Ondo dabilena, utzi; ez dabilena, aldatu

Bidasoak eta Anaitasunak gaur ekingo diote Asobal ligari. Aurreko sasoiko lan bikaina lagun, gipuzkoarrek ia ez dute egin aldaketarik taldean. Nafarrek, ordea, denboraldi apala egin zuten, eta, suspertzeko asmoz, taldea eraberritu dute.

Bidasoak eta Anaitasunak joan den larunbatean Kilometroak-en alde Zarautzen jokatutako lagunarteko partida. LUIS EPELDE.
Julen Etxeberria.
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Aurkia eta ifrentzua izan ziren aurreko denboraldian Bidasoa eta Anaitasuna. Irungo taldeak sasoi ikusgarria egin zuen. Bigarren izan zen Asobal ligan, eta, horri esker, Txapeldunen Ligarako sailkatu zen, Europako kluben arteko lehiaketa nagusia azkeneko aldiz jokatu eta 24 urte geroago. Iruñeko taldeak, ordea, oso sasoi gorabeheratsua osatu zuen: hamargarren sailkatu zen. 2011-2012ko sasoian, Asobal ligan estreinakoz jokatu zuenekoan bakarrik egin zuen lan eskasagoa. Orduan, hamabigarren izan zen.

Baten eta bestearen jardunean halako aldea egonda, normala da batek eta besteak oso era ezberdinean heldu izana hurrengo sasoiari. Ondo dabilena ez da komeni aldatzea. Eta halaxe egin du Bidasoak. Ia ez du egin aldaketarik: Iñaki Aldaba ezker hegalekoak utzi egin du taldea, eta Matheus Francisco da Silva pibota iritsi da. Kito. Anaitasunan, ordea, nahi bezala funtzionatzen ez zuena aldatu nahi izan dute, eta, horretarako, taldea eraberritu dute: zazpi jokalarik utzi dute, eta beste horrenbeste iritsi dira. Hori bai, Iñaki Anizek jarraituko du entrenatzaile lanetan.

Biek ala biek gaur jokatuko dute lehenbiziko partida, etxetik kanpo, eta aurkari zailen aurka. Nafarrek Bartzelona ahalguztidunari egingo diote bisita (19:00, Gol). Gipuzkoarrak, berriz, Leonen ariko dira (Espainia), Ademarren aurka (20:30).

Bidasoa, goian eustera

«Oso pozik» dago Jacobo Cuetara (Ribadesella, Espainia, 1980) Bidasoako entrenatzailea denboraldi-aurrean egindako lanarekin. «Gure helburu nagusia aurreko sasoiko elkar ulertze bera izatea zen, eta lortu dugu, ondo lortu ere. Talde honek oso oinarri sendoa du, eta lehiatzeko gutxieneko langa oso altua».

Cuetarak aitortu du «zaila» izango dela aurreko denboraldian egindakoa errepikatzea. Hala ere, «itxaropentsu» da; horrenbeste, ezen jokalari guztiei eskatu diela «koska bat» igo dezatela euren jarduna. Sinetsita dago Txapeldunen Liga jokatzea «akuilu» izango dela. «Esperientzia berriak bizi izango ditugu, eta esperientzia horiek hobeagoak izaten lagundu behar digute». Non dagoen langa? «Oso altu. Aurreko sasoian, eta gure baliabideak kontuan hartuta, goia jo genuen. Baina beti ahal da hobetu, eta hori egiten saiatu behar dugu».

«Gozatu» egin nahi du Cuetarak Txapeldunen Ligan, baina berehala egin du zehaztapena; «ondo lehiatuz gozatu nahi dugu». Asobal ligan eta Espainiako Kopan, berriz, ez dute atzerapausorik eman nahi. «Goian sendotu nahi dugu. Ez dugu nahi aurreko denboraldikoa urtebeteko kontua bakarrikizatea». Eta lehia horretan, argi du ez dela ezer aldatu joan den sasoiarekin alderatuta. «Aurkari berberak izango ditugu: Cuenca, Ademar, Granollers eta Logroño. Egon liteke ustekaberen bat, eta beste talderen batek muturra sartzea, baina hasieran, bost talde horiek ibiliko gara nor baino nor gehiago».

Hain zuzen, haren ligako aurkari baten pistan hasiko du liga. «Handiro hasiko gara, Ademarren aurka. Oso partida garrantzitsua da, baina argi izan behar dugu lehen partida besterik ez dela. Mundu bat faltako da oraindik liga amaitzeko. Lehen neurketa izanik, denak urduri egongo gara, ziur. Hori ondo kudeatzen duenak asko izango du irabazia. Ni baikor naiz. Ondo gaude, lehiarako prest».

Anaitasuna, gora egin nahian

Cuetarak baino lan askoz gehiago izan du Iñaki Aniz Anaitasunako entrenatzaileak (Iruñea, 1969). Ez da harritzekoa, aldaketa asko izan baitira Iruñeko taldean: Miguel Goñik, Edu Salazarrek, Albert Pujolek, Borja Mendezek, Mikel Agirrezabalagak, Iñigo Barricartek, Raul Nantesek eta Gabriel Cerettak utzi dute, eta Henrik Nordlander atezaina, Franco Gavidia, Guillermo Fischer eta Leandro Samedo ezker albokoak, Anderson Molino eskuin albokoa, Ander Izquierdo erdikoa eta Martin Ganuza ezker hegalekoa ailegatu dira. Nahiko lan izan du Anizek horiek guztiak taldera egokitzen. Halere, «pozik» da. «Denboraldi-aurre ona egin dugu, asko eta ondo egin dugu lan. Pena bakarra izan da Gavidia, defentsako espezialista izan behar zena lesionatu egin zela hasi eta gutxira. Baina bestelakoan ondo joan da dena. Aldaketa asko egon dira, eta pixkana ari gara denak egokitzen. Horregatik, pazientzia pixka bat izan behar dugu».

Aldaketak egon arren, estiloa ez da aldatuko. «Gure jokatzeko erari eutsiko diogu: sendo izan nahi dugu defentsan, eta bizi jokatu erasoan. Ea kanpoko jaurtiketa gehiago egiten ditugun eta hegalekoekin gehiago jokatzen dugun».

Argi du helburua: «aurreko sasoian baino gorago egon nahi dugu. Gustatuko litzaiguke lehen zortzi sailkatuen artean egotea, baina badakigu lan zaila dela hori, sei-zazpi talde baitaude gu baino koska bat gorago».

«Ondo» hasi nahi du, «konfiantza hartzeko», baina oso zail izango du irabaziz hastea, Bartzelonari egingo baitio bisita gaur. «Ez genuen izan zorterik zozketan. Baina ez dago besterik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.