Espazio publikoaren lehia

XIV. Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak espazio publikoa izango du ardatz, bihar hasi eta irailaren 27ra arte. Kalean ikusgai egongo dira lan gehienak

Manifestari talde bat Hong Kongen, 2019ko protestetan, poliziaren aurpegi identifikaziorako gailuei izkin egin nahian. THADDE COMAR.
Inigo Astiz
Getxo
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Bizkarrean behi erdibitu baten zama daramala sartu da harakina Algortako azokara (Bizkaia); oraindik elikagaiak deskargatzen dabiltza postu zabaldu berrietan, eta, dagoeneko, gizon bat eskean dabil sarreran, eraikinaren erdiguneko aretoan Sohei Nishino argazkilari japoniarraren Diorama map erakusketako irudiak ikusten diren bitartean. Munduko hamaika hiritan ateratako milaka argazki elkarren gainean metatuz egindako mapa modukoek osatzen dute bilduma, eta, besteak beste, Johannesburgo, Habana eta Istanbul irudikatzen dituzte. Trabarik gabe doa eguneroko bizitzaren jarioa haien inguruan. Izan ere, hamalaugarren edizioa du aurtengoa Getxophoto Nazioarteko Irudiaren jaialdiak, eta ohituta dago herria. Kalea da festibalaren gune nagusietako bat, eta egitaraua, ofizialki, bihar abiatuko den arren, herriko kaleetan eta plazetan jadanik ikusgai daude programaren parte diren hogei erakusketetako gehienak. Hain zuzen, hori izango du gai nagusia: kalea. Eta hortik leloa ere: Kalera!. Irailaren 27ra arte iraungo du festibalak.

«Pandemiaren aurretik ere hasia zen espazio publikoaren errekonkista moduko bat, digitalizazio, pribatizazio eta homogeneizazio nahiko bortitz baten ostean». Horregatik, Jon Uriarte jaialdiaren zuzendari artistikoak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979) espazio publiko horri erreparatu nahi izan dio. Londresko The Photoprapher's Gallery galeria entzutetsuko komisario digitala da egun, eta Getxophoto jaialdiaren datozen hiru ekitaldien komisario ere izango da. Dioenez, hasieratik izan zuen argi aurtengo gaia, eta koronabirusak indartu besterik ez du egin intuizio hori. «Pandemiak eraman gintuen harreman guztiak modu digitalean edukitzera. Ezinbestekoa zen eraldaketa horri erreferentzia egitea».

Muturrekoa da, adibidez, Ereaga hondartzan ikus daitezkeen Michael Wolfen argazkien kasua. Tokyo compression deitu du argazki bilduma egileak, eta hiri horretako metro erabiltzaileak dira lanaren protagonista. Lauso ikusten dira han bidaiari batzuen aurpegien lehen planoak, jendetzaren ondorioz erabat lurrundutako bagoien kristalen atzean: erdi pentsakor bata, aspertu antza beste bat, ezeroso guztiak; finean, izenburuak iradoki bezala, hiriak konprimituta.

Randa Mafoufi argazkilariaren lana ikus daiteke haren ondoan. Parisen ateratakoak dira irudiak, kasu honetan, baina ez da kokapena irudiek duten deigarriena. Generoak espazio publikoaren erabileran zer eragin duen aztertzen du artistaren lanak, eta, horregatik, emakumez beteta daude haren irudiak. Emakumez soilik. Gizonei eta emakumeei atxiki ohi zaizkien genero rolak iraultzea da Maroufiren asmoa, eta, hala, gizonei ikusitako keinu eta posturetan jartzen ditu emakumeak bere argazkietan, propio horretarako sortutako eszenaratzeen bidez. Les intruses deitu du bilduma egileak.

Kaleko protestak

Jaialdian bada kaleko protestei eta aldarrikapenei eskainitako erakusketa sorta bat ere. Zabala ikastetxeko hesian jarritakoa, kasu. George Georgiou argazkilariarenak dira irudiak; 2016an AEBetan egindako desfile politikoak erakusten dituzte guztiek. Desfilea ikusten ari den jendea erakusten dute argazkiek, ordea, eta urte hartan Donald Trump presidente bilakatzera eraman zuen gizartearen polarizazioaren erretratu bat eskaintzen dute, jaialdiko antolatzaileen hitzetan. Argi ikusten da, adibidez, auzo batzuetako miseria, eta, irudiz irudi, aldatuz doa parte hartzaileen profila.

Herriko gasolindegi abandonatuan kokatu dituzte Hong Kongeko 2019ko kale protesten irudiak. Thadde Comar argazkilariarenak dira irudiak, kasu horretan. «Kaleko protestak nola eguneratu diren» erakusten dute argazkiek, jaialdiko zuzendari artistikoaren hitzetan. Esaterako, argazkietako batean, manifestariak bola moduko bat bilakatzen dira, aterkiak baliatuz, poliziaren aurpegi antzemate sistemei izkin egiten saiatzeko.

Ezegonkortasun egoera

Edonola ere, komisarioaren hitzetan, programaren erdia hartzen dute espazio publikoan sortutako gatazkei eskainitako erakusketek, eta badira bestelakoak ere. Adibidez, postetxean ikus daitekeen bildumak konfinamendu garaian hainbat argazkilariren artean izandako hartu emanen berri ematen du.

Jaialdiaren kutsu herrikoia nabarmendu du Jokin Aspuru jaialdiaren zuzendariak. «Ez da adituentzako jaialdi bat; asmoa beti izan da ahalik eta jende gehienarentzat aritzea». Onartu duenez, pandemiaren ondorioz, bereziki zail egin zaie aurtengo egitaraua bukatzea, astez aste aldatzen baitzen egoera. Baina bi irizpide egonkor izan dituzte egoera aldakor horretan: proposamen artistikoen kalitatea izan da lehena, eta segurtasuna izan da bestea. Eta bi ideia horien uztarketaren ondorio da aurtengo programazioa, zuzendariaren hitzetan. Horregatik jo dute inoiz baino gehiago erakusketak kalean jartzera, eta horregatik sortu dituzte espresuki sarerako pentsatutako proiektuak ere.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: getxophoto.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.