Munduaren erakusleihoan

Euskal Herriko sei konpainiak hartuko dute parte munduko dantza garaikideko azoka nagusian. Kukai konpainia eta Jone San Martin jaialdiaren programan hautatu dituzte
Etxepare Euskal Institutuko eta Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteko ordezkariak eta hainbat dantzari, atzoko aurkezpenean.
Etxepare Euskal Institutuko eta Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteko ordezkariak eta hainbat dantzari, atzoko aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ROKU

Andoni Imaz -

2018ko abuztuak 3
Bi urtean behin egiten da Internationale Tanzmesse azoka, Alemaniako Dusseldorf hirian. Dantza garaikidearen alorreko topaketarik handiena da, ezinbestekoa sektorearentzat. Aurten, abuztuaren 29tik irailaren 1era egingo dute, eta euskal dantzak presentzia bateratua izango du, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak gune bat izango dutelako bigarrenez, Basque Dance markapean. Euskal Herriko sei konpainia eta sortzaile arituko dira: Dantzaz konpainia, Igor and Moreno, Jone San Martin, Kukai dantza konpainia, La Glo Zirko eta Lokke / Olatz de Andres.

«Lanbide osoaren topaketa» da Dusseldorfekoa, Laura Martin Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteko kidearen hitzetan. 50 herrialde baino gehiagotako 1.500 profesional inguru elkartuko dira Tanzmesse azokan, dantza garaikidearen munduko alor guztietakoak: dantzariak, koreografoak, agentziak, banatzaileak, kultur erakundeak... Martinek azpimarratu du harremanak sortzeko eta indartzeko aukera eskaintzen duela azokak, beste artistekin ideiak banatzeko aproposa baita haren ustez. Gainera, mundu osoan zer-nolako proposamenak lantzen diren ezagutzeko ere balio du topaketak. «Barometro ona da», Martinen esanetan.

Azoka izateaz gain, jaialdia ere bada Tanzmesse, «erakusleihoa», Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendariaren hitzetan. Azokan, eueren burua ezagutarazteaz gain, konpainia eta sortzaile batzuek euren lanak hiriko agertokirik onenetan aurkezteko aukera dute, eta Euskal Herriko bi proiektu aukeratu ditu jaialdiak bere programazioan: Kukai dantza taldearen Oskara ikuskizuna eta Jone San Martinen Atlas I / Any Body Sounds proiektua.

«Ez da kasualitatea»

Sei konpainiak izango dute azokan parte hartzeko aukera, baina, Jon Maia Kukai dantza konpainiako zuzendariaren ustean, «ez da kasualitatea». Urte osoan aise topa daitezke Euskal Herriko dantza konpainien proposamenak munduko edozein txokotan. Izan ere, «maila handiko lanak» egiten ari dira euskal sortzaileak. Horregatik, aurten haiei egokitu zaien arren azokan egotea, baikor agertu da Maia, Euskal Herrian sortzen diren askotariko proiektuen lagina direlako Dusseldorfera bidaiatuko dutenak.

Hala ere, ez da gauza makala Kukai konpainiak jaialdian lortu duena: inaugurazioan erakutsiko dute beren ikuskizuna: duela bi urte baino gehiago aurkeztu zuten Oskara, hain zuzen. 2016ko urtarrilean estreinatu zutenetik, askotan erakutsi dute lana jendaurrean, eta horrek «lasaitasuna» ematen dio Maiari, bere bidea egin duen proposamen bat eramango dutelako, eta publikoarengandik orain arte jasotakoa positiboa izan delako. Gainera, Oskara obrarekin hiru Max sari irabazi zituen iaz konpainiak, baita Espainiako Dantza Sari Nazionala ere.

Sustrai herrikoiaren eta adierazpen abangoardisten artean mugitzen da Kukairen proposamena, eta dantza ulertzeko bi ikuspuntuek bat egiten dute lan arrakastatsuan. Abuztuaren 29an egingo dute ikuskizuna, Capitol antzokian, hiriko antzokirik handienean.

Irailean hasiko da denboraldi berria, eta, hari begira, azokak eta jaialdiak abagune egokian harrapatu dituela esan zuen Maiak aurkezpenean. «Nazioarteratze prozesuan» dago konpainia, eta Tanzmesseko topaketak lagunduko die beren lana erakutsi, eta gainontzeko sortzaileekin duten harremana estutzen.

Ezberdina da Jone San Martinen egoera. Donostian jaio zen bera, baina Berlinen eman ditu azken urteak, eta proposamen berezi bat eramango du Dusseldorfeko jaialdira. Prentsaurrekoan azaldu zuenez, jaialdian bada Open studios izeneko sail bat, oraindik burutu gabeko kontzeptuak eta proposamenak formatu laburrean aurkezteko. Garapen prozesuan dago, beraz, Atlas I / Any Body Sounds proiektua. Hogei minutuko erakustaldia egingo du jaialdian. Oraindik ez daki ikuskizuneko zati bat edo azalpen bat izango den. Abuztuaren 30ean arituko da jaialdian, baina urriaren 6an estreinatuko du lana, Dusseldorfen bertan.

Emanuele Soavi dantzari eta koreografo italiarra eta Mikel R. Nieto soinu artista donostiarra izan ditu bidelagun San Martinek, eta gorputzaren eta soinuaren arteko harremanean sakonduko dute beren lanean. Giza gorputzak komunikatzeko duen gaitasuna eta gaitasunik eza ditu ardatz, eta «dantzariaren barne ahotsa» izango da ikuskizuneko protagonista.

Handitu da katalogoa

Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak egindako Euskal Herriko dantza proiektuen katalogoa ere banatuko da azokan. 23 sortzaile jasotzen zituen katalogoak 2013an sortu zutenean, eta 40tik gora konpainia, sortzaile eta kolektiboren 77 lan jasotzen ditu gaur egun. Elkartearen lana «zubiak eraikitzea» dela esan zuen Laura Martinek. Katalogoarekin batera hasi zuten Etxepare Euskal Institutuarekiko elkarlana, eta euskal dantza eszenako lan batzuk eraman zituzten Tanzmessera azokaren aurreko edizioan.

Oraingoan, sei proiektuk bidaiatuko dute haiekin. Dantzaz konpainiak, esaterako, bere nazioarteko sarea zabaltzeko baliatuko du aukera. Lokke konpainiaren atzean dagoen Olatz de Andres sortzaile independentearen helburua, berriz, nazioarteko banatzaileak bilatzea da, bere lana mundu osora zabaltzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna