Palak ere eskatua du txanda

Palak hilaren 29an ekingo dio berriz lehiari, lau hilabeteko etenaldia izan eta gero. Innpalako arduradunak baikor dira, eta uste dute uda «salbatuko» dutela. Palistak, berriz, «gogoberrituta» daude, taldeka lanean hasi ostean. Jokatzeko «irrikan» dira.

Asier del Rio, Esteban Gaubeka eta Ibon Garate, aste honetan Bilboko Miribilla pilotalekuan egindako taldekako entrenamenduan. INNPALA.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Palak ere badu itzultzeko data: ondo bidean, hilaren 29an ekingo dio berriz ere lehiari, azken partida jokatu eta lau hilabetera. Zehazteko dago non izango den lehen jaialdi hori. Sopelan (Bizkaia) jokatzekoa zen, baina, azkenean, ez da han izango estreinakoa. «Aurki esango dugu non jokatuko den lehen jaialdi hori. Ziurra da hilaren 29an ekingo diogula berriro lehiari. Berri ona da», dio Josu Urkijo (Zalla, Bizkaia, 1972) Innpalako arduradunak.

«Pozik» dago Urkijo pala berriro martxan jarriko dela ikusita, «ezinegon handikoak» izan baitira azkeneko hilabeteak. «Ez genuen egoera honen amaiera ikusten. Horregatik, garrantzitsua da hastea. Uda pasatzen utzi izan bagenu, gaizki ibiliko ginateke». Itzuli arren, palak «kolpea» jaso duela dio. «Eta pena da, burua altxatzen ari baikinen».

Baina jada ari dira lanean kolpeari aurre egiteko. «Udarako ahal ditugun jaialdi gehien lotzen ari gara. Pilotariak berriz pilotari senti daitezen nahi dugu. Pixkanaka ari dira horretan, egoera zaila izan baita, are gehiago enpresak egindako aldi baterako erregulazioa dela eta. Handia izan da ezinegona, baina denok gure partetik jarrita egin dugu aurrera».

«Itxaropentsu» dira, udalekin izandako negoziazioetan, «prestasuna» ikusi baitute. «Ondo bidean, uste dut uda salbatu ahal izango dugula, eta astero partidak izango ditugula». Hala ere, «tentuz» jokatu nahi dute. «Batetik, osasun egoerak ona izan behar du, eta horri lotuta, argitzeko dago zein baldintza bete beharko diren; eta, bestetik, udalek azkeneko pausoa eman behar dute; batzuek zalantza egiten baitute, festarik egin ezean, eta pala jaialdi bat kontratatuz gero, jendea ez ote zaien gainera etorriko».

Urkijoren iritziz, «garai ona da gauza berriak probatzeko». Horregatik, «ahal diren herri gehienetan» jokatzen saiatuko dira. «Orain arte pala jaialdirik egon ez den tokietara iritsi nahi dugu». Horiez gain, «toki klasikoetan» ere egon nahi dute: adibidez, Bilbon, Miribillan, Aste Nagusiko datetan. Torneo «laburrak» jokatu nahi dituzte, eta esku pilotan egin nahi duten moduan, emaitzak kontuan hartuta, sailkapen nagusi bat osatu, eta uda amaieran final bat jokatu. Atseden hartuko lukete gero, eta ondoren etorriko lirateke txapelketa ofizialak, binakakotik hasita, urri amaieran.

Gaubekak zuriz jantzi nahi du

Itzuleraren eguna iristeko irrikan da Esteban Gaubeka (Armintza, Bizkaia, 1977). «Launaka entrenatzen hasi berri gara, eta horrek gogoberritzeko balio izan digu». Hala ere, jokatu nahi du. «Zuriz jantzi nahi dut». Ia hogei urte daramatza profesionaletan, eta inoiz ez zen egon horrenbeste denbora jokatu gabe. «Behin, eskuin eskumuturra hautsi nuen, eta igeltsua jarri zidaten. Hala ere, segituan hasi nintzen jokatzen, ezkerrarekin. Oraingoan, bi hilabetez egon naiz jokatu gabe, eta igarri dut txispa falta zaidala».

«Ondo» eraman du etenaldia, baina aitortu du «behera eginda» zegoela. «Hasieran, ondo eraman nuen egoera. Erraz betetzen nuen eguna: haurrei etxeko lanak egiten laguntzen nien; euskaltegiko lanak egiten nituen; baratzean aritzen nintzen; kirola egiten nuen; txandaka egiten nuen lan, etxean eta bulegoan [Asfedebin egiten du lan, Bizkaiko federazioen kontuak eramaten]... Gero, arintze fasea hasi zenean, abantaila izan genuen Armintzan, kirola egiteko mugarik ez baikenuen. Baina, azkenerako, luze egin zitzaidan egoera».

Horregatik, «izugarri» eskertu zuen lehenbizi herriko frontoian palarekin hasi izana, eta, aste honetatik, launaka entrenatzen hasi izana. «Lasaitua hartu dugu denok aldi baterako erregulazioa atzean utzita eta taldeka entrenatzen hasita. Ezinegona eragin digu aldi baterako erregulazioak, palaz jokatzeaz gain, lan ere egiten baitugu, eta, horren ondorioz, arazo batzuk egon baitira diru hori kobratzeko. Baina jada aurrera begira gaude. Jokatzen hasi nahi dugu, zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.