Frantziako Tourra

Bere legea ezarri du mendatean

Martinez ihesaldiko indartsuena izan da Frantziako Tourreko 13. etapan. Bardetek eta Guillaumek faboritoekiko atzerapen handia izan dute. Roglicek sendo jarraitzen du lider

Daniel Felipe Martinez garaipena ospatzen, atzean Lennard Kamna etsita ageri dela, Frantziako Tourreko 13. etapan. ANNE-CHRISTINE POUJOULAT / EFE.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Burua hotz eta belarriak tente izan zituen Daniel Felipe Martinezek (Education) azken metroetan. Kolonbiarrak eskarmentua lagun zuela, Lennard Kamna (Bora) iheskidea erraz nagusitu zitzaion atzo, Puy Mury mendatean, Frantziako Tourreko 13. etapan. Oilarren artean, galerarik handiena izan zuten txirrindulariak Romain Bardet (Ag2r) eta Guillaume Martin (Cofidis) izan ziren. Tadej Pogacarrek (UAE) eta Primoz Roglic (Jumbo Visma) liderrak ausardiaz jokatu, eta beste faboritoei tartea zabaldu zieten.

Etapa hasi eta berehala sortu zen ihesaldia. Talde horretan zeuden, besteak beste, Romain Sicard (D.Energie),Marc Soler (Movistar), Martinez, Kamma eta haren taldekide Maximilian Schachmann. Kilometroak egin ahala, ihesaldikoek tropelarekin zuten aldea handituz zihoan, eta, oker handirik ezean, garaipena bertan zegoen. Puy Mary azken mendatera iritsi aurretik, Schachmannek egin zuen aurrera lehendabizi, baina Martinez, apurka-apurka, tartea murrizten joan zitzaion, Kamnak jarraitzen ziola. Amaieran, azken bi txirrindulari horiek buruz-buruko lehia izan zuten garaipena lortzeko. Kolonbiarrak ezarri zuen bere legea Puy Muryn, erraz gailenduta.

Tropelean, Pogacarrek sortu zuen zalaparta, eta Roglicek soilik eutsi zion. Bi esloveniarrek faboritoekiko tartea zabaldu zuten, eta, amaieran, hamahiru segundotara iritsi ziren Mikel Landa (Bahrain), Richie Porte (Trek) eta Miguel Angel Lopez (Astana). Egan Bernalek (Ineos) galanki sufritu zuen; Bardet eta Guillaume sailkapeneko lehen hamar postuetatik kanpo daude orain. Gaurko etapa ehiztarientzat egokia izango da; 194 kilometro egin beharko dituzte.

Simon Yatesen eguna

Tirreno-Adriatikoan, berriz, Simon Yates (Mitchelton) aise nagusitu zen bosgarren etapan, eta lider jarri zen. 191 kilometroko etapa izango dute gaur txirrindulariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.