiatkowskik (Sky), eta, atzo, zerrenda horretara batu zen Simon Yates (Mitchelton). Herenegun ez bezala, tropela gidatu zuen Australiako taldeak, baina erritmo apalean. Movistarrek lagundu zion azken kilometroetan, baina aparteko surik gabe. Ondorioz, atzerapen ikaragarriarekin helmugaratu zen oilarren multzoa: iheslariengandik 11.39ra.

Herradak eta Alexandre Geniezek (Ag2r) atera zioten tropelaren jai egunari etekin handiena. Lehenakeskuratu zuen, eta bigarrenak, etapa, esprint estu batean ausart eta azti jokatuta. Haiekin beste hamasei txirrindulari izan ziren eguneko ihesaldian, ehiztari fin batzuk barne: Dylan Teuns (BMC), Davide Formolo (Bora), Thomas De Gendt (Lotto Soudal), Gianluca Brambilla (Trek)... Vincenzo Nibali (Bahrain) ere sartu zen, baita Jonathan Lastra (Caja Rural) eta Mikel Bizkarra (Euskadi Murias) euskal herritarrak ere.

Bidea eginez joan ziren kilometroek aurrera egin ahala, eta azken 50 kilometroetara 11 minuturen aldearekin iritsi ziren. Hortik aurrera, eraso festa izan zen aurrekoen taldetxoan. Formolo behin eta berriz saiatu zen taldea hausten, baina helmugatik 23 kilometrora Victor Campenaertsek (Lotto-Soudal) jotako erasoak eragin zuen lehen galbahe serioa. Atzean gelditu ziren, besteak beste, Herrada, Lastra eta Bizkarra. Hortik bukaerara ez zen su-etenik izan, eta etapa garaipena Geniezek, Campenaertsek, Teunsek, Dylan Van Baarlek (Sky) eta Mark Padunek (Bahrain) jokatu zuten. Urrutitik abiatu zuen esprinta Geniezek, 300 metrora, baina inork ezin izan zuen aurreratu.

Pena izango du Herradak, ia sei minuturen abantaila izango bailuke orain ihesaldiko indartsuenen gurpilean iraun izan balu. 2.32 galdu zuen azkenean irabazlearekiko. Dena den, pozarren bukatu zuen etapa, maillot gorria soineratuta. Helmugan aitortu zuenez, «denbora asko» zeraman sari horren atzetik.

Egiaren tenorea

Ametsari jarraipena emateko, 3.22ko errenta defendatu beharko du Cofidiseko txirrindulari espainiarrak. Zail izango du, bihartik aurrera hasiko baita Vuelta erabakitzen. Hasteko, atsedenaren aurretik, mendiko hiru etapa gogor datoz. Gaur jokatuko da lehena, Candas eta Camperona artean. Hirugarren mailako mendate bat eta lehen mailako bi igo beharko ditu tropelak. Azken horietako bat da amaieran igoko duten Camperona: 4,2 kilometro eskas ditu, baina %11,8ko batez besteko pendiza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.