Denbora gelditzen den lekua

107. Lieja-Bastogne-Lieja klasikoa jokatuko da bihar. Proba kutuna du Omar Frailek, eta mende hasieran David Etxebarriak utzitako uberari jarraitzen saiatuko da.

Julian Alaphilippe goizegi hasi zen ospatzen garaipena iazko Lieja-Bastogne-Liejan, eta Primoz Roglicek aurrea hartu zion azken pedal kolpean. JULIEN WARNAND / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Mendea eta segundoa gurutzatu egiten dira urtero apirileko azken igandean, Lieja-Bastogne-Lieja klasikoan. La Doyenne esaten diote —Zaharrena euskaraz—, txirrindularitzako bost Monumentuen artean hura sortu baitzen aurrena: 1892an. Ardenetan lehiatzen diren proben artean garrantzitsuena da—Amstel Gold Race eta Fleche Wallonne dira besteak—, eta gizonezkoetan, bihar 107. aldiz jokatuko da. Emakumezkoen lasterketak, berriz, bosgarren aldia izango du.

Historia ez ezik, ibilbidea ere oso luzea du Lieja-Bastogne-Liejak, batez beste 260 kilometro inguru izaten baititu. Ahalegina betikotu egiten da. Eta distantziari gogortasuna batu behar zaio, hormaz josia baitago. 11 igoko dituzte aurten, tartean dela La Redoute mitikoa —bi kilometro eta %8,9ko pendiza—, zalaparta pizten hasi ohi den tokia, helmugatik 35 kilometrora. Horren ostean, Forges —1,9 kilometro eta %5,9— eta Roche aux Faucons —1,5 kilometro eta %9,3ko pendiza— izango dira punturik beroenak. Hormak igaro ondoren, hamahiru kilometro geldituko zaizkie Liejako helmugara iristeko.

Lehian izango den txirrindularietako bat Omar Fraile da (Santurtzi, Bizkaia, 1990). Lasterketa «zoragarria» iruditzen zaio. «Gehien gustatzen zaidan klasikoa da. Gainera, Ardenetako hiruen artean, Liejan moldatu izan naiz beti ondoen». Agerraldi aipagarria egin zuen 2017an, onenen multzoan erasoa jo baitzuen azken kilometroaren atarian. Ordea, kate motzean lotu zuten faboritoek, eta 25. egin zuen azkenean. Iaz, berriz, 19. izan zen. Astanako ziklistaren esanetan, «luzera» da probaren bereizgarria. «Amstelen sekulako bizitasuna izan da beti, eta Flecheko zirkuitua oso bortitza da. Lieja, berriz, arnasa luzekoa da. Bukaeran, txinparta behar duzu, baina erresistentziak ere sekulako garrantzia dauka. Higadura handiko lasterketak gustatzen zaizkit, eta Liejakoa halakoa da».

Guztiz bat dator David Etxebarria (Abadiño, Bizkaia, 1973). Hura da Ardenetako klasiko nagusian emaitza onenak lortu dituen euskal herritarra: bigarren izan zen 2000. urtean, ONCE taldearekin, eta hirugarren urtebete geroago, Euskaltelekin. Hark ere lasterketaren kilometro kopurua eta iraupena nabarmendu du. «Amstelen baino hiru ordu laurden gehiago lehiatzen zara, eta Flechen baino ordu eta erdi gehiago. Erasotzeko orduan, asko nabaritzen da alde hori. Ez da gauza bera 200. kilometroan edo 250.ean abiatzea. Ez du ematen, baina alde handia dago».

Lasterketaren gakoei dagokienez, ibilbidea hiru zatitan banatzen zuela azaldu du Etxebarriak. «Lehen fasea Bastognera artekoa izaten zen. Han, ihesaldia osatzen zen. Ondoren, urduritasuna izaten genuen Stockeura ondo kokatuta iristeko. Helmugatik 140 kilometro ingurura zegoen. Han izaten zen lehen galbahea. Eta, gero, mugimendu taktikoak izaten ziren Redoutera iritsi aurretik eta ondoren. Hor hasten zen festa». Frailerentzat, berriz, «bi lasterketa bezala» dira. «Lehen zatian, ahalik eta indar gehien gordetzen saiatu behar duzu. Gurpilean joan beharra dago, aldiro janez eta edanez. Eta bigarren zatia Redoutera doan jaitsieran hasten da. Hanketan 200 kilometro baino gehiago dituzula iristen zara, eta behar baino gehiago eman duenak ordaindu egiten du».

Denboraren joanarekin, aldatuz joan da Ardenetako Monumentua. Hala esan du Etxebarriak. Orain «irekiagoa» dela uste du, Ansen ordez Liejan bukatzen denetik —2019az geroztik da horrela—. «Lehen, faboritoen zerrenda laburra zen, San Nicolaseko eta Anseko aldapekin. Bospasei ziklista nabarmentzen ziren. Orain, ordea, hamabost inguru izan daitezke, maldan behera amaitzen baita. Lehen, igotzaile ona izan behar zenuen, baina, orain, abiadura ere behar da». Aldaketa horrek mesede egin dio Fraileri. «Ibilbidea hobeto egokitzen da orain nire ezaugarrietara. Lehengoak xarma handia zeukan, eta ondo moldatu nintzen han ere. Baina aukera gehiago dut orain. Roche Aux Fauconsek ez du apurtzen, eta indartsuenen artean geldialdia badago, ziklista gehiago irits daitezke atzetik. Hor asko zabaltzen da egoera».

Ohorezko postu batenbila

Lehen errazagoa zen urrutitik ezustekoa ematea, Etxebarriak azaldu duenez. «Mugimendu taktikoak aurreikusten errazagoak dira orain. Bigarren izan nintzenean, mundu guztia Jalaberti begira zegoen, eta Bettinik eta biok aurrera egin genuen azken 30 kilometroetan. Esprintean irabazi zidan».

Abadiñarraren lekukoa hartzen saiatuko da gaur Fraile. Anbizioz mintzo da Astana taldeko txirrindularia. «Beti puntu bat falta izan zait aurre-aurrean egoteko, eta, aurten, hamar onenen artean egoten saiatuko naiz. Helburua indartsuenen multzoan sartzea da». Haren taldekide Alex Aranburu ere oso indartsu ikusten du. «Eskarmentuak garrantzi handia du Ardenetan, eta Alexentzat lehen aldia da. Hala ere, oso txukun dabil. Flechen, harentzat lan egitea tokatu zitzaidan, eta, igandean, ikusi beharko da nor dagon indartsuen». Mikel Nieve da (BikeExchange) irteeran izango den beste euskal herritarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.