Bi ahoko ezpatak dauzka

Alavesek geldikako jokoari eta azken uneko golei zor die, hein handi batean, sasoi hasierako goraldia. Ordea, azken lehietan odolkiak ordainetan eman dizkiote.
Gabriel Maripan eta Fernando Pacheco, lur jota, Eibarrek berdinketa lortu ondoren.
Gabriel Maripan eta Fernando Pacheco, lur jota, Eibarrek berdinketa lortu ondoren. JUAN HERRERO / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko azaroak 9
Sailkapenak erakusten duenez, puntuak erruz zakuratzeko formularen jabe egin da Alaves. Entrenatzaile bakoitzak bide orri bat darabil arrakasta lortzen saiatzeko, baina denak ez dira emankor suertatzen. Abelardo Fernandezek, ostera, baleko tekla sakatu du Alavesen, Arabako taldearen neurrira egindako planarekin. Gasteiztarrek defentsako jardun sendoan oinarritzen dute beren jokoa, baina, era berean, oso garbi dute aurkariak nola kolpatu. Sasoi honetan, geldikako jokaldiak eta azken uneko oldarraldiak ari dira izaten Abelardok entrenatutako taldearen armarik eraginkorrenak. Ez dira gutxi haiei heldurik sartu dituen golak eta lortu dituen puntuak. Haatik, bi ahoko ezpata bihurtu zaizkio azken bi partidetan: sartu dizkioten azken lau goletatik hiru geldikako jokoan jaso ditu, eta bi hondarreko minutuetan izan dira.

Hasteko, estrategiako jokaldiak buruhauste izan ziren Alavesentzat Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidan, Gironaren aurka. Lehen minutuetatik bertatik sufritu zuen jokaldi horiek defendatzean, eta okerrak garesti ordaindu zituen azkenean. Izan ere, Kataluniako taldearen bi golak geldikako jokoaren bidez iritsi ziren. Bigarrena biziki mingarria izan zen arabarrentzat, partidako azkeneko jokaldian iritsi baitzen, 88. minutuan Martin Agirregabiriak erabakigarria izango zela zirudien 2-1ekoa sartu ondotik. Harrobiko jokalariak berak zaintzan huts egin zuen Gironak 95. minutuan ateratako falta batean, eta, ondorioz, binakoa jaso Alavesek.

Gauzak bere onera itzularazten saiatu zen ligako azken lehian, Eibarren kontra. Baita, hasiera batean, lortu ere, Jonyk maisuki ateratako falta batean 0-1ekoa egin baitzuen Manu Garciak. Haatik, gauzak okertuz joan zitzaizkien gasteiztarrei: lehenik, 25. minutuan txartel gorria atera zioten Ruben Duarteri; hurrena, hogei minutu falta zirela banakoa sartu zuen Joan Jordanek; eta, bukatzeko, lehiaren azken hatsean Abelardorenak esku hutsik utzi zituen Pape Diopek, korner batean, berriz ere Martinen arreta falta tarteko. Hortaz, bigarrenez jarraian, txanponaren alde makurra bizi izan zuen Alavesek.

Zernahi ere, orain arte kalte baino askoz onura gehiago ekarri diote amaierako erasoaldiek eta geldikako jokaldiek Alavesi. Azken horien bidez sei gol sartu ditu orain arte: lau faltaz, bat kornerrez, eta beste bat alboko sake baten ostean. Eta gol horiek ez dute edonolako garrantzia izan, besteak beste, Mendizorrotzan Real Madrilen aurka garaipen historikoa lortzeko eta Celta Balaidosen azpiratzeko balio izan baitiote Gasteizko taldeari. Merituaren zati handi bat Javier Cabello bigarren entrenatzailearena da. Hark prestatzen ditu estrategiako jokaldiak, baita ondo prestatu ere, orain arte ikusitakoak ikusirik.

Hamar puntu luzapenean

Hori bai, arbelean marraztutakoa zelaian gorpuzteko, nahitaezkoa da jokalarien abilezia. Bada, arabarrek bertute ezin aproposagoak dituzte geldikako erasorako. Alde batetik, Jony eta Ibai Gomez oso jaurtitzaile iaioak dira. Batak ezkerrez ematen dio baloiari, eta besteak, eskuinez, eta biek dute sekulako zehaztasuna. Hegaleko espainiarrak oraindik ez du golik sartu, baina Espainiako Ligan azken pase gehien eman duen jokalaria da, seirekin. Horietatik lau, falta eta kornerretan eman ditu. Haren eta Ibairen erdiraketez profitatzeko jokalaririk ez zaio falta Alavesi. Aireko jokoan mehatxua dira, besteak beste, Baston, Victor Laguardia, Gabriel Maripan eta Jonathan Calleri. Hain justu, aurrelari argentinarrak hiru gol sartu ditu buruz orain arte, Lehen Mailan beste inork baino gehiago.

Luzapeneko bultzaldiei ere zuku handia ari zaio ateratzen Alaves. Izan ere, hiru garaipen eta bi berdinketa lortu ditu azken unean sartutako golei esker; hots, orain arte batu dituen hogei puntuetatik hamar. Abelardok nortasun lehiakor eta nekaezin batez kutsatu ditu jokalariak, eta Arabako taldeak azken momenturaino estutu ohi ditu aurkariak. Zaleei amaiera zirraragarri ugari ari zaizkio eskaintzen sasoi honetan; esaterako, Manu Garciak 95. minutuan sartu zuen Real Madril menperatzeko balio izan zuen gol gogoangarria. Orain, azkeneko bi partidetako bukaera eskasak ahantzarazten saiatuko dira arabarrak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna