'Gernikako arbola' Euskal Herriko ereserkia izatea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 80 musikarik manifestu bat aurkeztu dute: «Heldu da garaia historikoki elkartu gaituen ereserki bat kantatzeko, joera politiko guztiak ados jartzen baikaitu».

Iruñeko Gaiarreren monumentu azpian, manifestua aurkeztu eta Gernikako arbola kantatu zuten atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
«Hemen gara Gernikako arbola-ren aldekoak». Gontzal Mendibilek, beste 79 musikari eta kantarirekin batera, Gernikako arbola ahanzturatik atera eta euskal ereserkia izatea aldarrikatu zuen atzo, Jose Mari Iparragirre kantuaren egilea sortu zeneko bigarren mendeurrenean. «Nahi dugu berreskuratu gure betikoa izan den kanta, Euskal Herriko ereserkia». 80 musikarik izenpetutako manifestuak adierazten du hutsune bat bete dezakeela 157 urte dituen abesti ezagunak. «Ea politikak batu ez duena musikak eta kulturak batzen duten, eta gure herria, gure kultura, gure euskara eta gure batasuna hortik datorren», azaldu zuen Mendibilek.



Egitasmoa Nafarroatik eta Iparraldetik bultzatu dute azken hilabetean. Proposamena egiteko leku berezia hautatu zuten Iruñean: Takonera parkeko Julian Gaiarre tenor erronkariarraren monumentuaren azpian. Mendibilen hitzetan, Gaiarre izan zen Gernikako arbola-ren «hedatzaile handienetakoa» Nafarroan, Pablo Sarasate musikariarekin batera.

Mendibilek gogora ekarri zuenez, Gernikako arbola «beharbada Euskal Herrian ikurrik eta musikarik esanguratsuena da, aniztasun handia baitu eta batasuna eskaintzen baitu, era guztietako herritarrak parte hartu bailezake bertan». Dena den, kantua «ia-ia galduta» egon dela deritzo.

Ereserki gabe

Manifestuan diotenez, hizkuntzak eta musikak herri gisa identifikatzen dute Euskal Herria, eta Axularrek 1643an sortutako Zazpiak bat leloa ere onartuta dago; baina ereserkirik ez dago. EAEk badu berea, 1983tik; Nafarroak ere bai, 1986tik; Ipar Euskal Herriak, berriz, ez du ereserki ofizialik. «Lurraldeon osotasunak ez du batuko gaituen ereserkirik».

Hala ere, euren ustez, 1853an sortutako Jose Mari Iparragirreren Gernikako arbola ereserki «ederra» da. «Nahikoa dugu oroimenean pixka bat lardaskatu jabetzeko badugula ereserki eder bat, gaurdaino elkartu gaituena eta, ulertezina bada ere, baztertua». Sortu zenean, berehala zabaldu zen, eta arrakasta handia izan zuen. «Inork ez du azalpen argirik zortziko hori zergatik hedatu zen horren laster».

Gogora ekarri dutenez, XIX. mende erditik, kolore politiko guztietakoek kantatu zuten: karlistek eta liberalek, errepublikazaleek eta sozialistek, kontserbadoreek eta iraultzaileek, abertzaleek eta nabarristek... Ezaugarri horrek ematen dio indarra, balioa. «Zer da, bestela, ereserki nazional bat, ez bada herritar guztiak kantatzera zirikatzen dituen hori?».

XIX. mende amaieran, foruak eta Euskal Herriaren batasuna gorpuztu zituen, euren hitzetan. Euskal Herriko eskualde guztietan hedatu zen, eta hala islatu zen: Erriberako makil dantzetan eto Zuberoako pastoraletan, errege-erreginen harreretan eta sanferminetan. Gerora ere, ikur bat izan zen: 1918an, foruak berrezartzearen mugimendua hauspotzean; 1931n, Espainiako Errepublikaren ezarpenean; edo 1934an, mugimendu autonomistan.

Manifestuaren arabera, frankistek eta naziek Gernika suntsitu zutenean, ordura arte «herriaren sinbolismoa harrotu zuen ereserkia pasatu zen izatera demokraziaren, bakearen, herri erresistentziaren munduko ikur, totalitarismoen aurrez aurre». Halaber, Hirugarren Reicharen gaineko garaipena ospatzeko, Gernikako arbola izan zen ereserki ofiziala Ipar Euskal Herrian 1949an, Frantziakoarekin batera.

Horregatik, manifestuaren sinatzaileek argi dute: «Heldu da garaia historikoki elkartu gaituen ereserki bat kantatzeko, gure herrialdeko joera politiko guztiak ados jartzen baikaitu». Hala, dei egin diote euskal gizarteari kantatzeko, Gernikako arbola berriz ere «puri-purian» jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.