Oteizaren metafisika bizitzea

Nafarroako Unibertsitateko Museoak Jorge Oteizaren inguruko opera bat estreinatuko du bihar. Juan Jose Eslava konpositoreak eskultorearen obra artistikoa hartu du ardatz gisa

Juanjo Eslava konpositorea, Nicholas Isherwood abeslaria, Nacho de Paz musika zuzendaria eta Txema Lakuntza Nafarroako Ganbera Operaren kudeatzailea, apirilaren 2an, obra aurkeztu zutenean. JESUS DIGES / EFE.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Tokia eta hutsa; gizakiaren jatorria eta bere buruaren bilaketa; burdina, harria eta zura; cromlecha. Jorge Oteizaren obraren oinarrian dauden ideiak dira horiek guztiak, haren iruditeria osatzen duten kontzeptuak. Askotariko jakintza arloetatik ikertu eta interpretatu dituzte horiek eta beste batzuk. Oraingoan, baina, Juan Jose Eslava musikagileak beste ikuspuntu batetik heldu die, eta irakurketa berritzaile bat egin du: operara eraman du Oteizaren obra. Haren lanean oinarritutako opera bat sortu du, ekitaldi bakarrekoa, Nafarroako Ganbera Operarekin, Nafarroako Unibertsitateko Museoarekin eta E7.2 Kolektiboarekin. Bihar estreinatuko dute, museoaren antzokian.

«Oteizaren lanaren interpretazio pertsonal bat egin dut, ez horrenbeste omenaldi bat», adierazi du Eslavak. Horretarako, artistaren obra poetikoa eta eskultorikoa hartu ditu ardatz gisa; «haren metafisika». Oteizak sakonki landu zuen hutsaren kontzeptua, eta horretan jarri du fokua bereziki; horri lotuta,gogoeta egin du gizakiaren eta bere buruaren bilaketa etengabearen inguruan. «Oteizaren teoria estetikoaren arabera, cromlecharen bitartez gauzatzen da elkartze hori».

Gogoeta hori opera monografiko batean hezurmamitu du. Abeslari bakarra dago agertokian, pertsonaia bakarra, eta bere burua bilatzen dabil etengabe. «Bere burua pertsonaia gisa osatu nahi du, baina ez du bilaketa hori burutzen; bilaketa amaigabe horrek osatzen du, preseski, haren izatearen funtsa». Pertsonaiak elementu ugarirekin egiten du topo prozesuan; naturan dauden materialekin, landu gabeko gaiekin: harria, burdina, zura... «Material horiek garrantzi handia dute Oteizaren obran», Eslavak azpimarratu duenez.

Pertsonaiaz bestalde, espazioaren gaineko lan sakon bat dago obran. Alde batetik, musikariak modu «ezohiko eta berezian» kokatu dituzte espazioan, «soinu hologramak balira bezala», eta, horren eraginez, soinua espazioaren bitartez eraikia da, Eslavak azaldu duen moduan: «Helburua da soinuarekin espazioari lotutako esperientzia bat sorraraztea entzuleari; jatorriarekin lotutako esperientzia bat». Gainera, ohiko musika tresnetatik harago, badira naturatik, Nafarroako mendietatik, hartutako hotsak; lurrari lotutako hotsak: ibaiaren soinua, zintzarria... «Hor ere bada erlazio bat Oteizarekin», nabarmendu du konpositoreak. Soinua sortzeko prozesua oso konplexua izan dela aitortu du: «Ahotsaren eta musikarien lanak teknikoki konplexuak dira; erronka bat da taldearentzat».

Operan darabiltzaten hizkuntzetan ere bada loturarik artistarekin. «Obran maklatuta daude, Oteizaren maklak bezala, gaztelania eta euskara», esan du Eslavak. Euskaran irudi indartsuak topatu dituela kontatu du, eta bihotz eta arnas hitzak jarri ditu adibidetzat. «Lotura handia dute jatorriarekin, gorputzarekin, lurrarekin... Oteizaren obran dauden irudiak dira horiek, eta aztertu nahi izan ditut». Oteizaren idatzi batzuk ere sartu dituzte obran, baina ez dituzte kantatuko edo errezitatuko; «beste era batera» adieraziko dituztela esan du musikagileak. Bestalde, obra erlijioso bat ez izan arren, eskultorearen lanetako espiritualtasuna ere islatuko da obran.

Musikagileak lantalde artistiko «handia eta bertutetsua» izan du aldamenean sortze prozesuan. Alde ikusgarriena zazpi musikarik, Nicholas Isherwood abeslariak eta elektronikaren arduradunak osatzen dute. Dena dela, lagun asko dituzte atzetik soinuan, irudian eta eszenografian lanean, eta Eslavak guztien lana goraipatu du: «Talde honengatik ez balitz, ez nintzateke halako tamainako eta konplexutasuneko proiektu batean murgilduko». Azkenik, garrantzizkotzat jo du Pilar Oteiza Jorge Oteizaren egile eskubideen oinordekoaren babesa jaso izana.

Operaren afixa ere berezia da Eslavarentzat, haren aitak egin baitu, Antonio Eslava margolariak. Kartelaren atzealdea kolore gorrikoa da; aurreko planoan lerro zuzenez osatutako lauki gris eta beltz bat ageri da, eta, horren atzetik, irudi gris abstraktu bat. «Energia handiko» kartel bat dela uste du konpositoreak: «Lerroen bitartez, Oteizaren planoak eta kaxa metafisikoak interpretatu ditu, eta atzeko materiak haren obran agertu ohi den burdinari egiten dio erreferentzia».

Urtebetean baino gutxiagoan ondu dute obra; ideiaren sorreratik, baina, urteak igaro dira. Izan ere, Eslavak kontatu duenez, «betidanik» miretsi izan du Oteiza: «Haurra nintzenean hura ezagutzeko zortea izan nuen, eta bizi esperientzia izugarria izan zen; hark abentura estetiko bat erakutsi zidan niri, eta nik gogoa nuen hari opari hori itzultzeko». E7.2 Kolektiboari helarazi zion asmoa, talde horretako partaide baita, eta elkarteak eskultorearen obraren inguruko proiektu bat sortzea erabaki zuen, ikuspegi berri bat eskaintzeko asmoz. «Gure apustua hori izan da; ez dugu Oteiza ikertu nahi, baizik eta haren irudia egungo panoraman kokatu».

Proiektu berritzailea

Oteiza Fundazioak, Nafarroako Ganbera Operak eta Nafarroako Unibertsitateko Museoak azkar erakutsi zuten ideiarekiko interesa, eta ideia gorpuztuz joan ziren, haiei eta Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Udalaren eta Espainiako Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutuaren finantzaketari esker. Ordubete irauten duen opera bat izan da emaitza.

Proiektua berritzailea dela onartu du Eslavak; «abangoardista». Horregatik, ikus-entzuleei eskatu die aukera bat eman diezaiotela obrari, eta apur ditzatela ezezagunaren aurrean izan ohi diren aurreiritziak. «Opera honi ezin zaio inolako etiketarik jarri; soinu eta bizi esperientziak bilatzeko saiakera bat da. Apur dezatela askatasunari dioten beldurra; gauzatu dezatela askatasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.