Izotz munduan bidea eginez

Mikel Unanuek eta Oihane Otaegik brontzezko domina lortu dute World Curling Tour-eko Heracles mistoan, nahiz eta jokoarekin ez ziren ziren erabat gustura geratu.

Mikel Unanue eta Oihane Otaegi, Eslovakian lortutako garaikurrekin. PAULINA HAJDUK.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Curlingean bidea egiten aspaldi hasi ziren Oihane Otaegi (Donostia, 1977) eta Mikel Unanue (Donostia, 1982).Curlinga ez da oso kirol ezaguna Euskal Herrian, beste kirol batzuekin alderatuz gero. Zailtasunak zailtasun, aurrera jarraitu eta munduko onenekin lehiatzea lortu du Gipuzkoako bikoteak. Orain arte urrats dezente egin eta emaitza onak lortu badituzte ere, ez dira ase, eta gehiago nahi dute.

Joan den asteburuan brontzezko domina lortu zuen bikote donostiarrak World Curling Tour-eko Heracles mistoan, Bratislavan (Eslovakia) jokatutako proban. Txapelketa hirugarren postuan amaitu arren, Unanue ez zengustura gelditu egindakoarekin: «Pozik gaude lortutako emaitzarekin, baina ez zen hori gure helburua. Joko aldetik ez ginen gustura gelditu, eta txapelketa horretan horri eman genion garrantzia, ondo jokatzeari». Beren onenean ez zirela aritu uste du: «Hirugarren postu hori lortuta gauzak oso ondo joan zirela ematen du, baina ez zen horrela izan».

Euren buruarekin «zorrotzak» direla onartu dute, eta ez direla edozer gauzarekin konformatzen lehiaketetan. Bratislavako txapelketa jarri du adibide modura Otaegik: «Txapelketa amaitu baino lehen ere, hobetu beharreko gauzez aritu ginenhizketan gure artean. Egindako hutsak identifikatu, eta horiek nola zuzendu komentatzen ibili ginen».

Finalerdietan txapelketako garaileen aurka aritu ziren, Zuzana Paulova eta Tomas Paulen kontra. 4-8 galdu zuten bikote txekiarrarekin kontra. Partida hasieran «huts nabarmenak» egin arren, emandako itxuraz harro daudela dio Unanuek: «Nahi bezala ez hasi arren, ez genituen besoak jaitsi, eta borrokan jarraitu genuen. Amaieran galdu egin bagenuen ere, partidan berriz ere sartzea lortu genuen. Orain dela gutxi hori lortzea ezinezkoa izango litzateke guretzat. Onenen aurka gaizki hasiz gero, erraz galtzen genuen».

Bikote gipuzkoarra ez zen sasoi betean iritsi Eslovakiara. Otaegiri koronabirusa atzeman zioten aste batzuk lehenago, Bernako (Suitza) txapelketaren atarian. Berrogeialdia pasatu ondoren, aurretik zuen sasoia ez du guztiz berreskuratu oraindik. Bete-betean ez egote horrek prestaketan eragin die, eta entrenamendu gogorretako egunak gutxiarazi.

Txapelketetarako parte hartzeak baldintzatzeaz gain, bidaiak prestatzeko garaian ere hamaika buruhauste sortu dizkie COVID-19 gaitzak. Bratislavara hegazkinez joan zen bikote bakarra izan zen. Hala ere, ez zuten bidaia erraza izan.

Normalean, lehiaketa baino bizpahiru hilabete lehenago erosten dituzte hegazkineko tiketak.Azken txapelketa horretan, baina, lehiatzen hasi baino bi egun lehenago hartu zituzten Eslovakiara joateko hegazkinak eta hotelak. Hara ailegatzeko hiru hegazkin hartu behar izan zituztela nabarmendu du Unanuek: «Bilboko aireportutik Munichera joan ginen; ondoren, Munichetik Frankfurtera; eta, azkenik, Frankfurtetik Vienara. Han, auto batalokatu genuen, eta Bratislavaraino joan ginen». Azken momentuan bidaia gutxi hartu badituzte ere, horrelako bidaietan «nahiko esperientzia» badutela onartu dute. Baina beti izaten dira nekagarriak.

World Curling Tour txapelketak ere oztopoz beteta aurkitu du bidea. Proba asko bertan behera geratzen ari dira, eta Donostiako bikoteak bezalaxe, beste hainbat bikotek ere zailtasunak ari dira izaten bidaiatzeko orduan. Aurten horrelako probak aurkitzearen zailtasuna azpimarratu du Otaegik: «Oraingoz bi jokatu ditugu, eta beste pare bat jokatzeko asmoa daukagu. Hurrengoa hemendik bi astera izango da, Polonian. Urte amaieran jokatzekoa da bat, baina esan digutenez, abendu hasiera aldean jakinaraziko digute jokatuko den ala ez. Gainera, zure herrialdearen arabera, segurtasun neurri berezi batzuk bete beharra dituzu: PCR bat, berrogeialdia…». Esate baterako, Bernako txapelketara joateko PCR proba bat egin behar izan zuten; Bratislavan lehiatzeko, aldiz, antigeno test batekin nahikoa izan zuten.

Olinpiar Jokoak begiz jota

Ezarritako helburuak pausoz pauso bete, eta epe laburreko xedeei garrantzia ematen badiete ere, Pekingo (Txina) Neguko Olinpiar Jokoak buruan dituzte biek ala biek. Badakite sailkatzea ez dela erraza izango, baina lehiatzeko gogorik ez zaie falta. Bertan parte hartzea «ametsa» izango litzateke.

Pandemiak hankaz gora jarri du Olinpiar Jokoetara sailkatzeko sistema. Aurten jokatzekoa zen Munduko Txapelketan hasi behar ziren puntuak banatzen. Baina hori ere, beste hainbat txapelketa bezala, bertan behera geratu zen, eta antolatzaileek beste prozesu ezberdin bat jarri dute martxan. Aldaketa horrek beraientzat ondorio positiboak eta negatiboak izan dituelakoan da Otaegi: «Alde txarra da gu Munduko Txapelketarako sailkatuta geundela. Ona, berriz, hogei selekzio onenen arteko ligatik jaisteko zorian geundela, eta txapelketa jokatu ez denez, ez garela jaitsi. Hor goian irauteak aukera eman digu Jokoen atariko txapelketan aritzeko». Lan gogorra eginez jarraituz gero, sailkatu, eta «ametsa betetzea» lortuko dutela seguru da Unanue. Urte hasieran hasiko dute bidea, Jakan (Espainia). Malkartsua izango denarren, badakite nondik aurrera egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.