Bi film hamarna izendapenekin

Alfonso Cuaronen 'Roma' eta Yorgos Lanthimosen 'The Favourite' hautagaitza kopuruan berdinduta iritsiko dira 91. Oscar sarietara. Otsailaren 24an banatuko dituzte garaikurrak

Ainhoa Sarasola.
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Izendapen kopuruari begiratuta, bi film iritsiko dira faborito nagusi gisa 91. Oscar sariak emateko ekitaldira. Hamarna hautagaitza lortu dituzte bai Alfonso Cuaron zinemagile mexikarraren Roma-k, bai Yorgos Lanthimos zuzendari greziarraren The Favourite-k. Bi sortzaileak daude zuzendaririk onenaren sarirako hautagaien artean, baita bi filmetako aktore nagusiak ere, emakumezko antzezle onenaren kategorian —Yalitza Aparicio eta Olivia Colman, hurrenez hurren—. Hain zuzen, emakumeak dituzte protagonista bi filmek. Lehiakide gehiago izango dituzte parean, ordea, otsailaren 24ko galan. Ohi bezala, Los Angelesko (AEB) Dolby antzokian izango da sariak emateko ekitaldia; 30 urtean lehen aldiz, aurkezlerik gabe.

Iaz estreinatutako filmen artetik oihartzun handiena lortu duenetako bat izan da Roma. Kritikaren zein publikoaren txaloak jaso ditu Netflixen ekoizpenak, baita hainbat sari ere —Urrezko Lehoia lortu zuen Veneziako Mostran—. 1970eko urteetako Mexiko Hirian girotua dago, eta familia burges batean haurrak zaintzen lan egiten duen andre baten istorioa kontatzen du filmak, zuri-beltzean eta gazteleraz. Lehen aldia da gaztelerazko lan bat sari nagusia lortzeko hautagai dena, eta bederatzigarrena ingelesez besteko film batek izendapen hori lortu duena. Halaber, sari nagusirako ez ezik, ingelesez besteko film onenaren sarirako ere hautagai da; bost aldiz gertatu da halakorik, baina bi sariak batera inoiz ez ditu inork irabazi —halakoetan, bigarrena lortu dute beti izendatuek; Oscarretan inoiz ez diote eman lan onenaren saria ingelesez besteko film bati—.

Yorgos Lanthimosek ere emakumeak protagonista dituen istorio bat eraman du pantailara, baina XVIII. mendeko Ingalaterran girotua. Hiru andrek jokatu dituzte rol nagusiak: Olivia Colmanek, Rachel Weiszek eta Emma Stonek —azken bi horiek lehiakide izango dira taldeko emakume aktorerik onenaren sarirako—. Venezian, Epaimahaiaren Saria lortu zuen filmak, eta andrazko aktore onenarena Colmanek. Sari hori lortzeko hautagai da Oscarretan ere, baina lehiakide indartsuak izango ditu parean: Yalitza Aparicio (Roma), Lady Gaga (A Star Is Born), Melissa McCarthy (Can You Ever Forgive Me?) eta Glenn Close (The Wife) —askok Close jotzen dute faboritotzat; zazpigarren izendapena du, baina sekula ez du Oscar saririk irabazi—.

Gizon aktore onenaren sarirako, berriz, Christian Bale jotzen dute askok faboritotzat, Vice filmean Dick Cheney AEBetako presidenteorde ohiaren rolean eginiko lanagatik —zortzi kategoriatan hautagai da filma; besteak beste, lan onenarenean—. Edonola ere, parean izango ditu Viggo Mortensen (Green Book), Willem Dafoe (At Eternity's Gate), Rami Malek (Bohemian Rhapsody) eta Bradley Cooper (A Star Is Born). Protagonista ez ezik, filmeko zuzendaria ere bada Cooper, baina sari horretarako ez du izendapenik lortu —filmak, guztira, zortzi ditu—.

Bai, ordea, Spike Leek (BlacKkKlansman), Pawel Pawlikowskik (Cold War) eta Adam McKayk (Vice), Cuaronek eta Lanthimosek bezala. Cuaronena bezala, Pawlikowskiren filma ingelesez besteko filmik onenaren sarirako hautagaia da, Werk ohne Autor (Florian Henckel von Donnersmarck, Alemania) Manbiki kazoku (Hirokazu Koreeda, Japonia) eta Capharnaüm (Nadine Labaki, Libano) lanekin batera.

Argazki onenaren kategorian, lehendabiziko aldiz, zuri-beltzeko bi film izango dira lehian—Cold War eta Roma—. The Favourite, Never Look Away etaA Star Is Born ere badaude sari horretarako hautagaien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.