Arrauna

Nolako zura, halako ezpala

Hibaikak, ETE ligako liderrak, ondo uztartu ditu arraunlari gazteak eta helduagoak, eta kateak ez du etenik. Gazteenetako bat da Lisa Mancebo, eta zaharrena Nerea Orena.

Aitor Manterola Garate.
<i>Errenteria</i>
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Asteazken eguerdia izateko, mugimendua dabilHibaika Arraun Elkartearen egoitzan, Errenterian (Gipuzkoa). Emakumezko arraunlariak ari dira eraikinetik ateratzen, entrenamendua bukatu berritan. «Talde guztiak goizetan ere entrenatu dezakeenez, gimnasioko lana egitera etorri gara, eta, gero, arratsaldean, uretako saioa egingo dugu», esan du Lisa Mancebok (Errenteria, Gipuzkoa, 2002). Gertu dauka Nerea Orena taldekidea (Donostia, 1981). Gazteenetako bat eta zaharrena dira.

Uztartze hori ere badu ezaugarrietako bat aurtengo Hibaikak, eta ezin esan gaizki doakionik, ETE ligako buruan baita. Bi estropada falta dira lehiaketa amaitzeko: larunbat goizean, Bilbon, eta igande eguerdian, non eta etxean. Bi puntuko aldea ateratzen diote Zumaiari, eta bi horien artean dago bigarren ETE liga hau —iazkoa Donostiarrak irabazi zuen, eta bigarren izan zen Hibaika—. «Zein polita litzatekeen etxean liga irabaztea», atera zaio barru-barrutik Mancebori. «Berdindua izango da asteburu hau ere, uda guztia bezala», gehitu du Orenak, eta etxean bukatzeaz iritzi hau eman du: «Alderdi on bat eta txar bat dauzka. Onetik du jendea animatzera etortzen zaizula, eta txarretik zaila izan ohi dela beti, aparteko gogo berezia egoten delako, eta hori dena menderatzea ez da erraza izaten».

Bilbokoa eta Errenteriakoa erlojupeko estropadak izango dira, eta horri ez diote aparteko garrantzirik eman bi arraunlariek: «Eremu guztietan eta modu guztietan ari gara ondo moldatzen. Itsasoan pixka bat kostatu zitzaigun hasieran, baina hartu genion neurria». Ez dute berehalakoan ahaztuko ligaren hasiera hori, lehen lau estropadetan bandera astindu baitzuten: «Ondo ibiltzea espero nuen, baina hain ondo ez. Izugarria izan zen hasiera, eta lau bandera segidan irabaztea, ezustea». Manceborentzat Pasai Donibanen (Gipuzkoa) irabazitakoa izan zen traineruan lortu duen lehendabizikoa, arraunean egin ez bazuen ere: «Lehen urteko gazte mailakoa naiz, eta sekulako poza eta emozioa sorrarazi zizkidan garaipen horrek».

Lau bandera horien atzetik, lehorte luzean sartu zen Hibaika, sei estropada egon baitzen alerik irabazi gabe. Orenak onartu du animoak pixka bat behera egin ziela: «Emaitzak ez ziren on-onak, baina lana bai. Goian jarraitzen genuen ligan, baina, hainbeste estropada irabazi gabe egonda, animo aldetik makaldu egin ginen». Animoarena ez du aipatu Mancebok: «Estropada guztietan borrokan genbiltzan, eta batzuetan zorte txarra eduki genuen. Azkenean, irabazi ez arren, hor ginen, lehian». Borroka egitearena berezko ezaugarria omen du taldeak: «Borrokalariak gara, eta Hibaika beti izan da horrelakoa, ez aurten bakarrik». Orenak badaki zerbait horretaz: «Urte askoan ibili ginen beti goian, baina garaipen handiak eskuratu gabe —2016ko Gipuzkoako liga eta 2017ko Euskadiko Txapelketa izan ezik—. Bagenuen gogoa zerbait handia egiteko, eta aurten ari gara bandera pila bat irabazten». Azkeneko biak segidan lortu ditu, eta lehorteari amaiera eman dio hala; horregatik du sailkapenean aldea Zumaiarekiko.

Arraunzaletasuna, etxetik

ETE liga igandean bukatuko da, eta batek daki zein izango den emaitza. Antzeko zerbait esan daiteke gaur zortziko estropadaz ere, Kontxako Banderarako sailkatzekoa berdindua aurreikusten baita: «Oso estua izango da, talde asko baikaude sartzeko aukerarekin», azaldu du Orenak. Mancebok ez dauzka ahaztuta galiziarrak: «Datozen taldeak gerrarako etorriko dira».

Egun horretako estropadaz hasi dira hizketan: urduritasuna dela, buruko lana dela. Orenak badu esperientzia, eta aholku bat eman dio Mancebori: «Emozioek gainezka egingo dizute jendetza ikusita, eta oso garrantzitsua izaten da kontzentrazioa ez galtzea». Lehen aldi hura oroitze hutsarekin, oilo ipurdia ere jarri zaio: «Hunkitu egiten naiz oraindik. Umetan, aitarekin joaten nintzen Kontxakoa ikustera, goizean goiz, eta, lehen aldiz arraun egin behar nuenean, etxetik ateratzean, pentsatu nuen: 'Ez noa ikustera, arraun egitera noa'».

Astebete barru ikusiko da Hibaika sailkatuko den edo ez, eta, ondoren, Euskotren ligara igotzeko kanporaketa daukate, Hondarribia eta Zumaiarekin: «Helburua igotzea da», esan dute biek. Udako lan ona egiten badute, argi ibili. Manceboren etxean berezia izango da igoera posible hori, aita Manu Maritxalar baitu, irrati esataria eta arraunlari ohia: «Aitak bideratu ninduen arraunera», dio gazteak. Zaharrenekin ikasiz, gozatzen dabil: «Oso ona da Eli [Pescador] eta Nerearen modukoen aholkuak jasotzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.