Europako Parlamenturako hauteskundeak

Bipartidismoak gehiengo osoa galdu du, lehen emaitzen arabera

Demokristauek eta sozialdemokratek berrogeina ordezkari gutxiago dituzte. Liberalek eta berdeek egin dute gora nabarmen. Parte hartzea igo egin da lehen aldiz: %43tik %51ra

Hainbat herritar Europako Parlamenturako bozen emaitzen zain atzo, Bruselan, europarlamentuaren egoitzaren aurrean. JULIEN WARNAND / EFE.
ander perez zala
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Bipartidismoak gehiengo osoa galduko du lehenengoz Europako Parlamentuan, atzo kaleraturiko behin-behineko emaitzen arabera. Europako Alderdi Popularrak (EAP) 41 eurodiputatu gutxiago izango lituzke, eta 180rekin geratuko litzateke datu horiek egiaztatuz gero; Sozialista Europarren Alderdiak (SEA) antzeko galera izango luke, eta 152ra jaitsiko litzateke. Beraz, bi alderdi horiek talde politiko berri batera jo beharko lukete status quo-ari eusteko: Europaren Aldeko Liberalen eta Demokraten Aliantzaren Alderdiak (ALDE) eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sortuko dutena. Talde berri horrek sekulako babesa luke, eta 105 ordezkari bilduko lituzke ganberan. Parte hartzearen gorakada izan da beste albisteetako bat: europarlamentuaren arabera, %51koa izan da, 2014an baino zazpi puntu gehiago. Azken hogei urteetako kopururik handiena da.

Europako lehen potentzia ekonomikoan, Alemanian, gobernu koalizioa osatzen duten Batasun Kristau-Demokratak (CDU) eta Alemaniako Alderdi Sozialistak (SPD) beherakada handia izango dute, behin-behineko emaitzen arabera. Datuok egiaztatuko balira, CDU/CSU zerrendak luke boto gehien, baina zazpi puntu galduko lituzke 2014ko emaitzekin konparatuz gero, %29ra jaitsita; SPD hirugarren geratuko litzateke, botoen %15,5 jasota, duela bost urte baino hamabi puntu gutxiagorekin. Gora Alderdi Berdeak egingo luke, eta nabarmen, gainera, babesen %21 lortuta —11 puntu gehiago—; hortaz, bigarren indarra litzateke. Azkenik, Alemaniarentzako Alternatiba (AFD) ultraeskuindarra bosgarren postutik laugarrenera igoko litzateke, hiru puntu gehiago lortuta (%10,8). Emaitzak baieztatuz gero, mahai gainean egon liteke Alemanian boz orokorrak aurreratzeko aukera.

Herrialde horretako emaitzak dira Europako joeraren isla. Demokristauek behera egin dute, baina lehen indarra dira oraindik; alderdi sozialdemokratek ez lukete lortuko galera etetea, estatu kide batzuetan emaitzak hobetu dituzten arren Herbehereetan, Italian eta Portugalen, adibidez—. Horien aurrean, Europako Alderdi Berdeak (EAB) izango luke gorakada handiena; europarlamentuaren behin-behineko datuen arabera, 67 eurodiputatu izango lituzke, 2014an baino 17 gehiago; batez ere, Irlandako Errepublikan, Alemanian eta Frantzian izandako gorakadei esker —hirugarren postura igo da—. Laugarren indarra litzateke.

Halere, EAB bosgarren postura jaits liteke, Matteo Salvini Italiako lehen ministrordeak sortu nahi duen talde politiko berriak aurrea hartuko balio. Herrien eta Nazioen Europako Aliantzak (HNEA) alderdi ultraeskuindarrak batzea du helburu, eta hor egongo lirateke Salviniren Lega —lehena izango litzateke Italian—, Alemaniako AFD, Marine Le Penen Batasun Nazionala —Frantzian lehena litzateke— eta Herbehereetako Askatasunerako Alderdia, esaterako, nahiz eta azken alderdi horri behin-behineko emaitzek ez dioten ordezkaritzarik eman. Denera, lehen datuen arabera, HNEAk 75 europarlamentari lortuko lituzke, 40 gehiago, batez ere Legaren gorakadagatik.

Gainera, ikusteko dago Hungariako lehen ministro Viktor Orbanen Fidesz alderdiak zer erabaki hartuko duen: EAPn jarraitzea ala HNEAn sartzea. Emaitza ofizialen arabera —lehenago eman zuten horien berri—, Fideszek botoen %52 lortu ditu Hungarian estatu kideetan babes handiena, eta hamalau ordezkari eskuratu.

Salvinik, gainera, nahi du Polonian boterean dagoen Legea eta Justizia ere (PiS) haren talde berrira batzea, baina PiSek Europako Kontserbadoreen eta Erreformisten Aliantzan (EKEA) jarraitzeko erabakia lehenetsi du; EKEAk, behin-behineko emaitzen arabera, hemezortzi europarlamentari inguru galduko lituzke, 61era jaisteraino.

Atzoko hauteskundeen emaitzek eragin zuzena izango dute estatu kideetako gobernuen etorkizunean. Grezia da kasuetako bat: datuak egiaztatuz gero, Alexis Tsipras lehen ministroaren Syriza alderdi ezkertiarra bigarren postura jaitsiko litzateke, Demokrazia Berria (ND) kontserbadoreen mesederako. Emaitza horiek kontuan hartuta, Tsiprasek atzo bertan jakinarazi zuen udazkenean egitekoak ziren hauteskunde orokorrak aurreratuko dituela; BBCren arabera, ekainaren 30ean izango dira. Salvinik gauza bera egin lezake, haren koaliziokide 5 Izar Mugimendua hirugarrena bailitzateke Italian; horretarako, kanpainan iradoki zuen gutxienez botoen %30eko babesa nahi zuela.

Oro har, behin-behineko emaitzen arabera, alderdi ezkertiarrak batzen dituen Europako Ezkerraren Alderdiak (EEA) ez luke lortuko ordezkaritza kopurua handitzea; kontrara, 14 diputatu galduko lituzke, eta 38rekin geratu.

Erresuma Batua

Erresuma Batuko emaitzak dira beste arretaguneetako bat, zundaketek brexit-ak sortzen duen polarizazioa erakutsi baitute. Europako Batasunetik (EB) ateratzearen eta han geratzearen aldeko alderdiak lirateke babes handiena lortu dutenak: Nigel Farageren Brexit Alderdiak lortuko luke ordezkari gehien, Liberal Demokraten aurretik. Indar horien atzetik geratuko lirateke, beraz, bi alderdi tradizionalak, laborista eta kontserbadorea, hurrenez hurren.

Behin-behineko emaitzen paisaia politikoa baieztatuko balitz, Europako Parlamentua inoiz baino zatituagoa litzateke, eta kolokan egon liteke egonkortasuna. Hori bai, euroeszeptikoek espero baino eragin gutxiago lukete, berdeen eta liberalen gorakadari esker: europarlamentuaren datuen arabera, 185 ordezkari inguru lirateke, 751tatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.