Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

Entzun bezainbeste bizitzeko musika

Musika Garaikideko zikloa hiru kontzertuk osatuko dute aurten. Emanaldiak San Telmo museoko elizan eta klaustroan izango dira, eta euskal konpositoreen piezek leku nabarmena izango dute

Zikloko antolatzaileak eta Laboratorio KLEMeko zenbait musikari, atzo, San Telmo museoan. JON URBE / FOKU.
Donostia
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da Donostiako 81. Musika Hamabostaldiaren Musika Garaikideko Zikloa. Laboratorio KLEM taldea arituko da gaur, San Telmo museoko elizan, 20:30ean. Sorkuntza joera berrien erakusleiho izango da zikloa, eta partitura berrienak zein XX. mendeko obra klasikoak entzuteko aukera izango du publikoak. Orain arte, Ganbera Zikloa bakarrik egin da San Telmo museoan, baina, aurten, Musika Garaikideko Zikloa ere bertan egingo da.

Laboratorio KLEMek Cantos de la piedra ikuskizuna emango du gaur. San Telmo museoko elizarako propio diseinatua da emanaldia, eta lekua bera, instrumentuak, musika elektronikoa, inprobisazioa, soinu instalazioak eta literatura uztartuko ditu. «Kontzertu bat baino gehiago, esperientzia bat izango da ikus-entzulearentzat», azaldu du Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak. Emanaldia inoiz ikusi gabea izango da, elizaren berezko ezaugarrietara egokitu baitute sorkuntza guztia. Elizaren barrunbeetan, zentzumen askoko soinu esperientzia berri bat izango da emanaldia, sortzaileen arabera.

«Musika sorkuntza berriak egiten saiatzen gara gure proiektuetan, eta duela zortzi urte beste musika esparru batzuetara hurbiltzen hasi ginen; beste diziplina artistiko batzuetara; dantzara, bideora eta soinu instalazioetara, besteak beste», adierazi du Iñigo Ibaibarriaga Laboratorio KLEM taldeko zuzendari artistikoak. Ikuskizuna lantzen urtebete baino gehiago eman dute. «Prozesua beti luzea izaten da guretzat. Izan ere, site specific perspektiba hartuta egiten dugu lan. Hau da, obra bera modu desberdinean egiten dugu agertoki bakoitzean. Leku bakoitzaren azterketa egiten dugu, eta tokiaren arduradunekin jarduten gara lanean; kasu honetan, Musika Hamabostaldiarekin. Lekua bisitatu, soinu probak egin, eta espazioaren inguruan hausnartzen dugu».

Cantos de la piedra obrak, Kantabriako (Espainia) bailara batean sortutako bi tradizio zahar ditu oinarri: hargintza eta kanpaigintza. Horien inguruko ikerketa lanak egiten aritu da taldea azken urtean, eta lanbideon garai onenak ekarri nahi izan dituzte gogora. Hargintzan eta kanpaigintzan aritzen ziren langileek katedral gotikoak eraikitzeko egiten zuten lan.

«Instrumentu akustiko eta elektrikoak soinu instalazioarekin nahastuko dira biharko emanaldian. Harriaren eta kanpaiaren soinuak zabalduko ditugu eliza osoan; soinu hauek barnetik lantzen saiatzen gara», adierazi du Ibaibarriagak. «Harriaren barruan soinu eta materia batzuk daudela diogu, eta benetako bihurtu nahi ditugu entzunaldi instrumental eta elektroniko honen bidez». Musika entzutea ez ezik, ikuskizuna hainbat esparrutatik dastatzea du helburu obrak. «Etorriko den ikus-entzuleak ez du beste inon izango esperientzia bera».

Gerhard eta Granados

Zikloaren bigarren kontzertua abuztuaren 17an izango da, San Telmo museoko klaustroan. Gerhard laukoteak bi hari kuarteto aurkeztuko ditu, taldeari izena ematen dion Roberto Gerhard musikariak konposatuak, bere heriotzaren 50. urteurrena gogora ekartzeko asmoz. «1939an, Erresuma Batuan erbesteratu zen, eta han egin zuen bere musika ibilbide osoa. XX. mendeko konpositorerik garrantzitsuenetako bat izan zen. Hemen ahaztu egin dugu, eta hori huts larria izan da, nire ustez», azaldu du Alfayak. Horretaz gain, Gabriel Loidi konpositore donostiarraren hari kuartetorik berriena ere joko dute. 2018an, Segovian estreinatu zuen, eta Donostian lehen aldiz entzuteko aukera izango da. Loidiren musika maiz interpretatu da Hamabostaldian: laugarren kuartetoa 2016an estreinatu zuen, Musika Garaikideko Zikloan.

Abuztuaren 22an, Granados laukoteak emango du kontzertua, klaustroan. Quadrupole da joko duten lehen lana: Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarraren bigarren hari kuartetoa. Era berean, XV. Pablo Sorozabal Nazioarteko Konposizio Lehiaketa irabazi duen obra estreinatuko dute, Francisco Dominguez konpositorearen Tarab, hain zuzen ere. Musikagileak Euskal Herriko Musikagileen Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatzen du urtero Pablo Sorozabal Nazioarteko Konposizio Lehiaketa. Jagoba Astiazaran izan da aurkezpenean elkartearen ordezkari gisa.

Kontzertua amaitzeko, Bela Bartok musikari hungariarrak 1909an konposatutako lehen hari kuartetoa interpretatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.