Birusak kutsatuta

Koronabirusaren ondorioz, makina bat kirol lehiaketa geratu dira bertan behera Euskal Herrian. Antolatzaileak egutegian tokia egin nahian ari dira, baina aldeak daude batzuen eta besteen artean. Badira arriskuan dauden probak ere.

Txirrindulariak, Euskal Herriko Itzuliko etapa batean. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Koronabirusak hankaz gora jarri du guztia, baita kirola ere. Dozenaka kirol lehiaketa geratu dira bertan behera Euskal Herrian. Badira ere oraindik eutsi egiten diotenak, baina, zenbat eta lehenago jokatu, orduan eta aukera gutxiago dute COVID-19 gaitzaren ondorioei izkin egiteko.

JULIAN ERASO Euskal Herriko Itzuliko zuzendaria

«Nola egingo zen ikusita, hobeto da ez jokatu izana; ez zen izango ziklismoa»

Hamar egun pasatxo joan dira jadanik Euskal Herriko Itzulia bertan behera geratu zela jakinarazi zutenetik, eta oraindik ez zaio pasatu «disgustua» Julian Erasori (Eibar, Gipuzkoa, 1950), Itzuliko zuzendariari. «Koronabirusa nola hedatzen ari zen ikusita, aspaldi genuen barneratua ia ezinezkoa izango zela Itzulia jokatzea. Halere, barneratua izateak ez du esan nahi kolpea izan ez denik».

Apirilaren 6tik 11ra zen jokatzekoa 60. aldia, Eibar (Gipuzkoa) eta Bilbo artean. Erasok eta haren taldeak urtebete zeramaten «gogor» lanean «berriz ere» Itzulia «ederra eta arrakastatsua» izan zedin. Baina «alferrikakoa» izan da ahalegin hori guztia. Hala, 50 urtez jarraian jokatu ostean, ezusterik ezean, aurten ez da izango Itzulirik. «Eskaera egin dugu aurten egutegian toki bat egiteko, baina ia ezinezkoa da, makina bat proba geratu baitira bertan behera». Horregatik, jada jakinarazi dituzte datorren urterako datak: apirilaren 5etik 10era jokatuko da. Ibilbidea, berriz, «aurtengoaren oso antzekoa» izango da.

Jaurlaritzak hilaren 13an osasun larrialdiko egoera ezarri eta Itzuliari azkena eman aurretik, antolatzaileak prest ziren «muturreko» neurriak hartzeko Itzulia joka zedin. «Koronabirusaren aurkako osasun protokolo oso zorrotza egiteko asmoa genuen: tenperatura kontrolak egingo genizkion Itzuliaren inguruko jende guztiari; irteerako eta helmugako eremuak itxiko genituen, ikusleak egon ez zitezen... Ahal genuen guztia egiteko prest ginen Itzulia joka zedin». Orain, «hotzean» ikusita, Eraso «pozik» dago horren neurri zorrotzak indarrean jarri ez izanagatik. «Ez zen izango ez Euskal Herriko Itzulia, ezta ziklismoa ere. Apenas egongo zen jenderik, eta txirrindulariak burbuila batean egongo ziren».

«Lasai» dago Eraso, Itzulia bertan behera uzteak ez baitie diru galera handirik eragingo. «Zorionez, garaiz utzi dugu bertan behera, eta gastu handienak egin gabe zeuden: publizitatea, maillotak, taldeei ordaindu beharreko dirua eta hotelak, besteak beste».

Donostiako Klasikoaren zuzendaria ere bada Eraso. Uztailaren 25ean da jokatzekoa. «Asko falta da, lau hilabete, eta pentsatu nahi dut egoerak hobera egingo duela. Baina auskalo. Duela gutxi arte urrun ikusten genuen otsoa, baina iritsi da, eta harrapatu egin gaitu».

IKER AMARIKA Emakume Master Cupen antolatzailea

«Gureak ez du irtenbide horren zaila: bi egun lortu behar ditugu, besterik ez»

Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketaren laugarren ekitaldia ere bertan behera geratu da, behin-behinean. Azken txanpan zen: pilota gozoko finalerdiak eta diziplina horretako eta pilota mistoko finalak falta ziren jokatzeko. Finalerdiak hilaren 14an ziren jokatzekoak, Elgoibarren (Gipuzkoa), eta finalak, igande honetan, Irunen (Gipuzkoa).

Iker Amarika (Larrabetzu, Bizkaia, 1961) baikor da, eta espero du egoera bere onera itzultzen denean txapelketa amaitzea. «Bai gure asmoa, bai ETBrena da egoera hau pasatzen denean finalentzako eguna zehaztea. Ziurra dena, da aurreikusi bezala, Irunen jokatuko direla bi finalak. Pilota gozoko finalerdiak falta dira jokatzeko, Elgoibarren, baina horiek finalaren egunaren arabera zehaztuko ditugu. Onena litzateke finalerdi horiek asteburuan izatea, baina gerta liteke astean zehar jokatzea. ETBk du azken hitza. Ustez, gureak ez du irtenbide zaila: bi egun lortu besterik ez. Eta badugu denbora, hurrengo txapelketa San Fermin torneoa baita».

ALBERTO AIERBE Zegama-Aizkorriko zuzendari teknikoa

«Ezkor gaude,eta ziurrenik bertan behera utziko dugu»

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren antolatzaileak, berriz, etsitzekotan dira. Maiatzaren 24an da jokatzekoa Euskal Herrian egiten den mendi lasterketarik garrantzitsuena —Munduko Serieetako proba da—. Ia bi hilabete falta dira, baina, ezusterik ezean, ez da jokatuko. «Ezkor gaude. Aurki erabakiko dugu zer egin, baina ziurrenik bertan behera utziko dugu», esan du, etsita, Alberto Aierbek, lasterketako zuzendari teknikoak (Zegama, Gipuzkoa, 1957).

Aierbek azaldu duenez, beste hilabete batez zain egon ahalko lirateke zer egin erabakitzeko, hori eginda ere denbora izango luketelako lasterketa antolatzeko. Baina ez dute hori egin nahi. Jada hartu nahi dute erabaki bat. «Korrikalariak egunero ari dira galdezka ea zer asmo dugun. Gainera, egoerak behartuta, ez dira taxuzko prestaketa egiten ari. Argi dugu: jada erabaki behar dugu zer egin. Eta, lehen esan bezala, ezkor gara». Argi dutena da ez dutela atzeratuko. «Edo maiatzaren 24an jokatuko da, edo ez da jokatuko aurten. Ez dugu atzeratu nahi; ez diogu beste proba bati kalte egin nahi hori eginda».

Oraindik ez dira hasi aztertzen zer diru kalte eragin ditzakeenproba bertan behera uzteak, baina «ziur» dira egon, egongo direla. «Gauza batzuk jada eginda daude, eta ordaindu egin behar dira. Horrez gain, diru sarrera batzuk galduko ditugu; adibidez, korrikalariek izena emateagatik ordaindutakoa itzuli beharko dugu. Dirua galduko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.