Ez du sekula amore ematen

Aldapan gora iritsi da Mikel Iturria gorenera. Une zailak izan ditu, lesio larri bat tarteko, baina beti egin du aurrera; Urdazubira bidean erakutsitako kemen berberaz.

Ez du sekula amore ematen.
enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Vueltak bigarren eta azken atseden eguna izan zuen atzo, eta eskertu egin zuen Mikel Iturria (Urnieta, Gipuzkoa, 1992) Euskadi-Murias taldeko txirrindulariak. «Nekatuta» zegoen, arrakastak ere higatu egiten baitu. Balentria egin zuen orain astebete, Donapaleu (Nafarroa Beherea) eta Urdazubi (Nafarroa) artean jokatu zen 11. etapan, eta fokuek ez diote onik egin. «Zoramen handia izan nuen egun hartan. Errekuperazioa ez zen oso ona izan, eta azken egunetan dezente sufritu dut». Edonola ere, denak merezi izan du, lorpen handi baten ondorioa baita. Bere lehen garaipena lortu zuen profesionaletan; non, eta itzuli handi batean, etxeko errepideetan eta etxeko taldean. «Oso egun polita izan zen. Txikitako amets bat bete nuen, eta horrek poz handia ematen du. Jada barneratu dut».

Begiz joa zuen etapa. Plana zen ihesaldian sartu eta uneren batean aurkariak ezustean harrapatzea. Bada, senak ez zion hutsik egin. 25 kilometroren faltan jo zuen erasoa, eta esfortzu agonikoa egin hortik helmugara bitarte. «Sufrimenduan gozatu nuen. Zirraragarria izan zen, ez baitzegoen garbi iritsiko nintzen ala ez. Oraindik ez dut etapa ikusi, agian gaur [atzo] aprobetxatuko dut, kanpotik nola bizi izan zen jakiteko». Aurkariak gain-gainean zituela oroitu du, baina ez zuen etsi. «Biribilgune baten ostean atzera begiratu nuen, eta oso gertu ikusi nituen. 'Zail egongo da', pentsatu nuen. Baina nire kartak ahoz gora zeuden aspalditik, eta jarraitu beharra nuen. Ia harrapatu ninduten azken kilometroa sartu aurretik, baina ondo eutsi nien».

Urdazubira bidean erakutsitako adoreak Iturriaren ibilbidea islatzen du. Urnietarrak hainbat oztopo izan ditu azken urteetan, baina ez du sekula etsi. Ezta 2015ean talderik gabe gelditu zenean ere. «Halako egoeretan, gauza asko pasatzen zaizkizu burutik. Sufrimenduak merezi ote duen-eta. Ordea, ziklismoa maite dut, eta, azkenean, beti egin dut aurrera». Gero, behin Muriasek fitxatuta, bestelako buruhausteak izan ditu. «2016an krisi epileptiko bat izan nuen entrenatzen ari nintzela. Gero, 2017an, femurra hutsi nuen. Oso urte zailak izan ziren». Alabaina, jarraitutasun gehiago izan du azken bi urteetan, eta saria jaso du azkenean. «Ikaragarria izan zen femurreko lesioa gainditze hutsa. Bizikleta gainera itzultzea garaipena zen niretzat. Eta, orain, Vueltako etapa bat irabazi dut. Amets bat da».

Oihartzuna Muriasentzat

Harrigarria da bere lehen garaipena goi mailako lasterketa batean lortu izana, baina bada arrazoi logiko bat. «Nire ezaugarriengatik, beti moldatu izan naiz hobeto proba zail eta gogorretan. Bere zailean, errazagoa zen niretzat halako toki batean irabaztea». Orain, ez du bertan goxo gelditzeko asmorik. «Ea honek konfiantza eta lasaitasuna ematen didan, eta horri esker garaipen gehiago lortzeko aukera dudan. Gaur [atzo] atseden hartuta, beste ihesaldi bat hartzea eta borrokan sartzea gustatuko litzaidake».

Iturriak ginga jarri du, baina, bestela ere, bikain ari da Euskadi-Murias: besteak beste, Fernando Barcelo hirugarren izan zen Bilbon (Bizkaia), Oscar Rodriguezek laugarren egin zuen Acebon (Espainia), Mikel Bizkarrak zazpigarren Cubillan (Espainia) eta Hector Saezek saiakera ikusgarria egin zuen Machucosera (Espainia) bidean. Gainera, seigarren daude taldekako sailkapenean. Etorkizuna kolokan du Muriasek, eta emaitza horiek guztiek arnasa eman diezaiokete. «Dena nahieran ari zaigu ateratzen. Oihartzun asko ari gara izaten, eta, agian, horri esker taldeak aurrera jarraitzeko aukera izan lezake. Ederra litzateke».

Ez du samurra izan behar taldea desagertzeko arriskuan dela lehiatzeak. Presioak eta ziurgabetasunak lotu egin dezakete. Haatik, azaldu du ohituta daudela halako egoeran jardutera. «Gehienok ez dugu etorkizuna garbi izaten irail edo urrira arte. Gazteak, agian, urduriago egongo dira, baina besteontzat normala da, zoritxarrez. Ni halaxe ibili naiz 2013an profesionaletara pasatu nintzenetik». Berak badaki jarraitzeko aukera izango duela, Muriasen ez bada, beste nonbaiten. «Ez dakigu zer gertatuko den. Zurrumurruak dabiltza, baina guri ez digute ezer ofizialik esan. Nik ez dut arazorik izango; banekien garaipenaren aurretik, eta zer esanik ez orain».

Errepidean nahikoa argudio eman du dagoeneko Muriasek. World Tourreko talderik onenen pare dabil itzuli handi batean, eta azken txanpan ere zeresana ematen saiatuko da. Gaur 17. etapa jokatuko da, Aranda de Duero eta Guadalajara artean (Espainia), laua. Primoz Roglic da lider sendoa. Esloveniarrak 2023ra arte berritu du Jumbo taldearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.