Arimara heltzen den lengoaia

Zita Aialak zalantzan jarri du gizakiak naturarekin duen harremana 'Esencia eta existence' erakusketan. Lengoaia berezi bat sortu du, kaseina, zetazko papera eta argiarekin

Zita Aialak Iruñeko Ziudadelako Labea aretoan jarri du ikusgai Esencia eta existence izeneko instalazioa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Gizakiaren funtsa ukitu; haren arimaraino heldu; zalantzan jarri hark naturarekin eta bere buruarekin duen harremana. Hori jorratzen du Zita Aiala artista iruindarrak artelanekin. Gizakiaren oinarria naturarekin hertsiki lotuta dagoela uste du, gizakia horren jakitun ez izan arren: «Natura gara, baina ahaztu egin dugu». Lotura horren inguruko kontzientzia zabaltzeko, berezko lengoaia bat sortu du, material organiko eta xumeak erabilita: kaseina, zetazko papera eta argia. Horiekin argi xaflak sortu ditu, eta Iruñeko Ziudadelako Labea aretoan jarri ditu ikusgai. Esencia eta existence izena jarri dio erakusketari, eta martxoaren 3ra arte egongo da zabalik.

Lanaren emaitza orain ikus daitekeen arren, artistak urteak zeramatzan nahi zuena adierazteko lengoaia egokiaren bila. 2013an, material organikoekin lan egitea erabaki zuen, «naturarengandik gertu» egoteko eta bere burua material toxikoekin ez kutsatzeko. Hainbat proba egin zituen: kolarekin, erretxina organikoekin... Kaseina aurkitu arte. Esnearen proteina bat da kaseina, oso itsaskorra, eta lehortzean solidoa eta malgua bihurtzen dena. Produktu horrekin eta zetazko paper geruza askorekin sortzen ditu laminak; borax izeneko konposatua erabiltzen du kontserbagarri gisa, eta berniz berezi batekin babesten ditu. Laminei argia gehitu, eta orain erabili duen teknika berezia lortzen du.

Ezkutuko dimentsioa

Artistarentzat, «aurkikuntza izugarria» izan da. «Material horiei esker lortu dut, azkenean, nik nahi dudana komunikatzea», adierazi du. «Harridura, kontraesana eta magia» sortzen duen lengoaia bat dela uste du, eta poesiarekin alderatu du, «arimaraino heltzeko gaitasuna duelako; izpirituak astintzen dituelako». Ezkutuko argiaren artea izena jarri dio teknikari. Iaz erakutsi zuen lehenbizikoz, Haizearen leihoak izeneko erakusketan, Madrilen.

Argiak garrantzi handia du Aialaren artelanetan, bigarren dimentsio bat ematen dielako. «Halere, ez dut argia helburu gisa erabiltzen, bitarteko gisa baizik», zehaztu du. «Ezkutuan geratzen dena azaltzeko bitarteko gisa». Hain zuzen, xaflek bi plano dituzte: kanpokoari dimentsio naturala deitu dio, egun-argiz ikus daitekeelako, eta barrukoari, berriz, ezkutuko dimentsioa. Bigarren hori bakarrik atzeman daiteke xaflaren barruan dagoen argia pizten denean. Hala, ikusleak hasieran irudi bat ikusiko du, eta, ondoren, barruko argia piztean, beste bat aurkituko du, guztiz ezberdina eta esanahi berriekin.

Gorputz atalak, landareak, ura... Aialaren artelanetan giza irudiak eta natur elementuak nahasten dira; bat egiten dute. Irudi batzuk abstrakziotik gertu daude, eta beste batzuk esplizituagoak dira. Horien bitartez, artistak adierazi nahi du gizakia bere oinarrian natura dela. «Eta natura, gu bezala, bizirik dago; zaintzen eta babesten gaitu; baina guk objektu gisa erabiltzen dugu», salatu du. «Horren ondorioz, Lurra bertan bizitzeko moduan ez dagoen espazio bat bilakatzen ari da». Horren aurrean, «kontzientziak astindu» nahi ditu, gizakiak harreman «sinbiotikoagoa» izan dezan naturarekin. «Gogoan izan behar dugu gu, izaki bizidunok, ingurune bizi honetako parte bat baino ez garela».

Gizarte gaiak ere izan ditu hizpide lanean, guztia lotuta dagoela uste baitu. «Kultura, gizartea, hiri ingurunea... Gu hori dena gara». Gaua heldu da obran, kasurako, errefuxiatuen krisia irudikatu du; eta Nire uda hondartzan lanean alderatu ditu hark hondartzan igarotzen dituen uda egunak alanbre-hesien atzean igarotzen dituztenenekin.

Entsegua eta akatsa

Aialak ibilbide zirkular baten gisan proposatu du erakusketa: obra batek hurrengora eramaten du ikuslea. Kontatu duenez, abenduan Donibane Lohizunen (Lapurdi) aurkeztu zuen instalazioa, Rotonda izeneko espazio zirkularrean, eta tokia asko gustatu zitzaion, lotura bat ikusten zuelako forma horren eta naturaren artean. «Gauza borobilek natura ekartzen didate gogora; gauza organikoak bezala interpretatzen ditut», azaldu du. Ondoren, konturatu zen Ziudadelako Labeak ere ezaugarri hori zuela, eta lana hara eramatea erabaki zuen. «Gainera, oso areto berezia da niretzat: txikitatik erakarri nau, eta ez nuen pentsatzen aukera izango nuenik nire lana han aurkezteko».

Aialak urte bat eman du erakusketa prestatzen eta esperimentatzen. Sormen prozesua konplexua izan dela esan du, proba asko egin behar izan duelako, eta teknikak zailtasunak dituelako. Bidean hainbat oztopori aurre egin behar izan die: «Adibidez, materiala lehortzen denean, txikiagotzen da, eta moldeak tolesten dira; hori kontrolatu beharra dago. Bestalde, zaila da aurreikustea zer ikusiko den eta zer geratuko den ezkutuan... Beti ez da erraza izaten hori menperatzea eta lana zuk nahi duzun moduan geratzea». Hala ere, «atsegina» iruditzen zaio probak egitera eramaten duen jakin-min sentsazioa, eta «gogobetegarria» emaitzak lortzea. Aurrerantzean teknika lantzen jarraituko duela ziurtatu du. «Liluratuta nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.