Lana pilatu zaio

Athletic ligan ari da ordaintzen Espainiako Kopan egiten ari den ahalegina: bederatzi partida daramatza irabazi gabe. Hainbat arrazoi daude taldeak izan duen txakalaldi horren atzean.

Asier Villalibre, etsita, Celtaren aurkako partidan, San Mamesen. Aurrelariak min hartu du, eta zenbait astez egongo da jokatu gabe. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Kopa irabazteko aukerak sortzen duen ilusioarekin eta, era berean, taldea ligan erakusten ari den ezinarekin ari dira bizitzen azkenaldion Athleticeko jarraitzaileak. Ia lau hamarkada pasatu ondoren, taldeko kapitaina kopa altxatzen ikusteak poza eragiten du. Gertu eta, aldi berean, urrun ikusten den lorpen bat da.

Baina ligan izan duen beherakada ere zeresana ematen ari da. Bolada oso txarrean murgildu da Athletic: bederatzi partida daramatza irabazi barik. Jokoan egon diren azken 27 puntuetatik bost baino ez ditu eskuratu. Hala ere, sailkapenaren erdialdean dago: hamargarren da. Gora begiratuta, Europarako sailkatzeko aukerak ihes egin diola dirudi. Amildegira begiratuz gero, berriz, hamar punturen aldea izateak lasaitasuna ematen du. Athletic erdibidean geratu da: ez gora, ez behera.

Kontua da oraindik hiru hilabete geratzen direla liga amaitzeko, eta lanean jarraitu behar duela. Dinamika txarretik lehenbailehen irtetea ezinbestekoa da jokalariek konfiantza berreskura dezaten, galtzen ohitzen diren taldeei asko kostatzen baitzaie egoera iraultzea. Martxoaren 5ean Granadan (Espainia) jokatuko duen Kopako finalerdietako itzulikoari aurre egiteko ere lagunduko dio ligan irabazteak.

EMAITZA BOLADA TXARRA

Athleticek abendu hasieratik darama ligan irabazi barik. San Mamesen Granada 2-0 mendean hartu zuenetik bost partida berdindu ditu, eta lau galdu; azken hirurak, jarraian. Ordutik, ligako talderik txarrena da. Emaitzak eskasak dira. Beraz, normala da entrenatzailea eta jokalariak kezkatuta egotea.

Ia hiru hilabete irabazi barik daraman talde batek gabezia bat baino gehiago izan behar du, baina, ibilbide oker honetan, Athleticek ez du iparra galdu. Talde gisa funtzionatu du. Gehienetan ondo lehiatu da, eta, neurketa askotan, lortu duen uzta baino gehiago merezi izan du. Hala ere, futbolean alde handia dago merezi izatearen eta lortzearen artean. Emaitza txarrek lotura zuzena dute taldeak dituen pitzadurekin. Athleticen kasuan, nekea eta eraginkortasunik eza dira emaitza txarren arrazoi nagusiak. Zuri-gorrien jokoan garrantzi handia duten zenbait futbolarik erregai gutxi dute. Raul Garciak eta Yeray Alvarezek atsedena behar dute galdutako freskotasuna berreskuratzeko. Yuri Berchiche, berriz, minez ari da jokatzen.

Bestalde, jakinekoa da Athleticek zer arazo dituen golak sartzeko. Aurkari ia guztiek baino aukera gehiago eta garbiagoak sortu behar izaten ditu etekina lortzeko. Ondorioz, garesti ordaintzen ditu defentsan egindako akatsak. Hori gutxi ez, eta Asier Villalibrek min hartu du, eta zenbait astez egongo da jokatu gabe.

JOKALARIEN KUDEAKETA, EZBAIAN

Ez da ikerketa sakonik egin behar Gaizka Garitanok gustuko dituen jokalarien zerrenda egiteko. Jokalari bakoitzak jokatu duen minutu kopurua begiratzea nahikoa da bi talde nagusi daudela ikusteko. Bederatzi jokalarik 2.000 minutu inguru pilatu dituzte ligan. Hau da, zigorrik edo lesiorik ezean, beti daude hamaikakoan. Gainerako futbolariek teknikariaren konfiantza dutenek utzitako hondarrak jokatu dituzte.

Gutxi jokatu dutenen zerrenda luzea da. Batetik, Garitanok erakutsi du ez dela aldaketak egitearen zalea. Bestetik, agerikoa da teknikariak alde handia ikusten duela ohiko titularren eta gainerako futbolarien artean. Ez du federik taldean urte asko daramatzaten futbolariengan, eta bigarren taldetik igo dituen gazteei gorengo mailan lehiatzeko apur bat falta zaiela dirudi. Arrazoi bat edo beste tarteko, aldaketak egitea egokitu denean, taldeak ez du behar den moduan funtzionatu. Entrenatzailearen mesedetan, esan beharra dago taldearen ardura hartu zuenetik klubak ez diola ekarri lehiakortasuna handitu dezakeen inor.

INDARRA GALDU DU SAN MAMESEN

Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik, talde lana eta San Mames izan dira Athleticen gorakadaren giltza nagusiak. Joan den denboraldian ez zuen partidarik galdu etxean, eta, Valentziak zuri-gorrien bolada ona eten zuen arte, bide beretik segitu du sasoi honetan. Guztira hamazazpi partida errenkadan egin zituen galdu gabe. Baina, ordutik, gauzak aldatu egin dira. Aurkariek neurria hartu diote talde zuri-gorriari. Athletici lehen baino askoz gehiago ari zaio kostatzen San Mamesen irabaztea. Horrek isla izan du sailkapenean. Hamabostean behin jarraitzaileen babes handia izan arren —harmailek oso itxura ona izaten dute—, gotorleku izateari utzi dio. San Mamesen jokatutako azken lau norgehiagokatan bi puntu baino ez ditu lortu. Lau partida horietan gol bakarra sartu du, penaltiz.

GARITANO DA KLUBAREN APUSTU NAGUSIA

Garitano Athleticen aulkian esertzen denetik izan den emaitza boladarik kaskarrenean murgilduta dago talde zuri-gorria. Halere, Ibaiganen begi onez ikusten dute Garitanoren eta haren lantaldearen ekarpena. Ez da harritzekoa: lan ona egiten ari dira. Athletic zulotik atera zuten aurreko denboraldian, eta sasoi honetan oso ondo lehiatu da lehen erdian. Azken emaitza txarrek aldendu egin dute Europako borrokatik, baina Kopan bizirik dago. Taldea lehiakor izaten ari da. Ezin zaio askoz gehiago eskatu. Garitanok jarraitzea merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.