Hobeto egon zitekeen

Eibarrek hamabost puntu batu ditu ligako lehen hamabi jardunaldietan; aurreko sasoian baino lau gehiago. Baina gehiago izan zitezkeen, atzean huts larri gutxiago egin izan balitu eta aurrean joko onari eraginkortasuna gehitu izan balio.

Joan Jordan eta Pape Diop, Ever Banega Sevillako jokalariarekin lehian. Eibarreko bi jokalariak nabarmendu egin dira orain arte. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Ligaren lehen herena ia jokatu dute taldeek, eta Eibarrek hamabost puntu ditu: lau partida irabazi ditu, hiru berdindu eta bost galdu. Hamabi gol sartu ditu, eta hemezortzi sartu dizkiote. Helburu nagusia mailari eustea duenez, oso kontuan hartzeko datua da jaitsiko litzatekeen azken taldeari ateratzen dion aldea: Eibarrek bost puntu atzetik du Leganes.

Hotz-hotzean, zenbakiak ez dira txarrak, eta jaitsiera aldendu samar edukitzeak lasaitasunerako joera heda dezake. Baina taldean ez daude lasai, eta, ikusita liga nola doan, berdinduta erabat, kezka daukate sasoi honetan 40 puntutik gora beharko ote diren mailari eusteko. Ez zaie iruditzen azken denboraldietan bezala 35 aterata inor salbu izango denik.

Hamabostetik 40rako koskak igo egin beharko ditu Jose Luis Mendilibarren taldeak, eta badauka zertan hobetu. Zenbaki hotzek hoztasun gehiegizkoa ere azaltzen baitute alor batzuetan; gehienbat, honetan: golak sartzea asko ari zaio kostatzen Eibarri.

JOKOZ ONDO, BAINA ATE AURREAN PATTAL

Taldea egunero entrenamenduetan ikusten dutenak esaten ari dira jokalariak oso ondo dabiltzala lanean. Halakoetan, gehienetan asteburuetan joko ona egitea izaten da ondorioa, eta, Eibarren kasuan, betetzen ari da hori. Partida txukunak eta onak dabil jokatzen. Jose Luis Mendilibarren estiloari jarraiki, betiere. Aurkariak haien zelai zatian sarritan ito izan ditu hamabi partida hauetan, eta hori Ipuruan ari da gertatzen, batez ere. Entrenatzaileari gustatuko litzaioke jokalariak kanpoan ere tamaina bereko ausardiaz aritzea, eta eskatu ere eskatu die jendaurreko agerraldietan. Ematen du badatorrela hori ere, Celtaren aurka Vigon (Galizia) eta Valladoliden (Espainia) lehen zati eta bigarren zati oso onak egin zituelako taldeak, hurrenez hurren.

Joko onari golak gehitzea falta zaio, baina. Askotan iristen da kontrarioaren areara, baina ez da ari sortzen aukera garbiak, eta sortu ezean, zailagoa da golak sartzea. Horixe du gabeziarik handienetakoa taldeak. Gol gehien Charlesek sartu du, eta hiru sartu ditu. Harenak eta taldekideenak batuta, hamabi dira. Gutxitxo aukeran.

HUTS LARRI BATZUK ATZEAN

Gol gutxi sartu izanak galarazi dio puntu gehiago edukitzea, baina ez bakarrik horrek. Izan ere, defentsako lanean huts handi batzuk ere eginda dauzka. Atzealdeko lana ez da atzelarien ardura soilik, talde osoarena baizik. Nabarmena izan zen Celtaren zelaian egindakoa talde lana dela nabarmentzeko. Lehen zatian, Eibar nagusi izan zen, baloiaren jabe eginda, eta etxeko taldea haren zelaian zeukan preso. Baina jokaldi batean, area ertzean, ez zuten behar bezala estutu euskarriek eta erasoko jokalariek, eta atzealdekoak salduta utzi zituzten. Gola etorri zen jokaldi horren amaieran.

Atzelariek bakarka ere egin izan dituzte oker handiak, eta horrek ere eragin ditu golak. Ematen du azkenera hobeto ari direla, eta segitu beharko dute bide horretan, golak oparitzea hain berdindua den ligan zama astunegia izan baitaiteke etorkizunerako.

IPURUAN, SENDOAGO

Hamabost punturen uzta zaleen aurrean batu du Eibarrek zatirik handienean. Hamar bildu ditu Ipuruan: hiru partida irabazi ditu, bat berdindu eta bi galdu. Zortzina gol dauzka alde, eta beste horrenbeste kontra. Ipuruatik urruti, honelakoa da banaketa: bost puntu atera ditu sei partidetan, bakarra irabaziz, bi berdinduz eta hiru galduz. Lau gol baino ez ditu sartu, eta hamar sartu dizkiote.

FITXATURIKOAK, EGOKITZEN

Kontu berri-berria ez da ondorengo hau: kostatzen ari zaie Eibarrek udan fitxatu dituen jokalariei Mendilibarren jokatzeko moldera egokitzea. Aurreko sasoian ere gertatu zen, eta orain ere bai. Deigarria da, eta oso adierazgarria zeintzuk ari diren gehien jokatzen: aurreko denboraldiko jokalariak. Berrien artean, Pablo de Blasis argentinarra bakarrik izan da gai hamaikakoan lekuari eusteko. Beste muturrean dago Jordi Calavera, ligan minutu alerik jokatu ezinda —lesionatuta ere egon da—.

Berriei kostatzen ari zaiena ondo islatu zuen Mendilibarrek berak duela egun batzuk, Sergio Alvarez euskarriaz galdetu ziotenean: «Esaten diot gora atera behar duela, lekua gutxiago gordeta, baina kostatzen ari zaio. Ikasiko du, hala ere».

DIOP, JORDAN ETA PEÑAARI DIRA NABARMENTZEN

Urtebete da Eibarrek Pape Diop fitxatu zuela, eta, aurreko sasoian hamaikakoan azaldu eta desagertu ibili bazen ere, orain ez dio inork lekua kentzen. Nagusi da zelaiaren erdian, toki askotara heltzen dabil, baloi asko berreskuratuz, eta, alderaketak egitea oso arriskutsua izaten bada ere, bete du gutxi-asko Dani Garciak utzitako zuloa; hierarkia aldetik, bai behintzat.

Diopen alboan dotore ari den bestea Joan Jordan da. Baten lana bestearen distirak orekatzen du, eta kataluniarra egundoko konfiantzarekin ari da jokatzen. Jokoa sortzeko ardurak hartu ditu, eta baita gora iristekoak ere. Defentsako lanean ere indartsu azaltzen da, eta, gaur-gaurkoz, ezinbesteko jokalaria da Mendilibarrentzat.

Ruben Peña da dotore ari den beste bat. Eskuin hegaleko atzelariaren postua Peñarena da, eta kosta behar zaie besteei handik kentzea. Defentsako lanean, ondo, eta erasoan, hobeto; aurkarientzat arazo asko sortzen dituen jokalaria bihurtu da.

LESIOEN ZAMA

Eibar ez dabil zorteko lesio kontuetan. Jokalari gehienen kasuan, lesio txikiak izaten dira, giharretako arazoak eta. Baina larriagoak ere badira. Pedro Leonena da esanguratsuena. Osatua zen disko hernia sendatzeko egin zioten ebakuntzatik, baina orain berriz joan beharko du ebakuntza gelara, oin gaineko arazoa sendatzera. Baita Marko Dmitrovic atezainak ere, pubalgia jota baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.