Bide beretik bisaia berriak

Euskal Herria Zuzenean festibala iraganen da heldu den astean, ekainaren 28, 29 eta 30ean. Aurrekoen lekukoa hamabost bat gaztek harturik, ehunka laguntzailek eginen dute jaialdia posible. Irailean hasi ziren proiektua pentsatzen eta marrazten, EHZ hil ala biziko egoeran zelarik.

Hainbat gazte Euskal Herria Zuzenean festibalerako prestaketa lanean, atzo, Irisarriko landetan (Nafarroa Beherea). JOANA IBARGARAI.
Joana Ibargarai Leritza.
Irisarri
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Ez gara zerotik hasten; proiektua berritu dugu, baina hor dugu urteetan Euskal Herria Zuzenean festibalak utzitako ondarea. Haustura eta segida baten arteko zerbaitetan gara». Horrela mintzo da Julen Oillarburu EHZko kidea aurten marraztu duten proiektu berriari buruz. Antolatzaileak prestaketetan buru-belarri dabiltza egunotan. Heldu den ostiralean hasiko baita EHZ jaialdia, Irisarrin (Nafarroa Beherea); hiru egun iraunen du, ekainaren 28tik 30era arte.

1996tik geroz, elkarteak egin du bide, eta azken urteetan proiektua zutik atxikitzea gero eta nekeago izan bada —duela bi urtekoa aro txarragatik ezeztatu behar izan zuten—, aurten talde berri batek hartu du lekukoa. Hain zuzen ere, hamabost bat lagunek «talde motorra» osatu zuten irailean, EHZk zer norabide hartuko zuen erabakitzeko. Talde horretan denak berriak zirela eta hori «zinez positiboa» izan dela azpimarratu du Oillarburuk. «Hastapenetik gureganatu ahal izan dugu proiektua; EHZ gurea zen».

«Osoa» denproiektua

Andrea Pebet ere talde motorrean sartu zen. Horrez gain, eduki politikoa lantzen duen komisioan ari izan da lanean, festibalean izanen diren tailerren antolatzeko. Proiektua «osoa» dela dio: «Jendea elkartzen da eskaintza kulturalaren inguruan; baita gogoeta uneen inguruan ere». Oillarburuk gaineratu du hiru eguneko formatua berrezartzea erabaki dutela, lehen egiten zen bezala, euskal kultura «bultzatzeko» xedea atxikiz beti.

Pebetentzat, EHZ «proiektu kolektibo bat» oinarritzat duen«sormen» lekua da. Honela, hitzaldiak, eztabaidak, zirkua, kontzertuak, antzerkiak eta bestelako animazioak eskainiko dituzte festibaleko hiru egunetan.Programazio kulturala osorik atera dute aste honetan. «Dinamika kulturala dakar honek guztiak, eta garrantzitsua zitzaigun hori egitea barnealdean», oroitarazi du Oillarburuk. Horren burutzeko egin duten lanaren irudikatzeko, galtzagorrien irudia baliatu dute; pertsonaia mitikook elkarrekin ari baitira lanean, kokinkeria zenbait eginez tarteka.

Pebetek azaldu du hastapenetik EHZren «helburu eta balioak finkatu» dituztela. Lana zenbait taldetan banatu zuten, batzuk festibalaren formaz eta beste batzuk edukiaz ardura zitezen. «Batzordeak osatu behar izan ditugu jende berria bilatuz eta bilduz; dena biziki fite egin behar izan dugu. Denbora guti ukan dugu festibalaren muntatzeko». Oillarburuk bat egiten du denbora eskasa izan dutela errateko. Halere, orain arte eginikoa «biziki positibo» ikusten dute biek. «Sustengatuak gara. Oihartzun biziki positiboak ukan ditugu hastapenetik, eta are gehiago programazioa plazaratu dugunetik», azaldu du Oillarburuk.

Aste bat besterik ez da falta urtean zehar prestatu dutena egia bihurtuta ikusteko. Pebeten ustez, giro «herrikoia» izanen da, eta jendea «kurios» jinen da: «Jendea elkartzen ahalko da plaza inguruan. Eskaintza kultural aberatsa izanen da; horrez gain, egunerokoan bizi ditugun problematika batzuen aurrean gogoetatzeko aukera ere izanen da».

Eskaintza kulturalari dagokionez, oroitarazi dute aurtengo musika talde gehien-gehienak Euskal Herrikoak direla. Ibai Osinaga kontzertuen antolatzeaz arduratu direnen taldekoa da, eta azaldu du «festibal herrikoiago» bat egitea zutela hastapeneko xede, eta euskal taldeen hautatzea «naturaltasunez» egin dela. «Gainera, hain ezagunak ez diren taldeei lekua uzten die EHZk». Hortaz, Pelax, Alba, diskoa atera berri duten Ibil Bedi eta Diabolo Kiwi eta halako taldeen entzuteko aukera izanen du publikoak.

Gogoetarako plaza

«Nahi dugu jendea hurbiltzea, elkar ezagutzea, ideiak partekatzea, baina ez bakarrik festibalari gisa; hausnarketa bultzatu nahi dugu, bakoitza lanketa horren aktore bihurtuz», Pebeten arabera. Hala, Oillarburuk oroitarazi du bi aldaketa direla aurten: batetik,kokapena —azken urteetan Lekornen egin zuten—; bestetik, eduki politikoari garrantzia berezia ematea: esaterako, gogoetak proposatuko dituzte G7koen goi bilerari, feminismoari, migrazioari, autoantolaketari eta besta ereduari buruz. Gaion inguruko hainbat tailer prestatu dituzte gaur zortzirako: goizean teorikoak izanen dira; arratsaldean, talde tipiagoetan, tailer praktikoak eginen dituzte, gai bakoitzean sakondu ahal izateko. Autoantolaketari buruz, esaterako, «zeintzuk dira autogestioaren ondorio politiko eta praktikoak?» galderaren inguruan gogoetatzeko ordua izanen da goizean; arratsaldean, Euskal Herrian diren hainbat adibideren lekukotasunaren inguruan arituko dira. Besta ereduaren gaia jorratzeko, berriz, zer ondorio ditu besta kapitalistak militantzia esparruan? galderaren inguruko hitzaldi bat izango da. Arratsaldean, inprobisazio tailerrak animatuko dituzte Irisarri bertako gazte batzuek. Feminismoari eta G7koei buruzko ildoetan ere formatu bera atxikiko dute, «bakoitzaren parte hartze aktiboa bultzatuz» beti. Migrazioaren gaian, EHZk Belgikako Transe-en Danse dantza konpainia gomitatu du, gai horri buruzko lanketa berezi bat taulara dezaten.

Anartean, han dira, elkarlanean. Gazte talde bat egunero ari baita Irisarrin, dena muntatzen. «Denen beharra dugu», oroitarazi du Oillarburuk, azpimarratuz ez dela berantegi festibalean laguntzaile izateko. Sarea ehunduz ari dira galtzagorriak, «biziki garrantzitsua» zaien hitzordua ahal bezain ongi prestatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.