Umorea nola lantzen den

Irailaren 26tik urriaren 7ra bitarte egingo dute 'Ja!', Bilboko Umorezko Literaturaren eta Artearen nazioarteko jaialdia. Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarra sarituko dute aurten
<em>Ja!</em> umorezko literaturaren eta artearen IX. jaialdiaren aurkezpena egin zuten atzo antolatzaileek Bilbon.
Ja! umorezko literaturaren eta artearen IX. jaialdiaren aurkezpena egin zuten atzo antolatzaileek Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko irailak 12
Europa osoan ez dago umorezko literaturari eta arteari buruzko jaialdirik; bakarra da Bilboko Ja! Umorezko Literaturaren eta Artearen festibala. Antolatzaileek bakantasuna azpimarratuta zuten atzo Bizkaiko hiriburuak jasoko duen Ja! jaialdiaren bederatzigarren edizioaren aurkezpenean. Aurtengoak ez du gai zehatzik landuko, baina Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarrak bere filmetan landutako umore beltzak «kutsatuko» du egitaraua, Juan Bas jaialdiko zuzendariaren esanetan. Izan ere, De la Iglesia zinemagile bilbotarrari emango diote aurtengo BBK Ja Saria. Orotara, nazioarteko hogei gonbidatu izango dira hilaren 26tik urriaren 7ra bitarte, eta umoreak arte disziplinetan utzitako aztarnak izango dituzte mintzagai. Gaztelaniaz eta ingelesez izango dira solasaldi gehienak.

Hilaren 26an irekiko dute jaialdia, eta joan den otsailean zendu zen Antonio Fraguas Forges irudigilea oroitzeko ekitaldia egingo dute egun horretan. Marrazkilariak Ja! jaialdiaren lehen edizioan parte hartu zuen, eta omenaldia egin nahi diote horregatik. Solasaldi eta mahai inguruen txanda iritsiko da gero.

Orotara, hamahiru ekitaldi antolatu dituzte. «Gurera etortzea nahi genuen hainbat sortzaile ekarriko ditugu». Jaialdiko zuzendariak Jeanette Winterson idazle ingelesa nabarmendu du. «Umorea lantzeko oso era berezia du». Begirada feministatik idazteagatik ere ezagun da Winterson, eta hilaren 29an izango da Bizkaiko hiriburuan.

Mircea Cartarescu idazle errumaniarra ere izango da jaialdian, urriaren 3an, eta baita David Foenkinos paristarra ere. Frantzian dagoen idazlerik arrakastatsuenetarikoa da Foenkinos, eta urriaren 6an izango da Bibon. Nazioarteko hiru idazleak elkarrizketan jardungo dira jendaurrean, eta Mercedes Cebrian idazlea, Enrique Redel editorea eta Gillermo Altares kazetaria izango dituzte solaskide.

Bestalde, hainbat idazlek mahai inguruak emango dituzte aztertzeko nola lantzen den umorea hainbat arte diziplinatan: Jacinto Antonek eta Alfonso Mateo Sagastak umorea eta historia izango dituzte ardatz, hilaren 28an. Hurrengo egunean, umorea eta filosofia lotuko dituzte Fernando Savaterrek eta Javier Gomak, eta, urriaren 4an, Patricia Estebanek eta Paco Plazak Umorea eta beldurra izeneko solasaldia emango dute.

Idazleak ez eze, hainbat umoregile izango dira Bizkaiko hiriburuan, Javier Cansado eta Silvia Abril tartean. Barry Manley irlandarrak bere bizipenetatik abiatutako istorio bat izango du ardatz jaialdiaren azken egunean emango duen From Cork to Kortezubi izeneko bakarrizketan. «Guztiz euskal herritartuta dagoen irlandar bat da Manley, eta bakarrizketa berezia egiten du musikarekin».

Jaialdiak iraun bitartean, Mamen Moreu marrazkilariak 2012tik orain arteko komiki eta ilustrazioekin osatutako Emakumeak binetetan erakusketa izango da ikusgai BBK aretoan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.jabilbao.com

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna