Beste urrats bat eraberritzean

Astigarraga eta Lasarte arkitektoek irabazi dute Koldo Mitxelena eraikina berritzeko lehiaketa. 2019ko udazkenean hasiko dira lanak, eta bi urteren buruan bukatzea espero dute
Proiektu irabazleak Koldo Mitxelena Kulturuneko sarrera berritua irudikatu du.
Proiektu irabazleak Koldo Mitxelena Kulturuneko sarrera berritua irudikatu du. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Andoni Imaz -

2018ko abuztuak 30
KMK 2020 izena darama Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea eraberritzeko proposamen irabazleak, baina 2021era arte ez da irekiko eraikin berritua. Astigarraga y Lasarte eta Bab Arquitectos enpresek osatutako aldi baterako batasunaren emaitza da proiektua. Epaimahaiaren ustean, hura izan da «eraikinaren egiturari eta identitateari errespetu handienez eutsi diena».

Prozesu osoa hasieran pentsatu baino azkarrago doa, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuaren irudiko. Uda aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bost aurreproiektu aukeratu zituen ideien lehiaketara aurkeztu ziren enpresen artean. Haien ibilbideari eta kultur eraikinen berritzean zuten esperientziari erreparatu zieten aukeraketarako. Ondoren, hautatutako bost enpresa horiek proposamen bana aurkeztu zuten; «oso proposamen ausartak», Itxasoren ustean. Eta atzo jakinarazi zuten epaimahaiak KMK 2020 aukeratu duela berritze lanei jarraitzeko. Argi utzi dute epaiketa «itsua» izan dela, epaimahaikideek ez baitzekiten zer enpresarena zen proposamen bakoitza.

Orain, hurrengo fasea hasiko da: negoziazioa. Proiektu bat aukeratzeak ez du esan nahi bertan proposatutako guztiarekin aurrera egingo dutenik, ezta irabazi ez duten proiektuek ekarpen interesgarririk egiten ez zutenik ere. Hala, epaimahaiari interesgarriak eta egingarriak iruditu zaizkion ideiak txertatuko zaizkio irabazleari, eta beharrezkoak iruditzen ez zaizkionak, ezabatu.

Eraikinaren egitura berritzea ezinbestekoa da Foru Aldundiarentzat, baina aukeratutako proiektuak estruktura errespetatuko du, espazioak berrantolatuz. Helburu nagusiak dira espazioa irabaztea, irisgarritasuna hobetzea eta eraikin «moldagarriagoa» izatea, etorkizunean aldaketak onartuko dituena. Horretarako, espazio garbiak eta gardenak lortu nahi dituzte.

Hasteko, patioko hormak kenduko dituzte, eta barruko plaza bat eratuko da erdian, beheko solairuan. Plazak kultur zentroko guneak lotuko ditu, eta erabilera anitzeko eremua izango da. Irakurketa areto handi bat sortzea ere proposatzen du proiektu irabazleak; irekia egongo da liburutegiaren erabiltzaile guztientzat.

Liburutegiari garrantzia eman nahi izan diote. 1.000 metro karratu izango ditu, oraingo espazioa baino %50 gehiago. Gipuzkoa Kulturaren bulegoak eraikinetik kenduta, solairu hori libratuko dute. Epaimahaiko kide izan den Joaquin Montero arkitektoak esan zuen gaur egungo liburutegiek ez dituztela duela 25 urte zituzten behar berberak, eta espazioa behar horietara egokitu behar dela. Liburutegiaren erabilera arazoak konpontzea ere bada obraren helburuetako bat.

Erakusketa aretoa ere aldatuko da. Denis Itxasok esan zuen jende gutxik erabiltzen duela eraikinetik aparte gelditzen dela eta. «Erakargarriagoa» egitea da helburua, erabiltzaileak jaistera animatuko dituen diseinu bat lortzea. Antzeko itxuraldaketa egingo diote ekitaldi aretoari; oraingo leku berean egongo da, baina espazioari irudi argiagoa eta «egungoagoa» eman nahi diote. Ganbara aretoak ere kezkatzen ditu, eta hara iristeko arazoak konpontzeko asmoa du obrak. Eraikinaren estalkian eta fatxadetan ere «esku hartze garrantzitsuak» egin beharko direla esan zuten.

Egungo eraikinean dauden instalazio gehienak duela 25 urtekoak dira, eta erabat berrituko dituzte. Helburua da «gaur egungo kultur zentro batek dituen eskakizunei erantzutea». Hala ere, Monteroren ustean ez dago irudi berri bat sortu beharrik, jadanik izaera bat duen eraikin bat egokitu eta etorkizuneko aldaketetarako prestatu baizik; Itxasok eta biek etengabe azpimarratu zuten «moldagarritasuna».

Eraberritze lanak

Prozesua bizkortu arren, kulturunearen eraberritzea hainbat fasetan banatu zuten hasieratik, eta urratsez urrats jarraituko diote bideari. Orain, Astigarraga y Lasarte / Bab Arquitectos enpresek sei hilabeteko epea dute obra gauzatzeko proiektua idazteko, eta obrako lanak lehiaketara aterako dira udaberrian. Hortaz, aurreikusten dute lanak datorren urteko udaren ostean hasiko direla, eta Koldo Mitxelena Kulturunea itxi egin beharko dute berritze lanek iraun bitartean; hau da, hurrengo bi urteetan. Kulturuneko zerbitzuei eusten ahaleginduko dira, baina oraindik ez dute zehaztu ez non, ez nola.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 6 milioi euroko aurrekontua iragarri zuen berritze lanetarako, baina Denis Itxasok adierazi zuen «guztiek» ikusi zutela diru gehiagoren premia. Bost finalistetako bati ere ez zitzaizkion nahikoa iruditu aurreikusitako 6 milioiak, eta, azkenean, 9-10 milioi euro inguru beharko dituzte eraikina eraberritzeko. Izan ere, esan zuten 3,5 milioi euro beharko direla eraikinaren estalkia, fatxadak eta egitura konpontzeko soilik, eta marjina handiagoa nahi dute erabat moldatu ahal izateko.

Lehiaketa Donostiako bi arkitektok irabazi izanak poztu egin du Itxaso, dagoeneko ezagunak baitira Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Haiena zen Irungo Gordailuaren proiektua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroarena. Donostiako Benta-Berriko kiroldegirako ideia lehiaketan ere lehenengo saria irabazi zuten. Bab Arquitectos kidea, berriz, Madrilgo estudio bat da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna