Hilotz erbesteratuen ehorzlekuak filmatzea

Eider Rubio artistak 'Clamor' filma jarri du ikusgai Gasteizko Artium museoan. Elizak baztertu zituen herritarren hilobiak ditu oinarri

Espainiako Lehen Errepublika garaian, Burgosko Villaespasa herrian alkatea ehorzteko herritarrek eraiki zuten hilerria. Clamor filmeko fotograma bat. EDURNE RUBIO.
aitor biain
Gasteiz
2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Besteak izan ziren. Baztertuak, kanporatuak, seinalatuak, kondenatuak. Hilik ere alboratu nahi izan zituztenak: beren buruaz beste egin zutenak, errepresaliatuak, ateoak... Besteak. Asko izan ziren Eliza katolikoak bere hilobietan onartu ez eta ehorzleku inprobisatuetan lur hartu zutenak. Hilotz erbesteratuak. Hil kanpaiek ez zuten inoiz haiengatik jo, eta, hala ere, ikusezin izatera behartu bazituzten ere, han daude, lurrak eta zeruak bat egiten duten lekuan, paisaia bilakatu diren hilobietan. Leku horietako batzuk filmatu ditu Edurne Rubio artistak (Burgos, Espainia, 1974), haien memoria berreskuratu eta «hemen» jarraitzen dutela oroitarazteko. Clamor izeneko filma ondu du irudi horiekin, eta Gateizko Artium museoan jarri du ikusgai irailaren 18ra arte.

Hamazazpi minutuko ikus-entzunezkoa da, eta museoaren Z aretoa programaren barruan ikus daiteke. Filmaren sortze prozesua azaltzen duen argazki erakusketa bat ere jarri dute ikusgai aretoan bertan. Artiumek iaz jarri zuen martxan zinemagintza eta arte garaikidea batzen dituen zikloa, ikus-entzunezkoetara hurbiltzen diren artisten eta erakusketa formatua aztertzen duten zinemagileen lanak ezagutarazteko. Garbiñe Ortega du gidari proiektuak, eta Mondragon taldearen babesa dauka.

Hil kanpaiak

Artista bisuala da Rubio; haren praktika artistikoak testuinguru eta formatu ezberdinen artean mugitzen badira ere, irudiaren bueltan egiten du lan batez ere. Eta, hain zuzen, kanpaien inguruan aurrez egindako sorkuntza lan batek jarri zion Clamor filma egiteko abiapuntua, azaldu duenez. «Hil kanpaiak oinarri dituen film bat egitea pentsatu nuen. Eta horretan ari nintzela, neure buruari galdetu nion nori ez zioten kanpairik jo. Batekin eta bestearekin hitz eginda, konturatu nintzen asko izan zirela, eta horretan sakondu nahi izan nuen».

Ikerketa eta dokumentazio lan bati ekin zion artistak, eta orduan egin zuen topo hilobi inprobisatuekin. «Erabat txunditu ninduen jakiteak nola haien senitartekoak saiatu ziren lotura bat gordetzen hildakoarekin, baztertuak izan arren, eta zein ahalegin egin zuten herrietatik eta komunitatetik gertu mantentzeko».

Toki horietako asko ezagutzen zituen artistak, haren sorlekutik hurbil baitaude batzuk. «Burgos hilerri handi bat da, eta nire paisaiaren parte dira asko. Haurra nintzela horietako askotan jolasten nintzen». Bada, ehorzleku inprobisatuen topografia moduko bat sortu du artistak ohartzerako, antropologiatik eta memoriatik gertu dagoen lan bat. «Niretzat, denak du lotura bat».

Zazpi hilobi entzuteko

Filmak zazpi ehorzleku erakusten ditu, historiaurretik hasi eta gaur egunera artekoak: Burdin Aroko nekropoli bat, XX. mende hasierako familia protestante baten hilobi bat, 1936ko gerrako hiru gazteren gorpuzkiak dauden hobi bat, ehunka pertsonaren gorpuak biltzen dituen hobi bat, erretorearekin ondo konpontzen ez zen alkatearentzat herritarrek eraikitako XIX. mende amaierako hilerri zibil bat, IX. eta X. mendeetako nekropoli mozarabiar bat, eta bere buruaz beste egin zuen emakume baten errautsak bota zituzten gune bat dira.

Elkarren segidako plano estatiko batzuen bidez osatu du kontakizuna artistak. Bata bestearen atzetik ikusten dira hilobien irudi finkoak, hitzik gabe, azalpenik gabe. «Hasieran gune bakoitzaren historia kontatu nahi nuen, baina berehala ohartu nintzen gehien interesatzen zitzaidana heriotzaren paisaia bilakatze hori zela, eraldaketa hori».

Paisaia da protagonista filmean, gunea bera, bere animalia eta bere soinuekin. Argazki baten gainetik txorien kantua entzuten da, haizearena, eltxoena... «Soinua oso garrantzitsua da, leku bakoitzak bizitza propioa duela erakusten duelako eta ikusezinaren ideia azpimarratzen duelako: hildako ikusezinena edo historia ikusezinarena. Txoriak, inurriak, hildakoak... hor daude guztiak, baina ez dira ikusten».

Ikuslearen esku utzi du interpretazioa. Hori baita filmaren helburuetako bat: ikusezina ikusaraztea. Arreta gauza txikietan jartzera behartuko du ikuslea horretarako. «Interesgarria iruditzen zait erlea lore batera hurbiltzen den unea garrantzitsu bilakatzea; hala dela uste dut». Beste xedea «bigarren mailako» hildakoak omentzea da. Haientzako dira, hain zuzen ere, filmaren amaierako hil kanpaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.