Pentsalaria, irudi eta hitzetan

Jorge Oteizaren marrazkiak, estanpak, ikusizko poemak eta eskultura txikiak bildu dituzte Pasai Donibaneko Victor Hugo Etxean. Artistaren pentsamendua ezagutaraztea du xede

Artistaren marrazkiak, estanpak, testuak eta dozena bat eskultura daude Pasai Donibaneko erakusketan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Pasai Donibane
2019ko irailaren 20a
00:00
Entzun
«Nire eskulturei hitzak zerizkiela nabaritu nuen», esan izan zuen Jorge Oteizak. Ibilbide artistiko eta intelektualean poesia eta hitza ezinbesteko ardatz izan zituen sortzaileak, eta jardun hori artelanetatik bereizezina dela uste du Felix Marañak, kazetari, idazle eta Oteizaren inguruko hainbat libururen egile eta editoreak. Ideia horren erakusgarri da Jorge Oteiza: marrazkiak, estanpak, hitzak (eta eskulturak) erakusketa, Marañaren eta Pasaiako Udalaren ekimenez Pasai Donibaneko Victor Hugo Etxean (Gipuzkoa) ikusgai dagoena. Artistaren marrazkiak, estanpak, ikusizko poemak eta eskultura txikiak bildu dituzte han, Oteizaren pentsamendua ezagutarazteko asmoz. Marañaren esanetan, «Oteiza beti izan zen pentsamendu gizon bat, eta erakusketa honek ideia horri kantu bat egin nahi dio». Hilaren 29ra bitarte egongo da bistan.

Marañak Oteizarekin batera sortu zuen ikusgai dagoen erakusketa, eta 2000. urtean erakutsi zuten lehenbizikoz, Orioko kultur etxean (Gipuzkoa) —artista ere bertan izan zen—. Sortzailearen 70 marrazkik eta grafiak osatzen dute erakusketaren oinarria, eta formatu txikiko dozena bat eskultura ere jarri dituzte aretoan. Azken horien artean dago Pietate ariketa (1959), Arantzazurako egin zuen lehen proiektuari dagokiona. Halaber, lehen aldiz jarri dute ikusgai Aterkia (1966-1967) buztinezko irudi txikia.

Edonola ere, marrazkiek eta hitzek dute protagonismoa aretoan. Artistak betidanik izan zuen marrazkiak eta zirriborroak egiteko joera, baina 1985 eta 2000 artean egin zituen ikusgai dauden lan gehienak, «bere sormen lanaren azken etapan, egin zuen guztiaren ziurtagiri», Marañaren hitzetan. Prozesu horretan, artista «hastapenerako ideia antropomorfikora» itzuli zen nolabait, adituaren hitzetan; eta horren erakusle dira marrazki ugari.

Paradisua serieko irudietan, esaterako, Adamen eta Evaren zirriborroak ageri dira, baita paradisuko zuhaitzarenak ere, besteak beste. Poesiaren lekua serieari dagozkion zirriborroetan ere irudiak eta hitzak tartekatuta ageri dira. Marañak azaldu duenez, Oteizaren pentsamenduan poesiaren lehen lekua munduaren kreazioan dago, eta poesiaren tokia gizakia da, aldi berean. Hain zuzen, «Gizakia da poesiaren lekua» dio irudietako batek; «Amorruz itzuliko da poesia», beste batek.

Pareko horman, poema baten sortze prozesua erakusten duten jatorrizko dokumentuak daude. 1987an, Madrildik Irunerako bidaia egiten ari zela, egunkari batean Josef Albers margolariaren obra bati buruzko komentario bat irakurri zuen, eta orrialde hartan bertan, emakume baten irudia eta hainbat esaldi zirriborratu zituen. Jatorrizko orri hura eta poema osatuago batzuk ikus daitezke hormatik zintzilik.

Estanpak serieko irudietan ere ikus daiteke irudi antropomorfikoetarako itzulera hori, Marañaren hitzetan. Bermingham argitalpen proiekturako logotipoa diseinatzen ari zela, 1999an, oinarrizko lau estanpa osatu zituen, irudi geometrikoak ardatz zituztenak. Gero, hogei figura konbinatu egitea erabaki zuen, Carlos Aurtenetxe poetaren Jorge Oteiza, la piedra acontecida liburua ilustratuko zutenak. Hurrengo urtean, estanpa multzo hori sinatzea erabaki zuenean, Oteizak ez zuen bere sinadura jarri bakarrik; errotuladoreak hartu, eta «originaltasun eta umore handiko» marrazkiak ondu zituen irudi geometrikoen bueltan, giza itxurakoak horiek ere, «geometriari giza zentzua emateko».

Beste hainbat irudik eta testuk osatzen dute erakusketa, besteak beste Litoral aldizkarirako osatu zituen hizki konposizioek.

Zabaltzeko bokazioa

Marañaren beraren bildumakoak dira erakusketan ikusgai dauden obrak, urteetako hartu-emanean artistak hari emandakoak. Ez ditu, ordea, gordeta izan nahi. Bilduma pribatua den arren bokazio publikoa duela errepikatzen du, eta, erakusketa behin-behinekoa izatea baino, Euskal Herrian barrena Oteizaren obra erakusteko leku finko bat baino gehiago zabalik ikusi nahi lituzkeela, haren obra eta pentsamendua ahalik eta gehienengana iristeko. Asmo berarekin, liburu bat idazteko asmoa ere badu.

Erakusketa ireki zenetik hainbat bisita gidatu egin dituzte, eta gehiago ere egingo dituzte, zabalik dagoen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.