Ibaiganeko sukaldea, gainezka

Aitor Elizegi Athleticeko presidentearen lantaldeak erabaki garrantzitsuak hartu beharko ditu hurrengo asteetan: entrenatzailea lotu gabe dago, Aritz Adurizen eta Markel Susaetaren etorkizuna argitzeke dago, eta Lezaman aldaketak espero dira.

Rafa Alkorta, Kenan Kodro eta Aitor Elizegi, Athleticek aurrelaria aurkeztu zuen egunean. JAVIER ZORRILLA / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Athleticen gauza asko aldatu dira azkeneko hiru hiletan. Onerako. Behin ekaitza pasatuta, barealdia etorri da. Etxeko lanak ez daude eginak, baina jaisteko postuak hamar puntura izateak patxadaz aurrera begiratzeko aukera eman dio klubari. Kirol arloan, salbazioa lehenbailehen lotu eta, ahal bada, sei onenen artean sailkatzeko lehian murgiltzea da helburua. Zelaiko lana egitea Gaizka Garitanori eta jokalariei dagokie. Zuzendaritzari, berriz, epe ertain eta luzera begira jartzea egokitzen zaio. Aitor Elizegiren lantaldeak Ibaiganen lur hartzen eman ditu lehen hilabeteak. Klub barruko egoera aztertzeko nahikoa denbora izan du, eta, orain, erabakiak hartzen hasteko sasoia iritsi zaio. Athleticen etorkizunean garrantzi handia duten kontuak dituzte mahai gainean.

GAIZKA GARITANO, ITXURALDAKETAREN GILTZA

Baleko etxea eraikitzeko, oinarri sendoa behar da. Lehen taldea da klubaren zutabe nagusia, eta entrenatzaileak dauka hori kudeatzeko ardura. Beraz, beste erabaki asko hartu aurretik, teknikaria aukeratu behar da. Taldearen kudeatzailearen iritziak pisua izan behar du datorren sasoiko taldea antolatzeko orduan. Ildo horretan, klubeko kirol arduradunek sarri esan dute Gaizka Garitano dela euren lehen aukera. Kontua da, gaur-gaurkoz, ez dagoela berririk derioztarraren kontratu berritzearen inguruan. Salbazioa matematikoki lortu arte egongo al da zain zuzendaritza? Ligaren azken txanpan taldeak ematen duen itxurak garrantzia izango al du erabakia hartzeko orduan? Beste aukera batzuk aztertzen ari al dira Elizegi eta kirol zuzendaritza? Egun, erantzunik ez duten galderak dira. Argi dago Garitano eta haren lantaldea ekarpen handia egiten ari direla. Hauskorra zen taldea hartu zuten, eta lehiakor bihurtu dute. Garitanoren Athleticek Europarako sailkatzeko ematen duten puntuak irabazi ditu. Galtzera ohituta zegoen taldeari irabazten erakutsi dio. Ezin zaio askoz gehiago eskatu. Okerrik ezean sasoi amaiera lasaia izango du talde zuri-gorriak. Ez da gutxi. Helburu anbiziotsuagoak izateko erasoan hobetu beharko du. Baina horretarako denbora behar da. Lasai lan egiten utzi behar zaio. Garitanok irabazi egin du Athleticen aulkian jarraitzea. Gainera, etxekoa da, eta jokalari gazteak ondo ezagutzen ditu. Hori ere aintzat hartu behar da taldean etenik izan behar ez duen belaunaldi aldaketa naturaltasunez egiteko.

ADURIZEN ETA SUSAETAREN GEROA, ARGITZEKE

Athleticek ausarta izan behar du gazteei aukera emateko orduan. Hala ez bada, haren filosofiak ez luke zentzurik izango. Baina, era berean, gorengo mailan lehiakor izateko ezinbestekoa da ilusioz gainezka dauden gazteen indarra eta eskarmentua duten futbolarien patxada uztartzea. Bide horretan, Ibaiganek ez du argitu zer gertatuko den mende hasierako Athleticen garrantzi handia izan duten futbolari biren etorkizunarekin. Aritz Aduriz azken hamarkadetako futbolari erabakigarriena da. Adinean aurrera doa —38 urte egin berri ditu—, eta denboraldi honetan lesioek ez diote utzi bere onena erakusten. Klubak bere esku utzi du azken erabakia. Pentsatzekoa da lesiotik ondo osatzen baldin bada jarraitu egingo duela. Indarrarekin baldin badago beste era batean utzi gurako du goi mailako futbola. Halaber, ez dauka eskean aritzeko premiarik. Inguruak ematen dion babesa garrantzitsua izan daiteke aurrelariak bide bat edo beste hartzea erabakitzeko orduan.

Markel Susaetaren kasuan, berriz, klubak ez du bere asmoen berri eman. 31 urteko erdilari eibartarra sasoi onean dago, baina Garitanorekin denboraldi hasieran baino askoz gutxiago ari da jokatzen. Futbolariak argi du zer egin gura duen, baina, antza, klubak ez dauka horren garbi. Gorengo mailan jarraitzeko indarra eta gaitasuna dauka taldeko kapitainak. Talde jokalari garrantzitsua da. Errespetua merezi du. 503 partida jokatu ditu. Lau jokalarik bakarrik jokatu dituzte neurketa gehiago Athleticen.

Bestalde, jokalari garrantzitsuen etorkizuna zehazteaz gain, fitxatu daitezkeen futbolarien gaineko hausnarketa ere egin beharko du zuzendaritzak. Fernando Llorenteren izena mahai gainean egongo da berriz.

ALDAKETAK LEZAMAN

Harrobiaren inguruan ere ez dira berritasunak faltako. Talde guztietako entrenatzaileak aurreko zuzendaritzak aukeratutakoak dira. Ondorioz, beti gertatzen den legez, askok ez dute euren karguetan jarraituko. Bestalde, gehien nabarmentzen ari diren gazteei ere irteera egokia eman beharko zaie. Athletic B-ko Iñigo Vicentek, Unai Vencedorrek eta Gaizka Larrazabalek talde askoren interesa piztu dute. Guztiek ez dute lekua lehen taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.