Oztopoen gainetik, gozatzera

Koronabirusagatik ligako lehen hiru partidak bertan behera geratu ostean, Leioako Waterpolo taldeak gaur izango du estreinakoa maila nagusian, Catalunyaren aurka.

Virginia Cobos eta Paula Unzueta, Leioa Waterpolo taldeko jokalariak, entrenamendu saio batean. LEIOA WATERPOLOA.
Mikel O. Iribar.
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Lehenengoan ez. Bigarrengoan ere ez. Ezta hirugarrengoan ere. Leioako Waterpolo taldeak maila nagusian estreinatzeko egin dituen saialdiak dira horiek. «Ea laugarrenean», esan du ziurgabetasun osoz Virginia Cobos (Bilbo, 1992) taldeko kapitainak. Bidegurutze gaiztotik lehenbailehen atera nahi dute leioaztarrek, etagorenmailan jokatzea zer den ezagutu. Bada, gaur heldu zaie igerilekura jauzi egiteko tenorea, Katalunian.

Jakina zen izurriak waterpoloan ere bere arrastoa utziko zuela. «Baina ez genuen pentsatzen halako egoera batean egongo ginenik», aditzera eman du Cobosek. Hain zuzen, gurpil zorotik atera gabeko hilabetea bizi izan dute. Ligako lehen hiru jardunaldiak ezin izan baitituzte jokatu, talde bateko zein besteko koronabirus kasuak direla medio. Gauzak horrela, burura etorri zaien sentimenduak gozotik ezer gutxi du. «Ezjakintasunean murgilduta gaude. Egia esan, etsigarria da», irten zaio barru-barrutik Cobosi.

Motibazioz gainezka zeuden, lehen bi jardunaldietan ligako bi talde indartsuenen aurka lehiatu behar zutelako: Sabadellen eta Mediterraniren kontra, hurrenez hurren; hirugarrenean, berriz, Sant Feliu «aurkari zuzena» zuten lehiakide. Cobosen esanetan, «urduritasuna kudeatzeko» norgehiagokak ziren horiek. Alta, COVID-19a gehiago izan da.

Zailtasunak zailtasun, ezerk ez die ilusioa kendu Leioako Waterpoloko jokalariei. Horretarako, lanean jo eta su ari da Jon Lopezek zuzendutako taldea. «Gure aldetik ahal dugun guztia ari gara ematen», nabarmendu du Cobosek. Lehiatzeak sortzen duen txinparta sentitzea falta zaie, ordea. Izan ere, denbora asko daramate demarik izan gabe. «Entrenamenduetara lehiakortasun maila handia eramatea ez da erraza».

Are gutxiago, izurriak eragin ditzakeen ondorioak pairatuta. «Baliabide aldetik, erraztasun handirik ez dugu, ezta argibide zehatzik ere». Esaterako, lan saioak 21:00etatik 23:00etara egin beharrean, ordu eta erdi lehenago amaitu behar dituzte, erakundeek ezarritako etxeratze aginduaren ondorioz. Lehiaketa ez-profesionaltzat hartzearen patua.

Egoera gordin hori eragotz zitekeen galdetuta, zalantzak ditu Cobosek. «Baina argi dugu denboraldia aurrera eramateko asmoz federazioak ezarri dituen baldintzak ez direla duinak, ezta entrenatzeko ere». Uste du ezohiko denboraldi honek, beste kirol gutxituek bezalaxe, waterpoloari ere kaltea baino ez diola egingo. «Edonoiz gerta dakiguke partida bat bertan behera geratuko den berria jasotzea, esaterako, Bartzelonara bidean».

Lehiaketa hari mehe batetik zintzilik dela ikusita, hil honen hasieran Espainiako Igeriketa Federazioak eta waterpoloko maila nagusiko taldeek batzarra egin zuten. Alde bateko zein besteko iritziak plazaratu zituzten, tartean, Leioako taldeak. Cobosek azaldu duenez, liga aurrera eramatearen aurkako jarrera erakutsi zuten, beste lau talderekin batera, ez baitzuten «bideragarri» ikusten. Dena den, sasoia ez eteteko erabakia hartu zuten. Beste modurik ezean, ligak aurrera jarraitzen duen bitartean, burua ez dute inolaz ere makurtuko bizkaitarrek. «Taldean batera lan eginez, pandemiarengatik sortutako egoerari aurre egingo diogu».

Bada, asteburu honetan izango dute atea botatzeko abagunea, baina ez dute nolanahiko erronka izango. Gaur eta bihar, atseden hartzeko betarik izan gabe, bi partida izango dituzte jokatzeko: lehena, CN Catalunyaren aurka, ligako laugarren jardunaldiko neurketa. Orain dela bi denboraldi, Kataluniako taldea Bigarren Mailan aritu zen Leioarekin batera. Cobosek adierazi duenez, aurkariaren jokamoldea «zertxobait» ezagutzen duten arren, jakin badakite orduko taldebera ez dela izango; bigarren arerioa, berriz, Sabadell izango da, garaipen zerrena luzea duen taldea. Leioako kapitaina zuhurtziaz mintzatu da: «Europako eta Munduko txapeldunak izan diren jokalariak ditu. Beraz, guretzat esperientzia handia izango da haien aurka jokatzea». Dena den, ez dira Bartzelonara jolasera joango. «Gure onena eman nahi dugu, eta bi garaipenekin etxera itzuli, zaila izango bada ere. Igerilekutik gure esku zegoen guztia eman dugunsentipenarekin atera nahi dugu».

Gaztetasunak duen arima

Leioak, maila nagusira igo berria den taldea izanda, umiltasunetik hasi nahi du bere bidea egiten. Denboraldi honetako helburua zein den argi dute Cobosek eta taldekideek: «Mailari eustea. Horretarako, ahalik eta arinena puntuak poltsikoratu behar ditugu». Izan ere, haren ustez, denboraldia «inoiz baino parekatuagoa» izango da. Hori bai, oztopo guztien gainetik «gozatzea» dute xede. «Heldu garen lekura iristea ez da batere erraza izan», gehitu du.

Gaztetasunak eman dio arima Leioako Waterpolo taldeari, eta igerilekuan duten batasuna dute bertute, Cobosen esanetan. «Urte asko daramagu elkarrekin; begirada batekin badakigu beste taldekideari burutik zer pasatu zaion. Horrez gain, jokatzeko modua oso ondo barneratua dugu, eta horri etekina atera behar diogu gorengo mailara ahalik eta lasterren egokitzeko». Hain zuzen, Cobosek, eskarmentua lagun duela, taldekideei konfiantza eta sosegua helarazteko ardura dauka; beste batzuetan, berriz, akuilu eta eredu izatekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.