Organikoaren fikzioa

Toya Legido argazkilariak ehun irudi baino gehiago bildu ditu Donostiako Cristina Enea fundazioan, 'Herbaria' erakusketan. Mundu botanikoa dute ardatz; landaretza sormenerako langai

Azken hamabost urteetan ondutako obra bildu du Legidok erakusketan; irudian, «marrazketa naturala» deritzona. T. LEGIDO.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Hostoak, adarrak, loreak, sustraiak, algak, landare askotarikoak. Banan hartu, beste begirada batekin behatu, argiekin eta kontraargiekin jokatu, eta mundu berrietarako langai bihurtu. Sormen lan horretan dihardu Toya Legidok (Albacete, Espainia, 1968) azken bolada luzean, beste zereginetatik kanpo obra pertsonala lantzeari ekiten dionean. Argazkilaria da, bai eta argazkigintzako irakaslea ere Madrilgo Complutense Unibertsitateko Arte Ederren fakultatean, eta fantasiazko natura batena da kamera soinean sortzen diharduen mundua, non haragizko landareak, belar-intsektuak eta beste hainbat mikromundu elkarrekin bizi diren. Horren erakusgarri da Cristina Enea fundazioaren laguntzaz Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean jarri duen erakusketa, Herbaria, zeina ekainaren 13ra arte bisitatu ahalko den.

Azken hamabost urteetan onduz joan den obra bildu du Legidok erakusketan. Ehun iruditik gora dira denera, eta ideia batek biltzen ditu denak: botanikaren ardatzak. Denek dute, halaber, antzeko teknika forma aldetik: tokatzen den elementua hartu, estudioan argiztatu, argazkia egin, behar denean digitalki tratatu, eta, kasurik gehienetan, kotoi paperean inprimatuta daude, tinta pigmentatuekin. Legido: «Landaretzaren inguruan oinarritzea da obra honen guztiaren funtsa; materia organikoarekin oinarri hori beste begirada batetik behatu eta lengoaia artistikoarekin uztartzea».

Hiru areto hartzen ditu erakusketak: eraikinaren sarrera ondokoa eta goiko pisuko bi guneak. Aurrenekoan, egilearen etapa banatako obra bana nabarmentzen dira. Lehena, udazkeneko koloreekin osatutako kolore-paleta bat —«egin bitartean, koloretako orriak baino ez nituen ikusten; ikaragarria da gamaren norainokoa»—, eta bestea, Beste mundu bateko loreak seriea, Legidok «planeta osoki begetal» baten ideiari tiraka landutakoa. «[Joan] Fontcubertaren herbario famatuan inspiratuta dago hein batean», aitortu du argazkilariak.

Unibertsitateko jardunaren barruan, artearen, zientziaren, naturaren eta, are, ondarearen arteko harremanak aztertzen aritu da Legido, eta ikerketa talde horietatik sustatutako proiektuen isla ere jasotzen du erakusketak, mikroskopioetako irudi formen bitartez, adibidez. «Erakusketa kolektiboak egin ditugu, komisariatutako proiektuak eta lan asko museoetako eta unibertsitateko funtsekin: botanikako tratatuak, argazkigintza zientifikoa, zientziarako eraikitako eskulturak... Material harrigarri eta interesgarria dago hor».

Uste du alor horien arteko hartu-emanak, oro har, uste den baino dezentez «lausoagoak» direla: «Artea, zientzia eta natura elkarrekin garatu eta hazi diren ezagutza eremuak dira; ez dira batere argiak haien arteko mugak, beraz». Adibideekin esanda: «Natura hila, esaterako, pintura barrokoko genero bat izan zen, baina jaio, zientziatik jaio zen: tokian tokiko landareak eta intsektuak dokumentatzen hasi ziren arte ez zen halako irudirik agertu artean. Arte abstraktua ere mikroskopioa asmatzean garatu zen. Hibridazio handia egon da beti; kutsatutako lengoaiak dira».

Lore-intsektu, belar-bulba

Goiko aretoetako batean —eskailerak igo eta eskuinekoan—, lan berriena eta orain arte ikusgai jarri gabea bildu du Legidok, zeinaren ideia «naturari berari margotzen uztean» datzan. Argazkiak daude irudi horien oinarrian ere, baina argiak naturako elementuen kontra sortzen dituen irudiei eginak, eta, horregatik, egileak «marrazketa naturala» deitzen die —paper japoniar gardenago batean inprimatu ditu horiek—. «Edozein unetan sortzen dira marrazki hauek; adar batzuk zeruaren kontra, esaterako. Begiratzea baino ez da behar».

Luis Castelorekin elkarlanean landutako Robinson Crusoeren bidaia —«instantaneoak diruditen baina guztiz faltsuak diren irudiak dira»—, intsektuen elementuekin kamuflatzen diren loreak —«naturan gertatu ohi denaren kontrara»—, denboraren joana lantzen duen vanitas begetal bat eta belar-bulbak —«zuzendu nuen tesi batetik abiatutako lan bat da, zeinak erakusten zuen artea zein falikoa izan den 1960ko hamarkadara arte»—. Horiek ere hartzen ditu Herbaria-k, besteak beste. Horiek ere ikuslearen begiradan eragin nahi lukete. Legido: «Garrantzitsua da begirada heztea eta begia non jartzen dugun ohartzea, eta non ez; hau dena inguruan dugu, eta begiratzen ikastea aski da ingurua lilura eta errespetu gehiagoz bizitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.