Albistea entzun

Sormenaren iruditeria lantzen

Zineleku ikus-entzunezkoen ikasle eta profesionalen topaketa egiten ari dira Gasteizen. Azken egunotan landutakoa erakutsiko dute bihar Baratza aretoan.
Objektuak izan zituzten atzo lan tresna Zinelekun. Istorioak asmatu zituzten horien inguruan, eta, ondoren, filmatu.
Objektuak izan zituzten atzo lan tresna Zinelekun. Istorioak asmatu zituzten horien inguruan, eta, ondoren, filmatu. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2018ko uztailak 25 - Gasteiz

Ikus-entzunezkoetako ikasleen, zaleen eta sektoreko profesionalen arteko Zineleku topaketa egiten ari dira egunotan Gasteizen. Hirugarren aldia du aurten egitasmoak, eta, abuztuaren 3a bitarte, zinemaren eta sorkuntzaren bueltako hamaika ikastaro, hitzaldi eta ekitaldi izango dira. Parte hartzaileak bete-betean murgilduta dabiltza ikus-entzunezkoen sormenean: 18 eta 30 urte bitarteko 22 gazte, hain zuzen ere. Egitasmoaren bigarren eguna izan zuten atzo: Super 8 mm-ko sorkuntza eta errebelazioa landu zituzten, besteak beste, Zazpi t'erdi eta Sra. Polaroiska kolektiboetako kideen laguntzarekin.

Goizeko hamarretan hasi zuten jarduna, Oihaneder Euskararen Etxeko hirugarren solairuan. Sormena eta talde dinamikak lantzeko ariketak egin zituzten goizean. Pello Gutierrez, David Aguilar eta Alaitz Arenaza izan zituzten gidari. Ikasleek etxetik eramandako objektu bana izan zuten lanerako tresnatzat, eta istorio bat sortu behar izan zuten horren inguruan lehenik. Istorioei irudiak erantsi zizkieten ondoren, taldean elkartuta; baita istorioa inguratzen duten atmosfera, espazioa, pertsonaiak, soinuak eta gainerako elementuak ere. Emankorra izan zen goiza, Lander Varona parte hartzailearen hitzetan: «Buruari bueltak ematera eta etengabeko sormenera bultzatu gaituzte». Varonak ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen, eta zinemari lotutako hainbat ikasketa egin ditu horren ostean ere. «Norberak buruan izan ditzakeen mugak hautsi, eta ohiko bidetik ateratzen lagundu digute; ezberdin pentsatzeko moduak badirela erakutsi digute, finean».

Hori zen, hain zuzen ere, lantegiko irakasleen asmoa: ateak zabaltzea sormenerako bide berriei. Hala adierazi zuen Pello Gutierrez Zazpi t'erdi ekoiztetxeko kideak: «Ikuspegi narratibo klasikotik aldentzen saiatzen ari gara. Jendeak baditu dagoeneko irudiak buruan, eta horietan oinarritzen dira istorio bat sortzean; bada, oso narratiboak eta esplizituak izaten dira gehienetan». Bide horietatik alde egin, eta sormen prozesua «iradokitzaileagoa» izateko xedearekin ari dira ikasleak laguntzen, batez ere, Gutierrezen arabera. «Finean, ikus-entzuleei ez diegu istorioa osorik kontatu behar, dena zehatz-mehatz esan beharrik ez dago beti; nahiko genuke haien interpretazioek ere istorioa osatzen laguntzea, behinik behin».

Goizean sortutako istorioak filmatu zituzten bazkalostean, hiriko hainbat txoko baliatuta. Halere, parte hartzaileek bi baldintza zituzten grabaketetarako: Super 8 mm-ko kamerak erabili behar zituzten, alde batetik, eta istorio bakoitzak minutu bateko iraupena izan behar zuen, bestetik. Hiru ordu baino ez zituzten izan talde bakoitzak zazpi edo zortzi film labur grabatzeko. Irudi guztiak jasotakoan, errebelatzeko lanei ekin zieten, iluntzean.

Hiru eguneko prozesuko lehen jardunaldia izan zuten atzo. Irudia lantzen jardun zuten, batez ere, ikasleek, Zazpi t'erdi eta Sra. Polaroiskako kideekin batera. Gaur eta bihar, ostera, soinu banda jarriko diete atzo grabatutako irudiei, Maite Arroitajauregi Mursego, eta Xabi Erkizia eta Luca Rullo Audio-Lab elkarteko kideen laguntzarekin. Esperimentazioaren bitartez, soinuak baliabide artistiko eta esperimental gisa ikus-entzunezkoetan duen garrantzia landuko dute datozen bi egunetan.

Hala, denen irudi eta soinuak elkartu, eta pieza kolektibo bat osatuko dute, eta bihar iluntzean erakutsiko dute jendaurrean: «Ez dakigu oraindik zer forma izango duen, baina performance baten itxurako zerbait izango da: irudiak eta soinuak zuzenean uztartuko ditugu», zehaztu zuen Gutierrezek. Baratza aretoan izango da emanaldia, 22:00etan.

Zinema bizitzeko erak

Guztiek aitortu zuten esperientzia «emankorra» izaten ari dela. Zineleku topaketa egin den hiru urteetan parte hartu du Varonak, esate baterako, eta «urteroko hitzordua» bilakatu da harentzat dagoeneko: «Aurreko urteetako ikasleekin elkartzeko eta lagun berriak egiteko aukera paregabea da niretzat, betiere zinema ardatz hartuta. Zinema bizitzeko eta ikusteko beste perspektiba batzuk badirela erakusten digute hemen».

Ikasleentzat ez ezik, irakasleentzat ere aberasgarria da egonaldia, Gutierrezen ustez: «Irakasle lanetan aritzen gara hemen, baina ez gara irakasleak, sektoreko profesionalak baizik. Guretzat ere aberasgarria da topaketa; esperientzia berri bat da egiteko modu berriak ikasteko, esperimentatzeko, jolasteko». Zazpi t'erdi ekoiztetxekoek bigarren aldia dute aurten Zinelekun. Iaz, goiz batean izan ziren soilik, tartetxo batez; aurten, aldiz, hiruzpalau egunetan jardungo dira. «Guretzako ere oso bestelakoa da horrela. Garapena ikusten dugu parte hartzaileengan, eta polita da hori». Gutierrezek adierazi du «ilusio berezia» ikusten duela ikasleengan: «Gauza ezberdinak probatzeko gogotsu ikusten ditugu, baita gure proposamen martzianoei aurre egiteko ere».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Denis Martinez eta Olaia Valle dantzariak, Barakaldo antzokian, <em>Esna</em> obraren entsegu batean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

'Esna' ikuskizuna ondu dute Marie de Jongh eta Doos konpainiek

Olatz Enzunza Mallona

Dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizun bat ondu dute elkarlanean Marie de Jongh eta Doos konpainiek: 'Esna'. Joko esperimentu gisa definitu dute. Bihar izango da estreinaldia.

 ©Mailo Oiarzabal

Pasio baten fruituak

Mailo Oiarzabal - Gipuzkoako Hitza

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio.

Soledad Sevilla erakusketaren aurkezpenean, atzo, <em>Gatza</em> oihalaren aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Soledad Sevillaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan

Naroa Torralba Rodriguez

Soledad Sevilla artistaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan. Ibilbide baten proposamena da. Berak aukeratu ditu obrak eta kokapena

<em>Ketariatik mundura</em> pastoralaren bost partaideak. ©BERRIA

Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean, bihar, Iruñean

Uxue Rey Gorraiz

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.