Gatazkaren izaera poliedrikoa

Bihar hasiko da Getxophoto jaialdia, eta nazioarteko 23 argazkilariren lanak bilduko ditu Getxoko areto eta kaleetan zehar hilaren 30era bitarte. 'Gatazka ostea' izango du ardatz
Ostegunean hasiko da Getxophoto nazioarteko jaialdia. Irudian, hilaren 6tik 9ra bitarte izango den <em>Yump Trump</em> izeneko obra.
Ostegunean hasiko da Getxophoto nazioarteko jaialdia. Irudian, hilaren 6tik 9ra bitarte izango den Yump Trump izeneko obra. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko irailak 5
Bat, bi eta jauzi. Hiru metroko altuera duen aldamiotik Donald Trump AEBetako presidentearen aurpegi erraldoia duen puzgarrira salto. «Segundo gutxitan bada ere, jendeak aukera izango du munduko gizon boteretsuena mendekatzeko». Ez da jolasa, artelana baizik. Hala argitu du Jokin Aspuru Getxophoto nazioarteko irudi jaialdiko zuzendariak: «Uste dugu artelanak erakusteaz harago beharrezkoa dela eztabaida piztea. Helburu hori du aurtengo Getxophotok». Gatazken osteko egoerak izango ditu ardatz aurtengo jaialdiak, eta Monica Allende komisarioak iaz aurkeztutako Trantsizioaren trilogia sailaren bigarren atala da. «Postglobalizazioa landu genuen iaz, eta postgatazka landuko dugu oraingoan».

Besteak beste, gatazka ekologikoak, politikoak eta sozialak bildu dituzte Gatazka ostea. Elkarrizketa berreraiki goiburupean bihar abiatuko den XII. Getxophoto jaialdian. Hala, hilaren 30era bitarte nazioarteko 23 artistaren lanak izango dira ikusgai Getxoko kale zein aretoetan. Irekiera ofiziala bihar izango den arren, editore eta diseinatzaileek osatzen duten Der Greif talde alemaniarrak laborategi esperimentala eskainiko du gaur.

«Erosotasuna alde batera utzi nahi genuen». Gogoeta bultzatzea da jaialdiaren helburua, komisarioaren hitzetan. Jaialdiaren irekiera iragartzeko agerraldia egin zuten atzo, eta programaren edukian jarri zuen fokua Allendek. «Gatazkaren esanahiari buruzko hausnarketa egin eta ondoren sortzen diren narrazioetan jarri dugu fokua: ondorioetan, kaltetuetan eta gizarte zein kulturetan gatazkek uzten dituzten aztarnetan. Askoren artean, biolentziaren eraginez sortutako identitateak, oroimen historikoa, naturaren eta kontsumismoaren arteko talkaren ondorioak eta, egia-ostearen garaiotan, errealitatearen eta fikzioaren artean dagoen espazio lausoa lantzen dute aukeratutako piezek». Hogei erakusketa bildu dituzte, orotara, eta jorratzen duten gaiaren arabera jarri dituzte ikusgai, banaka zein multzoka. «Lanen arteko elkarrizketa proposatu dugu».

Allendek azaldu duenez, artisten sorkuntza prozesua bultzatzeko ahalegin berezia egin dute aurten, eta beren-beregi Getxophoto jaialdirako sortutako piezak izango dira estreinakoz ikusgai. Clemente Bernard argazkilari eta dokumental egile iruindarrak sortutako Hitz egin pieza aipatu du, tartean. Egin egunkariaren itxierak utzitako irudietatik abiatuta ETAren desegiteari eta euskal gatazkaren amaierari buruz modu sinbolikoan hitz egiten du. Punta Begoñako galerietan izango da ikusgai Bernarden lana, beste hiru artistaren piezekin batera.

Euskal Herriko artisten lana ere nabarmendu du Aspuruk. «Nazioartekoa den arren, Getxotik egiten den jaialdia da, eta zapaltzen dugun lurretik abiatzen dugu egitasmoa». Bide horretan, Markel Redondo bilbotarrak osatutako Sand Castles lana nabarmendu dute bai Aspuruk eta bai Allendek. 2008ko krisialdi ekonomikoaren ostean, neurri gabeko eraikuntzaren ondorioak dronearekin erretratatu ditu Redondok.

Askotariko begiradak

Amezti kalean Getxophotok duen egoitzan jarri dute ikusgai Redondoren lana: Digitalki kontatu goiburupean bildu dituzten hiru erakustetako bat da. Ondoan du The Sun Ladies dokumentala. 2014az geroztik, Estatu Islamikoaren okupazioaren aurrean erresistentzia antolatzen duten emakume gerrillari kurduei buruzkoa da Celine Tricart eta Christian Stephen zuzendariek sortutako pelikula. Josh Begley artistaren Good Luck with the Wall filma da espazio horretan ikusgai dagoen hirugarren pieza. AEBen eta Mexikoren arteko muga bereizteko eraiki nahi den harresiari buruzko gogoeta egiten du Begleyren lanak, Allenderen hitzetan. «Google Earth plataformaren sateliteek ateratako 200.000 argazkitik gora biltzen ditu piezak».

Auzi energetikoa lantzen duen pieza berezi bat nabarmendu nahi izan du Aspuruk: Luca Locatelli argazkigilearen Germany Energy Revolution. «Alemanian bultzatzen ari diren iraultza energetikoa irudikatzen du, eta Getxoko gasolindegia aukeratu dugu propio lanaren erakustoki gisa». Alemaniako Kalkar hiriko zentral nuklearra Wunderland Kalkar izeneko jolas parke bihurtu zuten 1995ean, eta parkeko irudien bidez energiari buruzko hausnarketa egin nahi du egileak. Berea egin du Aspuruk ere: «Zentral nuklearra barraka bihurtu dute Alemanian. Hemen badugu Lemoizko azpiegitura, eta ez dakigu eraikinarekin zer egin».

Erakusketez gainera, bestelako jardunaldi osagarriak ere izango ditu jaialdiak. Larunbatean erakusketa guztiak zeharkatzen dituen ibilbidea egingo dute 11:30etik hasita eta egileek beren lana aurkeztuko dute zuzenean. Bestalde, hilaren 20tik 26ra Punta Begoñako galerietan oheak jarri eta pelikulak izango dituzte ikusteko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

Getxophoto.com

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna