Ezusteko gonbidatua

Tropelaren utzikeria Espainiako Vueltako lider bihurtzeko baliatu du Jesus Herradak. 3.22ko abantailarekin helduko da asteburuko mendiko etapetara. Alexandre Geniez izan da azkarrena ihesaldian
Jesus Herrada, maillot gorria soinean duela, atzo, hamabigarren etapa amaitu berritan.
Jesus Herrada, maillot gorria soinean duela, atzo, hamabigarren etapa amaitu berritan. MANUEL BRUQUE / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko irailak 7
Espainiako Vuelta hasi aurretik, begiak itxita sinatuko zukeen Jesus Herradak (Cofidis) lasterketaren zati erabakigarrira liderraren maillotarekin iristea. Eta zer esanik ez, bigarren sailkatua ia hiru minutu eta erdira izatea. Halakoak ez dira oso ohikoak izaten itzuli handietan. Haatik, beherapenak daude aurtengo Vueltan; merke dago maillot gorria. Lehen astean, sailkapenaren buruan irauteko interes gutxi erakutsi zuten Rohan Dennisek (BMC) eta Michal Kwiatkowskik (Sky), eta, atzo, zerrenda horretara batu zen Simon Yates (Mitchelton). Herenegun ez bezala, tropela gidatu zuen Australiako taldeak, baina erritmo apalean. Movistarrek lagundu zion azken kilometroetan, baina aparteko surik gabe. Ondorioz, atzerapen ikaragarriarekin helmugaratu zen oilarren multzoa: iheslariengandik 11.39ra.

Herradak eta Alexandre Geniezek (Ag2r) atera zioten tropelaren jai egunari etekin handiena. Lehenak eskuratu zuen, eta bigarrenak, etapa, esprint estu batean ausart eta azti jokatuta. Haiekin beste hamasei txirrindulari izan ziren eguneko ihesaldian, ehiztari fin batzuk barne: Dylan Teuns (BMC), Davide Formolo (Bora), Thomas De Gendt (Lotto Soudal), Gianluca Brambilla (Trek)... Vincenzo Nibali (Bahrain) ere sartu zen, baita Jonathan Lastra (Caja Rural) eta Mikel Bizkarra (Euskadi Murias) euskal herritarrak ere.

Bidea eginez joan ziren kilometroek aurrera egin ahala, eta azken 50 kilometroetara 11 minuturen aldearekin iritsi ziren. Hortik aurrera, eraso festa izan zen aurrekoen taldetxoan. Formolo behin eta berriz saiatu zen taldea hausten, baina helmugatik 23 kilometrora Victor Campenaertsek (Lotto-Soudal) jotako erasoak eragin zuen lehen galbahe serioa. Atzean gelditu ziren, besteak beste, Herrada, Lastra eta Bizkarra. Hortik bukaerara ez zen su-etenik izan, eta etapa garaipena Geniezek, Campenaertsek, Teunsek, Dylan Van Baarlek (Sky) eta Mark Padunek (Bahrain) jokatu zuten. Urrutitik abiatu zuen esprinta Geniezek, 300 metrora, baina inork ezin izan zuen aurreratu.

Pena izango du Herradak, ia sei minuturen abantaila izango bailuke orain ihesaldiko indartsuenen gurpilean iraun izan balu. 2.32 galdu zuen azkenean irabazlearekiko. Dena den, pozarren bukatu zuen etapa, maillot gorria soineratuta. Helmugan aitortu zuenez, «denbora asko» zeraman sari horren atzetik.

Egiaren tenorea

Ametsari jarraipena emateko, 3.22ko errenta defendatu beharko du Cofidiseko txirrindulari espainiarrak. Zail izango du, bihartik aurrera hasiko baita Vuelta erabakitzen. Hasteko, atsedenaren aurretik, mendiko hiru etapa gogor datoz. Gaur jokatuko da lehena, Candas eta Camperona artean. Hirugarren mailako mendate bat eta lehen mailako bi igo beharko ditu tropelak. Azken horietako bat da amaieran igoko duten Camperona: 4,2 kilometro eskas ditu, baina %11,8ko batez besteko pendiza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna