Donostiako Zinemaldia

Era guztietako gatazka soziala

11 ekoizpen lehiatuko dira aurten Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean. Horien artean, aurrez iragarritako bi euskarazko film daude: 'Ane' eta 'Hil kanpaiak'

Imanol Rayo eta David Perez Sañudo zinema zuzendariak, atzo, Donostian egindako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Donostia
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Hamabi herrialdetako 11 film izango dira Donostiako 68. Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean. Jakina zen bi euskarazko film lehiatuko zirela: David Perez Sañudo zinemagilearen Ane eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak. Munduko beste zenbait herrialdetako proiektuekin lehiatuko dira lanok: Brasilgo, Erresuma Batuko, Errusiako, Espainiako, Frantziako, Hego Koreako, Herbehereetako, Irlandako, Japoniako, Poloniako, Txinako eta Vietnamgo ekoizpenekin.

Jose Luis Rebordinos zinemaldiko zuzendaria oso pozik azaldu da euskarazko filmen presentziagatik. Izan ere, bi filmoz gain,beste euskarazko bat ere izango da, Akelarre, Sail Ofizialean. «Oso urte gutxitan izan dugu halako presentzia jaialdiko sailik garrantzitsuenetan». Hil kanpaiak Rayoren bigarren film luzea da, eta Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberria du oinarri, eta iragana eta oraina batzen dituen thriller bat da. Ane, berriz, abiadura handiko trenaren inguruko gatazkan girotuta dago, eta ama-alaba harremana du oinarri. Perez Sañudoren lehen film luzea da; baita euskarazko lehena ere. Aprieta pero raramente ahoga laburra aurkeztu zuen 2017an, Zinemira-Kimuak sailean.

Zuzendari Berriak saileko film gehienek gai sozialak lantzen dituztela adierazi du Rebordinosek: «Askotariko filmak ditugu, baina kutsu sozial handia dute gehienek. Immigrazioaren gaia jorratzen dute pare batek, adibidez».

Hautatutako lan guztietatik zazpi opera prima-k dira, eta gainerakoak, zinemagileen bigarren filmak. Isabel Lamberti La ultima primavera / Last days of spring lanarekin dator. 2015ean, Volando Voy film laburrari esker, Nest Donostia Zinemaldiko zinema ikasleen nazioarteko topaketakoTorino Award saria irabazi zuen. Joao Paulo Miranda Maria brasildarrak, berriz, Casa de Antiguidades / Memory house aurkeztuko du. Brasilgo egungo tentsio sozialak, pobrezia eta arrazakeria ditu argudio.

Grigori Kolomitsev Errusiatik dator. Ikusmira Berriak egonaldi programan izan zen 2018an, eta, orain, izaki mistiko bat aurkitzen duen haur baten istorioa dakar Chupacabra lanarekin.

Kim Mi-Jo korearrak bere lehenengo filma aurkeztuko du, Gal-mae-gi / Gull izenekoa. Lan horrekin, Jeonjuko zinema jaialdiko film onenaren saria jaso du. Emakume heldu baten bortxaketa istorioa kontatzen du filmak. Xingyi Dong txinatarrak, berriz, Ge sheng yuan he man ban pai / Slow Singing lanarekin egingo du debuta. Kartzelatik atera ondoren jaioterrira itzuli den gizon bat da filmeko protagonista.

Suzanne Lindon frantziarrak 16 printemps / Spring Blossom aurkeztuko du Donostian. 20 urte ditu, eta, filmeko zuzendari eta protagonista izateaz gain, gidoiaren egilea ere bada. Gizon heldu batenganako maitasunaren eta nerabezaroaz gozatzearen arteko borrokan dagoen neska baten istorioa du ardatz.

Bigarren filmarekin datozen zuzendarien taldean, Ben Sharrock eskoziarrak Pikadero aurkeztu zuen 2015ean, eta Limbor-ekin dator oraingoan; errefuxiatuen zailtasunei eta itxaropenari buruzko kulturarteko satirarekin. Piotr Domalewski poloniarrak Jak najdalej stad / I never cry ekarriko du, laneko istripu batean hildako aitaren gorpua berreskuratzeko Irlandara bidaiatzen duen neska gazte bati buruzko filma. Silent night filmarekin arrakasta handia lortu zuen 2017an,

Azkenik, Akio Fujimoto japoniarra izango da: 2017an Passage of life filmatu zuen, eta bi sari eskuratu zituen Tokioko Nazioarteko Zinemaldiko Asian Future sailean. Umibe no kanojotachi / Along the sea filmarekin dator oraingoan; emakume vietnamdar baten istorioa du argudio: ikastun tekniko gisa zuen lanpostutik ihes egin eta, familia mantentzeko, Japonian legez kanpo lanean hasten dena.

Zuzendari Berriak saileko film gehienak lehen aldiz ikusi ahal izango dira mundu mailan. Casa de antiguidades, Limbo eta 16 printemps filmak Cannesko zinema jaialdian izatekoak ziren, baina, pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu dira hango proiekzioak. Halaber, lan horien Europako estreinaldia Donostiako Zinemaldian egingo da. Gull filma ere lehen aldiz proiektutako da Koreatik kanpo.

Kutxabankekin elkarlanean

Kutxabankek beste urte batez babestuko du Donostiako Zinemaldia, atzoko prentsaurrekoan jakinarazi zutenez. 11 urte dira jada jaialdiaren babesle dela, eta jaialdiaren laguntzaile nagusia da egun. Ainhoa Arruabarrena Kutxabankeko Gipuzkoako sarearen zuzendariarentzat, ohore handia da beste behin elkarlanean aritzea: «Sail honek talentu berriak bilatzea du helburu, eta, egungo egoerak kultura mailan sortutako zailtasunak ikusita, garrantzitsua da babesa ematea».

Zuzendari Berriak sailean parte hartuko duten filmak Kutxabank-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko lehiatuko dira; 50.000 eurokoa izango da saria. Horrez gain, film irabazlearen zuzendariak zinemaldiaren itxiera saioko sari banaketan parte hartuko du, eta Kutxaren logoa jasoko du.

Rebordinosek esker ona azaldu dio Kutxabanki, osasun krisiak gauzak zail jarri arren zinemaldiaren aldeko apustua egin duelako beste behin. «Esfortzu handia izan da guretzat. Ohikoa ez den urte batean, ohikoa ez den lana egin behar izan dugu» aitortu du Arruabarrenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.