Kalanbrea ematen duen «arte-faktua»

'Atera' diskoa plazaratu du Zea Maysek, bere ibilbideko hamargarrena, eta AEBetan ekoitzia. Taldeko kideek azaldu dute aurrekoak baino «gogorragoa» dela

Zea Mayseko lau kideek atzo aurkeztu zuten diskoa, Bilboko Kafe Antzokian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Bilbo
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Zea Maysek lan berria du kalean. Atera taldearen bederatzigarren estudioko diskoa da, hamargarrena 20 urte abesti bilduma kontuan hartuta. Autoekoitzitako diskoa da oraingoa ere, eta «kalanbrea» eman dezakeen «arte-faktua» dela adierazi du Gorka Urbizuk, Berri Txarrak-eko abeslariak, diskoa azaltzeko idatzitako testuan. Zea Mayseko lau kideek atzo aurkeztu zuten taldearen azken sormen lana, Bilboko Kafe Antzokian. Haien estiloari jarraituz egin dute Atera diskoa, eta grabatzeko orduan egin dituzte berrikuntzarik handienak.

Aiora Renteria, Ruben Gonzalez, Asier Basabe eta Iñaki Imaz Piti-k hogei urte baino gehiago daramatzate batera musika jotzen, eta Carles Campon Campi ekoizleak talde izaera hori indartzeko ahalegina egin du. Vetusta Morla eta Jorge Drexlerren diskoak nahastu ditu Campik besteak beste, eta harengan jarri dute konfiantza osoa Zea Mayseko taldekideek. «Talde solidoaren kontzeptua asko gustatzen zaio Campiri, eta, hori indartzeko asmoz, estudioan gu laurok bakarrik eta batera egotea nahi zuen», azaldu du Renteriak.

Horregatik ere, diskoko abesti guztiak estudioan grabatu dituzte laurek elkarrekin; azaldu dutenez, zuzeneko emanaldiarekin ahalik eta antzekotasun handiena eduki ahal izateko. «Elkarrekin jotzeko orduan, gure artean kontaktu bisuala eta fisikoa egoten da, eta horixe behar dugu Zea Maysen espiritua mantentzeko», goratu du Basabe taldeko bateria jotzaileak. Irailaren 1etik 9ra arte egin zituzten grabaketa guztiak, Renteriak kontatu duenez: «Inoiz ez dugu hain denbora gutxian disko bat grabatu; oso bizia izan da». Nahasketaz arduratu den teknikariak oso aldaketa gutxi egin dituela nabarmendu du taldeko abeslariak. Tempo bat aldatu eta errepikapenen bat kentzeaz harago, errespetatu egin du taldeko kideek bidalitako lehenengo maketa. New Yorken (AEB) egin dituzte nahasketak Hector Castilloren estudioan.

Aldaketarik handiena sintetizadorearen erabilera izan da, eta taldekideek esan dute zuzenekoetan ere eramango dutela. «Aurreko diskoarekin alderatuta, gogorragoa da disko hau. Gitarra gehiago sartu ditugu, zarata gehiago, fuzz gehiago... Ez dakit nahita egin dugun, baina horrela atera zaigu», aitortu du Imazek.

«Atera barruan dena. Egindakoa ahaztu dezadan», entzuten da diskoari izena ematen dion Atera abestian. Taldearen aldarria azaldu du Imazek: «Era positibo batean, barruan daukaguna atera nahi dugu, lokaletik atera, diskoa atera... betiere, ihes egin barik».

Eta, hain zuzen, atzerrira aterako dira gaur Ondarroan (Bizkaia) hasiko duten bira berrian. Paris, Berlin eta Amsterdamen joko dute, besteak beste. Euskal Herrian ere ariko dira, eta, aurreratu dutenez, abenduaren 20an kontzertua emango dute Bilboko Kafe Antzokian.

Diskoko 11 kantuen artean, Zintzilik kantua da diskorako propio egin ez duten abesti bakarra. Elkar diskoetxearen Gure oroitzapenak diskoan agertzen da, eta Joseba Sarrionandiaren hitzekin sortu zuten. «Pena bat iruditzen zitzaigun horrelako kanta berezi bat gure diskoetan ez egotea, eta, gainera, diskoaren izaerarekin bat zetorren», esan du Renteriak.

Duela bi aste kaleratu zuten diskoaren aurrerapen abestia, Kea, eta Txaber Agirrek eta Gaizka Izagirrek egin dute haren bideoklipa. Melodia sortu eta gero idazten ditu hitzak Renteriak, eta, «idazteko ohiturarik» ez daukanez, askotan «itota» heltzen dela kontatu du. «Haize orratzak bezalakoak garela, beti berdinak ez garela» jasotzen du abestiak. «Horretara zabaldu behar gara, bizitza gogorra da, baina aurrera jarraitzeko beharra daukagu». Kanta «berritzailea, dantzagarria eta jendearen buruan gelditu egiten delako» aukeratu dute musikariek.

Durangoko Azokan mahaia jarriko du taldeak, eta Ahotsenean ere izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.