Kobazuloak ere leiho

Geo ibilbideak eskainiko dituzte Oñatiko Aitzuloko kobara. Aizkorriko paisaia karstikoa erakustea du helburu Geoaizkorri elkarteak bisitarekin

2016ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herrian sortzen diren ingurune karstikoak abiapuntu gisa, kobazuloei egiten zaizkien ohiko bisitak baino haratago joan dira Oñatin (Gipuzkoa), eta geo ibilbideak antolatuko dituzte, Aizkorriko mendilerroko karsta ezagutzeko. Igandean, hilaren 14an, Aitzulo paleokobazuloari bisita antolatu dute. Bisita 09:00etan abiatuko da, Arrikrutz kobetako aparkalekutik.

Geo ibilbidean, Araotz auzoan dagoen Aitzuloko kobara joango dira bisitariak. Urak eta kareharriak batera sortutako bitxikeria geologikoak ezagutzeko aukera izango dute: Orkatzategi mendi barruan sortutako Sandailiko eta Araozko kobak. Kobak mendiaren hormetan daude, eta, denboraren poderioz, Oñatira ematen duten leiho bihurtu dira.

Natura ezagutaraztea xede

Egitasmoa Geoaizkorrik, Oñatiko Arrikrutz kobek, Zerain Paisaia Kulturalak eta Leintz Gatzagako Gatz Museoak jarri dute abian, eta Aizkorriko magalean dagoen ondare geologikoa ezagutaraztea du helburu.

Horrez gain, irailaren 24an beste geo ibilbide bat egingo da; Arantzazutik abiatuko da, eta Aizkorriko paisaia karstikoa eta artzaintza uztartuko ditu. Haurrentzat, berriz, espeleologiaz gozatzeko aukera berezia emango dute abuztuaren 20an, Espeleotxiki ekintzaren barruan.

Geo ibilbideetan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea ondorengo posta elektroniko honetan: [email protected]. Bisitaldietarako arropa eta oinetako egokiak eraman beharko dituzte bisitariek. Sarreraren kostua hiru eurokoa izango da.

Aitzulo kobazuloari geoibilbidea

Igandean, 09:00etan, Oñatiko (Gipuzkoa) Arrikrutz kobetako aparkalekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.