Opariak urte berezi baterako

Carla Bruni, Kool & The Gang, The Mingus Band eta Hudson izango dira Gasteizko 42. Jazzaldiko izarrak. Iñaki Añua jaialdiaren zuzendariak kargua utziko du 40 urteren ostean

Carla Brunik French Touch disko berria aurkeztuko du ostegunean. BERRIA.
aitor biain
Gasteiz
2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Denboraldiko bigarren jazzaldiari ekiteko prest dira Gasteizen. Gaur hasi eta larunbata bitarte, jazzaren izen propioetako batzuk ikusi eta entzuteko aukera izango da hirian. 42. aldia izango du jaialdiak aurtengoan, eta berezia izango da, 40 urtez jaialdiaren zuzendari izan den Iñaki Añuak kargua utziko duela iragarri baitu. Aitzakia horrekin, antolatzaileek ezohiko egitarau bat ondu dute. Izar ugari espero dira Mendizorrotzako eta Principal antzokiko agertokietan, jazz klasikotik aldendu gabe funk doinuetara ere hurbilduko direnak: Carla Bruni, Kool & The Gang, The Mingus Band, Hudson, Cory Henry & The Funk Apostles nahiz Al McKay's Earth, Wind & Fire Experience-en emanaldiak izango dira nabarmentzekoak. «Punta-puntako» jaialdia izango da, zuzendariaren hitzetan.

Dagoeneko ohitura bilakatu den legez, gospel kontzertu batek irekiko du jaialdia: Leanne Faine & Favor taldearen emanaldia izango da Mendizorrotzako agertokian. Hogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbidea du Chicagoko taldeak (AEB), eta gospel musikako zerrendetako izen propioetako bat da, batez ere, Faine bakarlariaren ahots indartsuagatik.

Bihar, berriz, Hudson laukotearen txanda izango da lehendabizi. Jack DeJohnettek, John Medeskik, John Scofieldek eta Scott Colleyk osatzen dute Hudson proiektua. Musikari apartak dira, bakoitza berean maisu: baterian, teklatuetan, gitarran eta baxuan, besteak beste. Erreferentzia bilakatu dira jazz jarraitzaileen artean, talde gisa egin duten bidearengatik. Haien ostean, Al McKay igoko da agertokira: gitarra jotzaile entzutetsua da, Grammy sariduna eta milaka disko saldu dituen musikaria. Earth, Wind & Fire taldearen sortzaileetako bat ere bada. 1980ko hamarkadan,taldea zuzenekorik eman gabe egon zen urte luzez, eta McKay bera arduratu zen kide guztiak berriz ere elkartzeaz. Taldearen omenaldi bira egiten ari dira, eta Gasteizen egingo dute geldialdia.

Abeslari ezagun baten txanda izango da ostegunean: Carla Bruni. Bera izango da aurtengo izar nagusietako bat, eta haren emanaldia, jaialdiko zuzendariaren agurreko oparietako bat. Abeslariak lan berria aurkeztuko du Gasteizen: French Touch. Brunik rock abesti entzutetsuenen moldaketak egin ditu bilduma berrian, David Foster ekoizle ezagunaren laguntzarekin: abeslariak jazz doinuetara moldatu ditu, besteak beste, AC/DC, The Clash, The Rolling Stones taldeen nahiz Lou Reeden abestiak.

Beste omenaldi baten txanda izango da ondoren, The Mingus Big Band igoko baita Mendizorrotzako agertoki nagusira; Charles Mingus kontrabaxu jotzaile estatubatuarrari omen egiten dion taldea, hain zuzen ere. New Yorkeko kafetegi batean ekin zieten zuzenekoei, 1991n, asteroko emanaldiak eginez. Hamar disko argitaratu dituzte orduz geroztik, eta zazpitan izendatu dituzte Grammy sarietara. Gasteizko Jazzaldiak egun duen sona lortu aurretik zendu zen Mingus, 1979an. Hura jaialdira ekarri ez izanaren atsekabez geratu zen Añua; bada, haren musika entzungai izango da, bederen.

Izar guztien artean, jaialdiak leiho bat zabalduko die etxeko artistei, Gasteizko Ganbara Orkestrak kontzertua eskainiko baitu Perico Sambeat laukotearekin batera. Iker Sanchezen zuzendaritzapean ariko dira, eta jazz garaikidea eta musika sinfonikoa tartekatuko dituzte.

Cory Henry teklatu eta organo jotzailea izango da agertokian ondoren, The Funk Apostles taldearekin. Henry gazterik hasi zen elizan organoa eta pianoa jotzen, gospela batez ere, eta zazpi urte baino ez zituen New Yorkeko Harlem auzoko Apollo antzoki entzutetsura lehen aldiz igo zenean: horra musikariaren maila handiaren isla. Gerora Kenny Garrett saxofoi jotzailearekin eta Robert Glasper piano jotzailearekin lan egina da. Bruce Springsteen, Erykah Badu eta The Roots bezalako taldeen lanak ere ekoiztu ditu.

Jazzetik funk doinuetara

Larunbatean, berriz, funk doinuak nabarmenduko dira, Brooklyn Funk Essentials eta Kool & The Gang taldeei esker. Izarrez betetako taldea da BFE, baina izar handiago bat osatzen dute elkarrekin. Bi hamarkada baino gehiago daramatzate musika munduan, eta jazza, funk elektrikoa, musika latinoa eta house doinuak nahasten dituztelako dira bereziki ezagunak. Baita hainbat telesail eta filmetako soinu banden egile direlako ere: The Sopranos, Starsky & Hutch nahiz The Blacklist, besteak beste.

Aski ezagunak dira, halaber, Kool & The Gang taldearen abestiak: harenak dira, esaterako, abesti dantzagarrien artean dagoeneko ereserki bilakatu den Celebration eta Jungle Boogie, Quentin Tarantinoren Pulp Fiction filmean entzun daitekeena. Ibilbide luzeko taldea da, eta arrakasta handiko piezak sortu ditu: 70 milioi diskotik gora saldu ditu bost hamarkadotan, eta haren musika hiru belaunalditako funk musikarientzat izan da erreferente.

Emanaldia Añuaren agurreko beste oparietako bat izango da, zalantzarik gabe. Gasteizko Jazzaldia zuzentzen lau hamarkada eman ditu, eta jaialdia erreferente bilakatu da haren ekinari esker. «Heldua naiz jada; 75 urte ditut, eta, 40 urteren ostean, eta Gasteiz markatu duen jaialdia egitea lortu eta gero, erretiroa hartzeko garaia da», adierazi du berriki. 1978an eskaini zioten jaialdiaren gidaritza hartzea, hark hartu ezean desagertu egingo zela argudiatuta. Ordutik karguan izan da: «Ez nuen inoiz pentsatuko horrenbeste iraungo nuenik». Agurrerako aldia izango du aurtengoa, baina ez du oparirik faltako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.