Sasoi baten memoria estetikoa

Azucena Vieitesek azken hiru hamarkadetako lanen hautaketa bat bildu du Bilboko Carreras Mugica galerian. Marrazkiek garai baten lekukotza biltzen dutela dio artistak

Azucena Vieitesek Carreras Mugica galerian jarri dituen lanetako bat. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Koroa moduko bat janzten dabilela dirudien norbaiten kopeta ikusten da irudian, baina ez lehen kolpean ere, eskuak bereizi daitezke, pertsona baten figura, eta titulua goian, edo haren hasiera behintzat, lehen hitzaren ostean, goitik behera zirrimarratuta baitator haren jarraipena, artistak margolana erabat itxi gabe utzi nahi izan balu bezala. «The...». Justu ikuslearen begien aurrean azaleratzear dirudienean lurruntzen dira ikusitakoaren esanahiak Azucena Vieites artistaren lanetan (Hernani, Gipuzkoa, 1971). Puntua interesatzen zaio. 1990eko hamarkadan sortutako marrazkiekin hasi eta gaur egun arte egindako obra osoaren hautaketa zabala jarri du orain Bilboko Carreras Mugica galeriako korridorean eta areto nagusian. Abenduaren 7ra arte egongo da bertan.

«Sekula ez zait gustatu irudia termino absolutuetan lantzea», azaldu du Vieitesek. «Beti landu dut ikuspegi fragmentatuago eta narrazio forma ez hain linealetatik. Horregatik, fragmentazio horretatik abiatuta sortzen dudanez, obra irekiaren sentsazioa eman dezake lanak, eta gustuko dut hori; badirudielako errealitate ikonografiko horri beste aukera batzuk eman nahi dizkiodala».

Orri gaineko marrazkiak, serigrafiak eta inpresioak dira nagusi erakusketan; paper gainean egindakoak asko. Unibertsitate ikasketak amaitu berritan koadernoetan sortutako irudiak dira piezarik zaharrenak, eta areto erdian dagoen modulu baten gainean ikus daitezke Vieitesen azken publikazioaren parte izandako irudien erreprodukzioak ere. 2020an Madrilgo Alcala 31 galeriarako sortutako katalogoan datoz horiek. Kolore bloke abstraktuak dira, kasu honetan. «Nire lehen liburuko eta azkeneko irudiak daude».

90eko hamarkadan Ingalaterrako i-D, The Safe eta modari eta kultur joerei buruzko beste aldizkari batzuk eduki zituen erreferentziatzat Vieitesek, eta hori ere ikus daiteke erakusketan. Izan ere, artistak aldizkari haietatik hartutako irudien kopia, bariazio eta zatiak dira bilduman dauden irudietako batzuk. «Nagusi ziren mainstream joerez harago heltzen ziren kultur proposamen garaikideen informazioa eskaintzen zuten aldizkari haiek orduan, eta hura baliatzen nuen iturri modura, musikarekin eta aktibismoarekin lotuago ziren beste argitalpen batzuekin batera».

Politika eta tipografia

Badira tipografia lantzen duten beste marrazki batzuk ere bilduman, eta bere marrazteko moduari buruzko nondik norakoak azaltzeko aukera bilakatzen du azalpena Vieitesek. «Nik maiz esaten dut naturalean marrazten dudala, inguratzen nauen hori marrazten dudalako, eta sasoi batean musika zein aldizkariak nituen inguruan. Behaketa zuzenetik abiatuta marrazten nuen nik ere. Ikonografia eta giro jakin batean murgilduta nengoen, eta tipografia jakin bat zuen horrek: diskoetakoa, karteletakoa, kamisetetakoa... Intereseko nuen guztia hartzen nuen, eta neureganatu egiten nuen, ulertzen saiatzeko eta neure bihurtzeko».

Bizi duen momentuaren «memoria estetikoa» biltzen dute lanek, artistaren hitzetan. «Marrazki itxura duten dokumentu edo erregistro moduko batzuk lortzen ditut prozesu horretatik, inguratzen nauten ikonografiari, estetikari eta are baita politika bati ere lotutakoak».

Errepikapena eta bariazioa. Bi ideia horien artean dabiltza maiz Vieitesen irudiak. Horregatik, bisitariak, behin baino gehiagotan topatuko du irudi bera erakusketako puntu batean baino gehiagotan, eta neurri eta kokapen ezberdina izango du aldiro. «Beti gustatu zaizkit behin baino gehiagotan jardun ahal izateko aukera ematen didaten teknikak: fotokopiagailuak, argazkigintza, serigrafia eta beste. Itzuli egiten dute irudia: ia berbera da, baina ezberdina».

LGTBI gaiak eta abstrakzioa

Feminismoa da Vieitesen hiru hamarkadako lanaren beste ardatz nagusietako bat, eta igar daiteke haren eragina erakusketan. 1994an sortu zuen Erreakzioa kolektiboa Estibaliz Sadaba artistarekin batera, esaterako, eta mugarri garrantzitsua da haren ibilbidean. Praktika artistikoaren eta pentsamendu feministaren arteko proposamenak garatzeko sortu zuten taldea. Hainbat fanzine sortu dituzte horretarako, eta tailerrak ere antolatu zituzten Arteleku izandakoan, esaterako. Eta, hain zuzen, Vieitesen lan ildo horrekin lotuta dago galeriaren sarreran ikusi daitekeen irudi sorta bat ere.

«Esan daiteke, nahi baduzu, 90eko hamarkada figuratiboagoa izan zela», onartu du artistak. «Baina 2012 edo 2013 inguruan irudi abstraktuagoak erabiltzen hasi nintzen». Eta, hain zuzen, galeria sarreran dagoen collage abstraktu itxurako lan bat hautatu zuen Esther Newton idazle eta antropologoaren Mother camp. AEBetako transformista femeninoei buruzko historia bat liburuaren gaztelerazko itzulpenerako eskatu zioten azala sortzeko. 70eko hamarkadan eman zen argitara lana ingelesez, eta mugarri izan zen LGTBI mugimenduari, feminismoari eta queer gaiei lotutako ikerketetan. Eta zergatik hautatu, beraz, halako irudi abstraktu bat gai zehatz hauei buruzko liburu baterako? «Bada, iruditzen zitzaidalako ohitu egin garela ekintzailetza feminista, trans edo queer horiei lotutako errepresentazio mota zehatz batera, zeina figuratiboa izan ohi baita. Irudiaren bidez ulertarazten saiatzeko zer ari ginen ikusten. Eta interesgarria iruditu zitzaidan gai horiei lotutako gauzak abstrakzioaren bidez ere irudikatzea».

Mezua eta irudia automatikoki lotzen zituen konbentzio horri zirrikitu bat zabaltzea, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.