Betiko ereduari jarraikiz

Hurrengo Tourrean ez bezalako garrantzia izango dute erlojupekoek 2020ko Giroan: bakarka, hiru saio eta ia 59 kilometro. Sei etapa bukatuko dira mendate batean

Betiko ereduari jarraikiz.
enaut agirrebengoa
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun

Ez da esperimenturik izango datorren urteko Italiako Giroan. Ohiko itzuli handi baten itxura izango du; ez du kutsatu Frantziako Tourrak egindako apustuak. Alde batetik, askoz ere ibilbide orekatuagoa izango du, hiru erlojupekorekin. Ziklistek 58,8 kilometro egin beharko dituzte bakarka. Bada zerbait, Tourrean azken-aurreko egunean egingo diren 36 kilometro eskasen aldean. Etapen luzera ere bat dator hiru asteko itzulien kanonarekin, 200 kilometrotik gorako hamar etapa egongo baitira. Gainera, ez zaie muzin egin mendate mitikoei; besteak beste, Stelvio, Agnello, Izoard eta Sestriere igoko dira —azken hirurak hogeigarren etapan—. Guztira, sei etapa amaituko dira igoera batean: bi lehen astean, bat bigarrengoan, eta hiru azkenekoan.

Aurrez jakinak ziren ibilbidearen xehetasun asko, eta antolatzaileek atzo egin zuten aurkezpen ofiziala. Maiatzaren 9an hasiko da lasterketa, Budapesten. Lehen hiru etapak Hungariako lurretan jokatuko dira. Aurrenekoa 8,6 kilometroko erlojupekoa izango da; ,aldan gora bukatuko da, eta lehen aldeak zabalduko ditu. Esprinterren txanda iritsiko da hurrengo bi egunetan, Italiarantz jo aurretik. Txirrindulariak Sizilian barrena ibiliko dira, eta faboritoek bertan izango dute lehen azterketa garrantzitsua. Izan ere, Etnan bukatuko da bosgarren etapa. Azken urteetan, klasiko bihurtu da lehen astean sumendira igotzea. 2017an eta 2018an ere helmuga izan zen.



Bezperako etapan, lau kilometroko igoera bat egongo da amaieran, baina ez dirudi onenek elkarri min egiteko nahikoa denik. Horretarako aproposagoa izan daiteke zazpigarrena, 26 kilometroko Valico di Montescuro tarteko. Mendate horrek helmugatik hamar kilometrora izango du gaina; beraz, baliteke jokoa ematea. Maiatzaren 18an iritsiko da lehen atseden eguna, azkarrenek distira egiteko baliatu beharko lituzketen bi egunen ondotik.

Zirrara handituko da bigarren astean. Lehenik, etapa hautsiak eta bihurriak jokatuko dira. Horietako bat da hamabigarrena; Cesenaticon hasi eta bukatuko da, Marco Pantaniren jaioterrian. Pirata oraindik idolo da italiarrentzat, eta omendu egingo du Giroak. Ehiztarientzako egunak izango dira, hamalaugarren etapan oilarren unea iritsi aurretik. 33 kilometroko erlojupeko gorabeheratsuak alde handiak egingo ditu espezialisten eta igotzaile petoen artean. Igotzaileek biharamunean izango dute galdutako denbora berreskuratzeko aukera, Piancavallon amaituko den etapan.

Azken egunean, lehia

Lasterketak azken astean egingo du eztanda, goi mendiko hiru etaparekin. Hamazazpigarren etapan, lau mendate kateatuko dira 202 kilometroan, tartean bukaerako Madonna di Campiglio. 5.500 metroko desnibel metatua pilatuko dute, eta ez da atseden hartzeko betarik egongo, hurrengo etapa are bortitzagoa baita: 209 kilometro eta 6.000 metroko desnibel metatua. Laghi di Cancanon izango dute helmuga, eta aurrez beste hiru igoera gainditu beharko dituzte; tartean Stelvio, lasterketako mendaterik garaiena.

Laua izango da hurrengo etapa, hemeretzigarrena, baina luzeena ere bai: 251 kilometro. Hautagaiak eguna ahalik eta lasaien hartzen saiatuko dira, hogeigarren etapa handiaren aurretik. Eskalatzaileek epikari gorazarre egiteko moduko ibilbidea izango dute: Agnello, Izoard, Monginervo eta Sestriereko igoerak. Giroa, edonola ere, ez da orduan bukatuko, azken eguneko erlojupekoan baizik. Hor ere bada aldea Tourrarekin. 16,5 kilometroko saio laua izango da, eta, sailkapenean gauzak estu badira, iraultza gerta daiteke bertan.

Aurkezpenean izan zen Richard Carapaz, aurtengo irabazlea, baita Peter Sagan ere. Eslovakiarra sekula ez da lehiatu proba italiarrean, eta irteera marran izango da datorren urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.